Errinozero gris bat Miramonen

Adegik eraikin berri bat inauguratu du: Fabrika. Patronalak lurraldean garatu nahi duen «kultura berria» lantzeko espazioa izango da. Enpresetan «aldaketa handiak» datozela ohartarazi dute.

Ekonomiako eta politikako ordezkaritza zabala izan zen atzo Adegiren Fabrikaren aurkezpenean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2023ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Errinozero gris bat ibili zen atzo eguerdian Donostiako Miramongo parke teknologikoan alderrai. Inork ikusi ez, baina haren ibileren berri izan zuten askok; galdetu bestela Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkartearen ekitaldian parte hartu zutenei. Patronalak eraikin berri bat inauguratu zuen —Fabrika—, eta han izan zirenek errinozeroen inguruko aipamenak entzun zituzten, baina baita sokatirari eta arraunari buruzkoak ere, bereziki Jose Miguel Aiertza Adegiko zuzendari nagusiaren ahotan. «Datozen aldaketez eta erronkez» mintzatu zen, digitalizazioaz, trantsizio energetikoaz, demografiaz, eta horiei beste bat gaineratu zien: trantsizio kulturala. Horri deitu zion errinozero grisa.

Irudi hori lehen aldiz 2013ko Davosko foroan erabili zuen Michele Wucker analista ekonomiko estatubatuarrak, erreferentzia egiteko litekeena den gertaera bati, inpaktu handikoa, baztertu egiten dena edo alde batera uzten dena, behar bezain serio hartzen ez delako. Aiertzaren irudiko, «enpresa kultura» da errinozero horietako bat. Ohartarazi zuen enpresa ulertzeko moduan eta langileen arteko harremanak izateko eran aldaketa handiak datozela, eta horri ezikusia egiten dionak arazo handiak izango dituela. Haren irudiko, jauzia egin behar da gatazka irudikatuko lukeen sokatiratik enpresa bateko kide denek norabide berean arraun egingo luketen trainerura. «Elkarrekiko konfiantzan oinarritutakoak izan behar dira enpresa harremanak», azpimarratu zuen Aiertzak.

Langileak ez, pertsonak

Ohi bezala, ez zuen langile hitza behin ere erabili, ez berak ez ekitaldian hitz egin zuen beste inork. Horren ordez, pertsonak. «Enpresa osatzen dugun pertsonak». Oholtzara igo zirenen artean ere hizkuntza bat nagusitu zen: gaztelania. Euskara apur bat entzun zen Aiertzaren hasierako hitzetan, eta euskara eta gaztelania tartekatu zituen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.

Enpresa kultura berriaren kontzeptua aurreko hamarkadan hasi ziren lantzen Adegin. Eta atzo ofizialki inauguratutako eraikinarekin ideia hori «gorpuztu» dutela nabarmendu zuen Aiertzak. Baina zer da Fabrika? «Enpresak kultura berrirako prestatzeko errendimendu handiko zentro bat». Beste era batera esanda, han dauden baliabideak —eraikina, «bideratzaileak» edo aholkulariak...— eskura jarriko ditu patronalak, enpresek eta langileek «trantsizio» hori batera egin dezaten.

Hainbat programa dituzte horretarako, Juan Manzisidor Fabrikako zuzendariak azaldu zuenez: komunikazioa lantzeko, parte hartzea sustatzeko... Eta «metodo zientifiko» bat, «sistema konplexuen teorian oinarritutakoa». «Guk harremanak lantzen ditugu, ideiak nola sortzen diren, konfiantzak nola kudeatzen diren... Enpresen emaitzak hobetzea bilatzen dugu, baina bereziki pertsonak haztea eta hobeto sentitzea enpresa den proiektu partekatu horretan», azaldu zuen Manzisidorrek. Edozein enpresak edo erakundek parte har dezake, eta formakuntza saioetarako ez ezik, bileretarako eta aisialdirako guneak ere badituzte Fabrikan.

Miramongo parke teknologikoan dago, Adegiren egoitzatik gertu eta Gipuzkoako Batzar Nagusien ondo-ondoan. Sei milioi euro kostatu da, eta 600.000 euro Foru Aldundiak jarri ditu. Emandako babesagatik Markel Olano ahaldun nagusiak sari bat jaso zuen, egurrezko traineru txiki bat, eta opari bera eman zioten Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuari, «bidaia honetan luxuzko bidelagun izateagatik». Haiek ez zuten hitza hartu; bai, ordea, Urkullu lehendakariak, eta azpimarratu zuen halako egitasmoak ezinbestekoak direla gizarte «aurreratu eta justuago» bat eraikitzeko. Eduardo Junkera Adegiko presidenteak, berriz, nabarmendu zuen Fabrika «Euskadira eta mundura» irekitako «herri proiektu bat» dela.

Ekitaldian, Gipuzkoako enpresetako buru ugari egon ziren. CEOE Espainiako patronaleko buru Antonio Garamendi ere gonbidatu zuten, eta harentzako esker hitzak izan zituzten Adegiko buruek. Erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkaritza zabala egon zen: Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria... Han izan ziren, halaber, hurrengo udal eta foru hauteskundeetan EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren Donostiako eta Gipuzkoako zerrendaburuak: Eider Mendoza eta Eneko Goia; Jose Ignacio Asensio eta Marisol Garmendia; eta Maddalen Iriarte eta Juan Karlos Izagirre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.