Erretreten erreformaren kontrako borroka ez da bukatu sindikatuentzat

Grebara eta mobilizatzera deitu dute astearterako, eta manifestazioa eginen dute Baionan

Intersindikalaren agerraldia, atzo goizean, Baionan. PATXI BELTZAIZ.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Nor hatsantuko da lehenago, sindikatuak ala Frantziako Gobernua? «Mobilizazio bat heldu den aldi oro galdetzen diguzue ea mobilizazioaren hatsantura den, eta gero milaka pertsona ateratzen dira karrikara», adierazi du FO sindikatuko Herve Larrouquertek. «Ez dugu laxatuko! Haiek ere ezingo dute etengabe atxiki, ez dituzte lau urte iraunen; gobernua hatsantzen ari da», FSUko Barthelemy Mottayren hitzetan. Heldu den asteartean eginen duten greba eta mobilizazio egunaren harira, prentsaurrekoa egin du intersindikalak Baionan, eta argi mintzatu dira: «Bataila ez da bukatu». Ekainaren 6an manifestazioa eginen dute Baionan, 10:30ean, geltokitik abiatuta.

Erretretarako adina 62 urtetik 64ra gibelatuko duen lege erreforma apiril erdian promulgatu zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Hortik gutxira, ehun eguneko epea iragarri zuen, «herrialdea baretzeko». Baina ez da hala izan: Frantziako Gobernuko ministro batek bidaia bat egiten duen bakoitzean, dozenaka herritarrek egiten diote harrera, kazolak eskuan harrabotsa eginez; maiatzaren 1ean, milaka pertsona mobilizatu ziren erreformaren kontra. Eta, azken egunetan, Frantziako Asanbleara itzuli da gaia, oposizioko talde bakoitzak urtean behin izaten duen txokoa baliatu baitu LIOT taldeak erretretaren adina berriz 62 urtetan ezartzeko lege proposamena egiteko.

Bozka galtzeko beldur zenez, 49.3 artikulua erabili eta dekretuz onartu zuen erreforma Frantziako Gobernuak martxoan. Bozka hori egitera behartzea da LIOTen helburua, gobernua gutxiengoan uzteko aukera dagoela sinetsita. Baina hor ere prozeduraren zirrikitu guziak erabiltzen ari dira, eta ikusteko dago ekainaren 8an diputatuekaukera izango ote duten erretretaren adinari buruz bozkatzeko. Mobilizazio jendetsua antolatuta, horretarako presio egin nahi dute sindikatuek. «Bozkarik ez bada, goiz ala berandu lehertuko da», CGTko Patricia Gloryren erranetan.

Orain artekoaren balorazioa egiteko ere baliatu dute sindikatuek. Azpimarratu dute aspaldi ez zutela hain mobilizazio jendetsurik ikusi, baina ahultasunak ere onartu dituzte: «Ez dugu lortu ekonomia blokeatzea», Larrouquerten hitzetan. Langileek greba egiteko dituzten zailtasunak aipatu dituzte nagusiki. «Greba orokor bat ezin da dekretuz erabaki», Gloryren eta beste batzuen iritziz.

Frantziako Gobernuaren lerratzea ere nabarmendu du CGTko eledunak, hitz gogorrekin. «Poliziaren errepresioa etengabekoa da, kazolekin protestan ari direnen kontra ere bai. Ezin dugu gure hautetsiekin hitz egin; ezin dugu desadostasuna erakutsi. Metodo faxistak dira».

Intersindikalean onartzen ez badute ere, LABek ere deitu du astearteko mobilizaziora. «Demokrazia gogorki ukatua izan arren, poliziak, justiziak eta patronalak jasanarazten diguten zapalketa gero eta bortitzagoa izan arren, ez dugu gibelera eginen», adierazi dute ohar batean. Herenegun, Medef nagusien mugimenduaren egoitzan izan ziren FSU eta Solidairesekin, eta erreformaren kontrako afixak kolatu zituzten ate gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.