Protesta egun handien artean, mobilizazio txikiagoekin eutsi nahi diote Ipar Euskal Herriko sindikatuek erretretaren erreformaren aurkako mugimenduari. Asteartean Florence Lasserre eta Vincent Bru diputatuen bulegoen aitzinean batu ziren, Angelun (Lapurdi), erreformaren kontra bozka dezatela eskatzeko. Atzo, berriz, Baionako portuaren sarrera bat blokeatu zuten.
Bokale-Tarnoseko CGTk deitu zuen protestara, eta harekin bat egin zuten LAB, Solidaires eta FSU sindikatuek. Zamaketariek eta portuetako bulegoetako langile batzuek deiari erantzun zioten. Guztira, ehunen bat lagun batu ziren portuaren sarrera batean, Tarnosen (Landak, Frantzia), eta instalazioa blokeatu zuten. Poliziak han izan ziren, baina ez zuten esku hartu.
Sindikatuetako ordezkariek azaldu zutenez, erretreta 62 urtetik 64 urtera gibelatzea da erreformaren aurka manifestatzeko arrazoi nagusia, eta ziurtatu zuten 64 urtekoa dela, hain zuzen ere, bizitza osasuntsuaren batez besteko adina.
Portuetako langileak ez ezik, beste batzuk ere deitu ditu greba egitera CGT sindikatuak, Frantzian: findegietan, zentral nuklearretan eta, oro har, energia sektorean. Euskal Herrian, berriz, Sohütako (Zuberoa) Intermarche saltokiaren aitzinean izango dira gaur LABeko kideak, erreformaren aurkako agiriak banatzen; bihar, berriz, Mauleko plazan bilduko dira.
Protesta horien helburua da Frantziako Gobernuak bertan behera uztea erretretaren adin ofiziala 62 urtetik 64ra gibelatzeko erreforma. Gobernuak iragan astelehenean onartu zuen proiektua, eta astelehenean iritsiko da Frantziako Asanbleara, han eztabaida has dadin.
Eztabaida sutsua espero da, ez baitago erreformaren aldeko iritzi nagusirik. Erabat kontra azaldu dira NUPES ezkerreko koalizioa. eta RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdia. Baina arrakalak agertu dira ustez erreformaren alde dauden taldeen artean ere. Macron babesten duten zentro-eskuineko taldeetako diputatu batzuek esan dute ez dutela aldeko botorik emango; aurkako iritziak are gehiago hedatu diraLR Errepublikanoak eskuineko alderdiaren barruan ere, zuzendaritzak aldeko mezua zabaldu arren. Gaur-gaurkoz, ez da batere ziurra erreformak beharrezkoak dituen botoak eskuratuko dituela.
47-1 eta 49-3 artikuluak
Protestak protesta, Macron presidenteak aldarrikatu du ez duela amore emango. Parlamentuaren oniritzia lortuko ez balu, erreforma onartzeko beste bi tresna ditu: Frantziako Konstituzioaren 47-1 eta 49-3 artikuluak. Modu horiek «demokraziaren lapurreta» direla salatu du ezkerrak.
Erreforma parlamentura iritsi eta hurrengo egunerako, astearterako, erreformaren aurkako bigarren mobilizazio eguna antolatu dute Frantziako zortzi sindikatu nagusiek. Baionan, Santa Ursula plazan bilduko dira, 10:00etan. LABek ez du intersindikalean parte hartzen, baina hark ere deitu du protestara.
Lehenengoa duela astebete izan zen, eta oso erantzun zabala izan zuen, bai Frantzian baita Ipar Euskal Herrian ere. Baionan 9.000 eta 10.000 lagun artean batu ziren erretreten erreforma «injustu eta bortitza» gelditzeko asmoz. Azken urteetan ikusi diren mobilizaziorik jendetsuenetako bat izan zen.
Erretreten erreformaren aurkakoek Baionako portua blokeatu dute
Erretreta gibelatzeko proiektuari buruzko eztabaida astelehenean hasiko da Frantziako Asanblean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu