Erretreten erreforma

Erretreten erreforma «injustu eta bortitza» salatu dute milaka jendek Baionan

Sindikatuen iritziz, gaur egungo sistema osasuntsu dago, eta erreforma ez da beharrezkoa. Frantziako Gobernuak gibel egitea lortu nahi dute

Manifestari gazte bat «Eta nire erretreta, noizko?» dioen afixarekin, atzo, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Lehen manifestazioa markagailu bat izan ohi da mugimendu sozial batek izanen duen indarra neurtzeko. Euria goitik behera ari zuen atzo goizean Baionan; hotza, haizea. Hala ere, 9.000 eta 10.000 jende artean bildu zen Frantziako Gobernuak egin nahi duen erretreten erreforma «injustu eta bortitza» gelditzeko asmoz. Azken urteetan ikusi diren mobilizaziorik jendetsuenetakoa. Deialdia ere araberakoa zen: CDFT, CGT, FO, CFE CGC, CFTC, UNSA, Solidaires eta FSU sindikatuek osatu dute intersindikala, LAB eta ELB ere batu dira Baionako mobilizaziora, eta ezkerreko alderdi nagusiek ere mobilizatzera deitua zuten. Helburu bera aipatzen zuten guziek: karrikako presioaren bidez gobernua gibel egitera behartzea.

Erreformaren bidez erretiroa hartzeko adina 64 urtera gibelatzea da Emmanuel Macron Frantziako presidentearen asmoa, baina langile gehienek hori baino gehiago egin beharko dute pentsio osoa lortzeko 43,5 urte sari beharko direlako. Hori da Christophe Briseren kasua. 53 urte ditu, eta ekoizpen arloan lan egiten du Angeluko (Lapurdi) Dassault enpresan. Gaur egun, 62 urterekin hartuko luke erretiroa; erreformarekin 65 urte arte itxaron beharko duela erran du. «Berrogeita hamar urteko gibelapen soziala da, onartezina da», salatu du.

Frantziako Gobernuaren hitzetan, gaur egungo erretreten sistema defizitarioa izanen da hemendik urte batzuetara. Horrek justifikatzen du erreforma egiteko beharra. «Kutxa ez da hutsa, ez da zilorik. Ez zen batere presarik halako erreforma bat egiteko», Jean Pierre Etxeberri CFDTko kidearen hitzetan.

Ildo beretik jo du Argitxu Dufau LAB sindikatuko Ipar Euskal Herriko koordinatzaileak ere: «Langileei eskatzen diete beti faktura pagatzeko, alta, aberatsak ez dira nehoiz hain aberatsak izan. Erretretak pagatzeko dirua bada. Dagoen sistema bizirik da, eta osasuntsua da». Haren iritziz, erreformak ez du arrazoibide ekonomikorik. «Bere ideologia liberal eta kapitalistari erantzuten dioten helburu politikoak bete nahi ditu Macronek».

Haserre mintzatu da Peio Dufau trenbideetako langile eta CGTko kidea ere. Azken urteetan, behin baino gehiagotan mobilizatu dira erretreten harira; 2020an, ordura arte zuten erregimen berezia kendu zieten trenbideetako langileei. Erreforma honen bidez, erregimen berezi gehienak ezabatu nahi ditu Frantziako Gobernuak. «Erreforma honekin denek gehiago lan egin beharko dugu, diru gutxiago irabazteko. Haserrea orokorra da. Dirua bada, gero eta gehiago batzuentzat; baina, jende xumeenentzat murriztu nahi dute».

Irautea da gakoa

Sindikatuen batasuna da atzo abiatu zen mugimendu sozialaren berritasunetako bat. Aspaldi ez ziren CGTko eta CFDTko banderak elkarren ondoan ikusi. «Erreformak banaka aztertzen ditugu, eta hau bereziki bortitza da. Onartezina da», esplikatu zuen atzo CFDTko Etxeberrik. «Negoziazioak biziki gaizki pasatu dira, egin duten gauza bakarra izan da jadanik hartua zuten erabakia jakinaraztea. Hori ez da negoziazio bat. Horregatik erabaki dugu karrikara jaustea».

Peio Dufauren hitzetan, «aspaldi» ez zuen «hainbeste» jende ikusi Baionako karriketan. «Frantziako Gobernua oztopatu nahi badugu, mobilizazioa azkarra izan beharko da». Ikusteko dago zer bilakaera hartzen duen ondoko asteetan, bereziki sektore jakin batzuetan: garraioak, energia... aitzineko erreformen kontrako mugimenduetan horiekmobilizatu dira gehien.

Argitxu Dufauren ustez, «borroka molde berriak» ere asmatu beharko dituzte.«Badakigu greba egitea gure tresna garrantzitsua bada ere lansariak oso apalak direla eta gero eta zailagoa dela. Nahitara egina da hori. Gureustez, mobilizazio dinamikaksegitu behar du, eta borroka osagarri batzuk ere asmatu beharko ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.