Erretiro partziala erreformatzeko akordioa egin dute Madrilen

Espainiako Gobernuak, CEOEk, CCOOk eta UGTk hitzartu dute akordioa. Erretiro partziala hiru urtera luzatuko da, erretiro aktiboa eskuratzea erraztuko dute, eta prozedura orokor bat ezarriko da erretiro aurreraturako lanbide nekez eta arriskutsuetarako.

Elma Saiz Gizarte Segurantzako ministroa, astelehenean alde guztiekin egindako bileran. ZIPI ARAGON / EFE
Elma Saiz Gizarte Segurantzako ministroa, astelehenean alde guztiekin egindako bileran. ZIPI ARAGON / EFE
Irune Lasa.
2024ko uztailaren 31
14:40
Entzun

Urte politikoaren bilana egiteko hitzaldian eman du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak pentsio sistemaren inguruko azken akordioaren berri. CEOE patronalaren batzorde exekutiboak ia aldi berean onartu du hitzartutakoa, eta CCOO eta UGT sindikatuek aldaketen onurak azpimarratu dituzte. Sanchezen arabera, akordioari esker «hobetu egingo da pentsioaren eta lanaren arteko bateragarritasuna, pertsona bakoitzari egokitutako erretiro malgurako ibilbidea bermatuz».

Abendutik abian izan diren negoziazioak bizkortu egin dira azken asteetan, eta aldeek uztaila jarri zioten epemugatzat euren buruei. Atzo bertan, azken aldaketak eztabaidatzen jardun ziren patronala eta sindikatuak, baina CEOEk berak iragarri zuen batzorde exekutiboa gaur bilduko zela. Erretiro pentsioa eta lana bateragarriago egiteaz gain, akordioak prozedura berria ezarriko du erretiro aurreraturako, «lanbide bereziki gogor, arriskutsu eta arriskugarrientzat», azaldu du Sanchezek.

Erretiro partziala

Bi urtetik hirura luzatuko da hura erabiltzeko baimendutako epea, 62 urtetik aurrera, betiere pertsonaren kotizazio ibilbidearen arabera. Hori bai, lanaldiaren gehieneko murrizketak ezarri dira: erretiro partzialaren azken bi urteetan gehienez %75ekoa izango da murrizketa, eta lehen urtean, %33koa. Sindikatuek lortu dute gobernuaren asmoei gailentzea, eta lanaldi partzialeko orduak pilatu ahal izango dira, orain arte bezala, denbora tarte bakar batean. Aurrerantzean ere baldintza izango da 33 urte eta sei hilabete kotizatuak izatea eta enpresan sei urteko antzinatasuna izatea.

Haren postua beteko duen langilearen errelebo kontratuaren baldintzak hobetuko direla ere azaldu dute sindikatuek, kontratu horrek mugagabea izan beharko duelako, lanaldi osorako eta amortizagarria ez den lanpostu batean. 

Gaur egun, manufakturetako langileek baldintza errazagoak dituzte erretiro partzialerako, eta horiek aldatu nahi zituen gobernuak, baina akordioak jasotzen du baldintza horiek luzatu egingo direla 2029. urte amaierara arte. 

Erretiro aktiboa

Errazagoa izango da pentsioa kobratu eta aldi berean lanean jarraitzea. Izan ere, aukera hori lortzeko baldintza bat desagertu egingo da, eta jada ez da beharrezkoa izango kotizazio ibilbide osoa edukitzea; alegia, oinarri arautzailearen %100 jasotzeko eskubidea izatea. Sindikatuak hori lortzeko borrokatu dira, kontuan izanda mesede egingo ziela lan bizitza okerragoak izaten dituzten emakumezkoei. 

Eutsi egingo zaio erretiroa hartzetik erretiro aktiboan sartzeko urtebeteko epeari, eta, ordutik aurrera, lanean ari den pertsonak pentsioaren %45 kobratuko du lehen urtean, %55 bigarren urtean, %65 hirugarrenean, %80 laugarren urtean, eta pentsioaren %100 bosgarren urtetik aurrera. 

Orain arte, erretiroa eta lana bateratzen zituzten langileek pentsioaren erdia kobratzen zuten. Euren kargu langileak dituzten langile autonomoek, berriz, pentsioaren %100 kobratu zezaketen. Azken horien kasuan, bateragarritasun hori murriztu egingo zaie, hasieran pentsioaren %75 kobratu ahalko baitute soilik, gero urteekin %100era iristeko. 

Erretiro atzeratua

Erretiro adina izanagatik ere bere lanean jarraitzea erabakitzen duen beharginarentzat pizgarriak handitu egingo dira. Gero kobratuko duten pentsioan %4ko pizgarria izango dute, erretiroa atzeratzen duten urte bakoitzeko. Bigarren atzerapen urtetik aurrera, %2ko pizgarri bat gehituko zaie pentsioan, sei hilabetetik gora eta urte betetik azpira egin badute lan. 

Atzerapen pizgarri horiek, gainera, bateragarriak izango dira erretiro aktiboarekin. 

Erretiro aurreratua lan nekezetan

Lanbide bereziki nekez eta arriskutsuetako beharginek pentsioetan kalterik izan gabe erretiro aurreratua hartzeko aukeraren inguruan ere aldaketak dakartza akordioak. Orain arte, sektoreek Gizarte Segurantzarekin negoziatzen zuten zer koefiziente ezarri helburu horretarako, eta, orain, prozedura orokor bat ezarriko da koefiziente horiek eskatzen dituzten lan arlo guztien eskariei erantzuteko.

Aldizkako langile finkoen erretiroa

Akordioarekin, berreskuratu egingo da 1,5eko koefizientea aldizkako langile finkoentzat. Hala, sei hilabete kotizatu badituzte, bederatzi hilabeteko kotizazioa kontatuko zaie. Lanaldi partzialean aritutako aldizkako langile finkoen kotizazioan Gizarte Segurantzaren arau orokorra aplikatu da, hots, altan egindako egun bakoitza kotizatutako egun oso baten moduan aitortuko zaie.  

Mutualitateak

Era berean, mutualitateen eta osasun sistema publikoaren arteko elkarlanerako esparru bat jaso da akordioan. Haren arabera, lehen arretako medikuek langileak bidali ahalko dituzte mutualitateetara diagnostiko probak eta errehabilitazioak egitera soilik gaitz muskuloeskeletikoen kasuan, sistema publikoan itxarote zerrendak badaude, eta betiere medikuak eta gaixoak adostasun espresua adierazita.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.