Aldaketak datoz Euskaltelen jabetzan. Erresuma Batuko Zegona inbertsio funtsak konpainiaren akziodun nagusi izateko lehen urratsa egin du gaur. CNMV Espainiako burtsa ikuskatzaileari igorritako ohar batean eman du bere asmoen berri.
Uneotan jabetzaren %15 du Zegonak. Euskaletelek Telecable barneratzeko egin zuen eragiketaren ondorioz lortu zuen parte hartze hori. Joan den maiatzera bitarte kopuru horretan inolako aldaketarik ez egitea zen Zegonaren konpromisoa. Orain, eskuak libre ditu saltzeko edo erosteko, eta azken horren alde egitea erabaki du.
Zegonak erosteko eskaintza partzial bat egingo du. Hain zuzen ere, akzioen %14,9 bereganatu nahi ditu, eskaintza oso bat egin behar ez izateko %15eko mugaren azpitik. Helburua lortzen badu, jabetzaren %29,9 bere gain hartuko du, eta boto eskubideen %29,94. Gaur egun, Kutxabank da telefonia enpresaren akziodun nagusia. Jabetzaren %21,3 kontrolatzen du bankuak.
Euskaltelen akzio bakoitzaren truke 7,75 euro eskainiko ditu funtsak. Gainsari esanguratsua da, atzo merkatuak itxi zirenean baino %17,8 gehiago baita. Gaur, albisteari jarraituz, akzioen prezioa %10 igo da burtsa saioaren hasieran.
Gehienez ere, Zegonak 206 milioi euro jarriko ditu eskaintza gauzatzeko. Funtsak berak kapitala handitzeko eskaintza egin beharko du, Euskaltelen akziodun nagusi bihurtzeko behar duen dirua lortzeko. 256 milioi euro lortu nahi ditu, hain zuzen ere. Kapital handitzeak Zegonako batzarraren oniritzia duenean, Euskaltelen eskaintza mugatua martxan jarriko du.
Zegonak Londresen du egoitza, eta hango burtsan kotizatzen du. Bere inbertsio handiena da Telecablen lehenbizi eta orain Euskaltelen duena. Eamonn O'Hare funtsaren buruak ziurtatu du Zegonak Euskaltelekin duen "konpromisoa" agerian geratu dela akzioak erosteko eskaintzaren bidez. Negozioak "etorkizuna baduela" uste du, eta, Zegonaren esperientziari esker, "hazkundera itzultzen" lagundu nahi dute.
Telecablerekin bateratu zenetik Euskaltelek merkatuetan izan duen martxarekin kexa agertu izan dute Zegonako zuzendariek. 2016an, Euskaltelen akzioen balioa %27 jaitsi zen, eta %17 gehiago joan den urtean. Konpainiaren merkatu balioa 1.295 milioi eurokoa da orain.