Erresuma Batuan hamar tren egiteko hautatu dute CAF

Operazioa ez dago guztiz itxita, baina LNER tren operadoreak CAF hautatu du hiru modutan funtziona dezaketen trenak egiteko.

LNER operadorearentzat CAFek egingo dituen trenen irudi digitala. CAF
inaut matauko rada
2023ko azaroaren 9a
10:08
Entzun

Nahiz eta Erresuma Batuak Europako Batasuna utzi duen, CAFek oraindik ere lortzen ditu kontratuak han. Ekainean, Londresko Metroarentzat beste 11 tren egiteko kontratua lortu zuen Beasaingo enpresa horrek (Gipuzkoa), eta gaur iragarri du beste negozio bat egingo duela Erresuma Batuko beste tren operadore batekin: hiru energia iturri erabil ditzaketen hamar tren egingo dituzte. Operazioa ez dago guztiz itxita, «lehentasunezko eskaintzaile» izendatu baitu.

Hiru modutan funtzionatuko dute trenek: korronte elektrikoarekin, bateriekin edo dieselarekin. Izan ere, trenek egingo dituzten zerbitzuen lineetan elektrifikatu gabeko tarteak daude, eta tren «moderno» horiei esker zerbitzua «eraginkorragoa» eta «jasangarriagoa» izango dela adierazi du enpresak.

Hamar bagoiko trenak izango dira, eta Porterbrook enpresarentzat egingo dituzte; horiek LNER London North Eastern Railway operadoreari alokatuko dizkiote trenak. Trenak egiteaz gain, CAF zortzi urtez arduratuko da horien mantentze lanez. Zerbitzu guztiaren kostua 500 milioi euro izango da.

Trenak Euskal Herrian egingo dituzte, baina azken muntaketa lanak Beasaingo enpresak Galesko Newport hirian duen lantegian egingo dituzte.

Erresuma Batuko ekialdeko kostaldean ematen du zerbitzua LENR operadoreak, Ingalaterran eta Eskozian. Londrestik Aberdeeneraino (Eskozia) iristen dira trenak.

Erresuma Batuko merkatua

Badirudi CAFek ez duela nabaritu brexit-aren eragina, ez gutxienez kontratu kopuruari dagokionez. Ekainean, Londresko Metroarentzat beste 11 tren egiteko kontratua egin zuen, baina beste hainbat egon dira azken urteetan. CAFen arabera, Erresuma Batuko zazpi operadorerekin baino gehiagorekin itxi ditu kontratuak, guztira 2.500 eurorenak.

Merkatu horren indartzearen seinale da CAFek Newporten (Gales) 2018an ireki zuen lantegia. 220 langile inguruk egiten dute lan han.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.