Espainiaren edo haren bankuen erreskatea bili-bolo dabilen bitartean, Europaren dirua behar izatetik gero eta gertuago dago beste herrialde bat: Zipre. Herrialde hartako banku zentraleko presidenteak, Panikos Demetriadesek, onartu du Zipre salbamenduaren atarian dagoela.
Aurretik Irlanda eta orain Espainia bezala, bankuen galerak dira Zipreren premiazko arazoa. Ekainaren amaiera arteko epea du Cyprus Popular Bankentzat 1.800 milioi euro aurkitzeko. Diru hori huskeria da Espainiak Bankian sartu behar dituen 19.000 milioi euroekin alderatuta, baina dirutza da Zipre txikiarentzat: haren BPGaren %10 inguru. Espainiak bere bankuetan 100.000 milioi sartzekoaren parekoa da, beraz.
Espainiako Gobernuak bezala, Ziprekoak ere ez du dirurik eskatu nahi. Are gutxiago bere bazkideei. Bruselara begiratu beharrean, orain arte Nikosiako gobernuak nahiago izan du Moskura begiratzea: han lortu ditu bere kontuak zuzentzeko behar zituen 2.500 milioi euro. Berriro Errusiari eskatzea ez dago guztiz baztertuta. Igandean Financial Times egunkariari eskaini- tako elkarrizketan, hiru aukera aipatu ditu Demetriadesek: merkatu pribatuetan biltzen saiatzea, EBren funts bati eskatzea edo hirugarren batengana jotzea.
Merkatuetara jotzeko aukera ia baztertua dute analistek. Ziprerena zabor zorra da kalifikazio agentzien irudiko, eta, azken hilabeteetan, merkatuen ateak itxita izan dira Zipreko enpresentzat. Gobernuak eskatu dio Europari dirua biltzeko epea ekainetik abuztura atzeratzea, baina oraindik ez du baiezkorik lortu. Epe muga gerturatu ahala, dirua EFSF funtsari eskatu behar izateko aukerak handitzen direla onartu du Demetriadesek.
Banku Zentraleko arduradunak ez ezik, Demetris Christofias Zipreko presidenteak ere aipatu du erreskatearen aukera. «Ez dut ziurtzat jotzen erreskate bat negoziatu behar izatea, baina inolaz ere ez dut baztertu nahi», esan zuen ostiralean. Hori bai, EFSFra joko balu ere, Christofias komunistak ohartarazi du«langileen aurkako neurri gehiago» ez duela onartuko haren truke.
Greziarekiko lotura
Zipreko bankuen egoera txarra hein batean dago lotuta Greziaren egoerari, bi herrialdeen arteko lotura handiak direla eta. Greziaren hartzekodun pribatuei zorraren zatirik handiena ez pagatzeko akordioak 3.000 milioi euroko galerak ekarri dizkie Zipreko bankuei. Greziako sektore pribatuari beste 22.000 milioi euroren maileguak utzi dizkiete. Greziak euroa utziko balu, handia da zor horren zati handi bat ez ordaintzeko arriskua. Zipreko Gobernua plan bat lantzen ari da egoera horri aurre egiteko. «Inoiz ez dela gertatuko espero dut», onartu duChristofiasek.
Eurogunea krisian
Erreskatearen atarian dago Zipre, banku bat salbatu nahi izateagatik
Ekainaren 30era arteko epea du Cyprus Popular Bankentzat 1.900 milioi euro aurkitzeko, eta ez du erreskatea baztertu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu