Errepideetatik bidegorrietara

Bizikleten salmentak gora egin zuen konfinamenduaren ostean, eta urbanoak eta elektrikoak erosi ziren gehien. Merkatua egonkortu egin da, baina, batez ere hirietan gehiago erabiltzen direnez, azpiegiturak hobetzeko eskatu dute bizikletaren aldeko elkarteek.

Pertsona bat bizikletan ibiltzen, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO /FOKU.
Asier Gonzalez de San Pedro
2023ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Konfinamendu ostean, bizikleten salmentak nabarmen egin zuen gora. Itxialdiak kalera irteteko eta kirola egiteko desira sortu zuen gizartean, eta hornidura arazo larriak sortu zituen bizikleta dendetan.

Gorakada hori amaitu da. Paco Prieto Oiartzun Bike dendako kudeatzaileak azaldu du salmentak «egonkortu» egin direla. Aitortu du «bizikletarik gabe» egon zirela tarte batez, baina esan du egun «merkatuko bizikleten %80» dendan daudela. Hori bai, bizikleta jakin bat erosteko sei edo zazpi hilabete itxaron behar dira oraindik.

Bizikletak erosteko gogo hori baretu dela argi geratu da Conebi Europako Bizikleten Konfederazioaren azken txostenean. Haren arabera, 2021ean jo zuten goia salmentek, 17,1 milioi unitate salduta, eta 2022an 14,7 milioi saldu ziren. Baina bizikleta elektrikoen salmenta ez da eten, 5,5 milioi saldu baitziren iaz, inoiz baino gehiago.

Bizikleta urbanoek ere gorakada handia izan dute. Are gehiago, Espainiako AMBE patronalaren arabera, bizikleta elektrikoen salerosketa %5,7 handitu zen iaz Hego Euskal Herrian eta Espainian, eta %22,5, berriz, hirietarako bizikletena.

Azpiegitura gehiago

Datu horien emaitza hirietan antzeman da. Prietok garbi ikusten du jendeak bizikletak erosteko eta kotxea aldera batera uzteko joera duela hirian zehar mugitzeko. Iritzi berekoa da Julen Izagirre Diaz Donostiako Kalapie elkarteko koordinatzailea. Adierazi du bizikleta geroz eta gehiago erabiltzen dela, «ekologikoena, merkeena eta abantaila gehien» duen garraiobidea delako.

Bizikleta erosleak bi erabilera izan ditzaketen bizikletak aukeratzen ari dira, Oiartzun Bikeko kudeatzaileak ziurtatu duenez: «Igandean mendira joateko erabiltzen duten bizikleta astean zehar lanera joateko erabiltzen dute». Bizikleta horiek, «orokorrean», elektrikoak dira. Prietoren ustez, beharbada ez da aukerarik ekonomikoena —haren webgunean 1.400 euro balio du merkeenak—, baina bai praktikoena.

Lehen, oso denda gutxik zituzten bizikleta elektrikoak, Prietok adierazi duenez, baina orain «edozein dendatan aurkitu daitezke». Adi ibiltzeko ohartarazi du. «Bizikleta elektrikoek hiru urteko bermea izan behar dute, eta denda batzuk ez daude prest hiru urte horietan egin behar diren mantenu lanak egiteko».

Bizikleta elektrikoa «luzerako etorri» dela uste du Izagirrek ere. Gainera, Donostiak dituen aldapak kontuan izanda, gehitu du lehen jendea bizikletan joaten ez zen lekuetara joateko aukera ematen duela; ospitaleetara, adibidez.

Gipuzkoako hiriburuan lehen baino gehiago erabiltzen denez orain bizikleta, azpiegiturak hobetzeko eskatu die Izagirrek agintariei. Bidegorrietan diru gutxi inbertitzen dela salatu du, eta bizikletentzako aparkaleku babestu gehiago behar direla. «Bidegorriek seguruagoak, erosoagoak eta erakargarriagoak izan behar dute; hala, jende gehiagok erabiliko lituzke».

Donostiak badu mugikortasun jasangarrirako plan bat, bainaplan horretan aipatutako helburuak ez dira bete. Haren arabera, joan-etorrien %12 bizikletaz egin behar ziren 2022. urterako, baina egun %5 baino ez dira.

Euskal Herriko beste hiriburu batzuetan —Iruñea, Gasteiz eta Baionan— gauza «interesgarriak» egiten ari direla esan du Kalapieko koordinatzaileak, eta Donostia «atzean» geratu dela. Bilbon, berriz, garraio publikoak garrantzi handia duela gaineratu du, eta bizikleta oraindik «sartzen» ari dela.

Diru laguntzak, erosteko

Europako hainbat hiri eta herrialdetan —Frantzian, Herbehereetan eta Belgikan, besteak beste—, diru laguntzak ematen dituzte bizikletak erosteko. Leku horietan bizikleten salmenta diru laguntzen «proportzioan» hazten ari dela azaldu du Prietok. Beste batzuetan, berriz, bizikleta zaharra berritzeagatik ematen dituzte laguntzak. Herrialde batzuetako enpresek ere onurak izaten dituzte langileek bizikleta erabiltzen badute.

Euskal Herriaren kasuan, Nafarroako Gobernuak %30eko kenkaria eskaintzen du errenta aitorpenean bizikleta elektriko bat erosteagatik. Bizikleta berritzeagatik ere diru laguntza ematen du, gehienez 50 eurokoa.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, urrian bukatu zen EEE Energiaren Euskal Erakundeak autonomoentzat eta enpresentzat bizikleta elektrikoak erosteko eman zuen diru laguntzen epea. Prietoren ustez, halakoak ezinbestekoak dira salmentak gehiago handitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.