Gustura eta pozik dago Xabier Basañez (Getxo, Bizkaia, 1968) BECeko zuzendari nagusia. Azken urteetako makina-erremintaren biurteko handiena izango da aurtengoa, eta 2016. urtea irabaziekin amaitzea aurreikusten du. Erakustazokaren bideragarritasuna bermatzeko zuzendaritzak aldaketa ugari egin dituela nabarmendu du, eta horrek eragin duela aurten irabaziak eragitea. Azoken eredua bera ere aldatu egin da, eta aukera horiek baliatzen saiatu direla dio.
Makina-erremintaren azoka arrakastatsua espero duzue, espazio aldetik %25 gehiago hartuko duelako. Nola eragingo dio horrek BECen kontuei?
Krisia amaitu dela dirudi, eta badaude sektoreak hobeto edo okerrago daudenak. Urte oso ona izango da guretzat, eta izango ditugu 1.523 erakusle izango ditugulako, azken ediziotik %12 gehiago. Eta horrek, noski, erakustazokari modu positiboan eragingo dio. Krisia baino lehen, urte bikoitietan irabaziak izaten genituen, eta bakoitietan galerak. Krisiarekin galerak urtero izan ditugu, eta aurten krisi osteko lehen irabaziak izatea espero dugula. Bost hilabete igaro diren arren bakarrik, badakigu diru sarrerek %25eko igoera izan dutela, eta arrakastatsua izango dela. Hurrengo urteak nola iritsiko diren ikusteko dago, gure emaitzek asko sufritzen dutelako biurtekorik gabe. Pisu handia dauka urte amaierako gure kontuetan, eta diferentzia handia dago urte bakoiti edo bikoitien artean. Biurtekoak gure diru sarreren %45 edo %50 sortzen ditu.
2016ko aurrekontuetan 30.000 euroko irabaziak izatea aurreikusi duzue, baina iaz 3,9 milioi euroko galerak izan zituen BECek. Badago aldea...
Bai, datorren urtean espero dugu galerak txikiagoak izango direla. Zenbaki positiboak ahalik eta azkarren lortzea nahiko genuke, baina zaila izango da.
Eraikinaren zorraz aparte orain arteko jarduerak 40 milioi euro gehiagoko zorra sortu du. Erakustazoka bideragarria izan daiteke?
Ez daukat dudarik etorkizunean horrela izango dela. Ez gaude une onenean hori lortzeko, baina gero eta jarduera gehiago ekarriz, azoka gehiago sortuz edo kontzertuak eginez zenbaki positiboetara iristen baldin bagara, noizbait errentagarria izatea posible izango da. Ez dakit hori noiz gertatu ahal izango den, ordea.
Ez dakizue noiz izan ahalko zareten errentagarriak?
Datozen urteetarako plan estrategikoa ez dugu egin oraindik, eta errentagarri izateko epemuga bat jarri beharko dugu, errentagarritasun hori lortzeko helmuga bat. Baina oraindik urrun ikusten dut urte bakoitietan irabaziak izatea.
2008. urteaz geroztik lehen aldiz izango ditu irabaziak BECek. Zer egin duzue horretarako?
Barruko aldaketak egon ziren kostuak egokitzeko. Krisiaren momentu larrienean soldatak jaitsi, gastuak murriztu, eta jarduera berriak bilatzen aritu ginen.
Non bilatu dituzue jarduera berri horiek?
Estatuko erakustazoken eredua beti izan da bakoitzak bere azoka propioak antolatzea. Denok ditugu gure azokak, baina pixkanaka beste alde batera goaz. Hau da, gure azokak antolatzen jarraitzen dugu, baina alokatuak, edo hirugarren batekin antolatutakoak bilatzen ere hasi gara. Eta horrek aukera ematen dizu erakustazoka egun gehiagotan beteta edukitzeko.
Azoken eredua bera aldatu delako izan daiteke hori.
Hala da. Iraganean egiten ziren azokak oso orokorrak ziren, kontsumo azokak ziren, eta denetarik topatu zitekeen: urdaiazpikoa, sofak, torlojuak... Orain espezializatzen joan dira azoka guztiak, eta profesionalei bideratutakoak are gehiago. Ekologia azoka batetik energia berriztagarrien inguruko azoka bat egitera igaro ginen BECen, haize errotena ondoren, eta egun itsasoko haize energiarena egiten da bat. Eredu horretara joan beharra daukagu.
Xabier Basañez. BECeko zuzendari nagusia
«Errentagarri izateko, epemuga jarri beharko dugu»
BECek antolatzen du makina-erremintaren azoka, eta erakustazokaren diru sarreren erdiak handik datoz. Egiten ez den urteetan zulo hori nola estali bilatzen ari da Basañez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu