Finantzen Euskal Kontseilua. Zerga bilketa

Errenta zergaren taulak beste %2,5 deflatatuko dituzte foru aldundiek

Urtarriletik aurrera sartuko da indarrean, eta aurretik egindako %7,5eko egokitzapenari gehituko zaio. Zergen bidez aurten 18.102 milioi euro bilduko direla kalkulatu dute, eta 2024an 19.000 milioi euro

Errenta zergaren taulak beste %2,5 deflatatuko dituzte foru aldundiek.
aitor biain
Gasteiz
2023ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Zerga bilketako errekorrak aukera emango die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiei inflazioaren aurkako neurri gehiago hartzeko. Deflatazioaren aldeko hautua egin zuten iaz hiru ogasunek, Eusko Jaurlaritzaren oniritziarekin, eta datorren urtean ere indarrean mantenduko dute neurria. Izan ere, errenta zergaren taulak beste %2,5 deflatatuko dituzte urtarriletik aurrera. Halaber, eutsi egingo zaio 30.000 euroko soldata oinarria dutenentzako 200 euroko kenkariari. Neurriok 100 milioi euroko eragina izango dute zerga bilketan, eta batzar nagusietan onartu beharko dituzte.

Finantzen Euskal Kontseiluak atzo Gasteizen egin zuen bileran hartu zuten erabakia. Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta Eudel batzartu ziren aurtengo zerga bilketaren itxiera aurreikusteko, eta heldu den urteko aurrekontuak egiteko erabiliko den kalkulua zehazteko. Argazki berritua eskaini zuen bilerak gainera. Jende berri ugari, denak emakumezkoak, izan baitziren parte hartzaileen artean: Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusienak, eta Eudeleko presidentearenak, kasurako.



Ukrainako gerra hasi zenetik hirutan egokitu dituzte taulak: birritan egin zuten iaz (%5,5 guztira) eta beste behin aurten (%2); laugarrena izango da 2024koa, beraz. Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak adierazi zuenez, %2,5eko deflatazioa «nahikoa» da, eta «zentzuzkoa», aurreko urteetan egindakoari batuko zaiolako: «Inflazioaren zati handi bat estaltzen lagunduko du».

Bilketa, aise

Ez du baztertu, halere, taulak are gehiago deflatatzea, baldin eta prezioen garestitzea eteten ez bada. Izan ere, horretarako gaitasuna badute ogasunek gaur-gaurkoz, zerga bilketaren datuek erakusten dutenez. Beste urte batez, zergen bidez inoiz baino diru gehiago bilduko direla kalkulatu dute ogasunek. Aurten, guztira 18.102 milioi euro bilduko dituztela espero dute. Iaz baino %5,7 gehiago da hori; dirutan, 2022. urtean jasotakoa baino 971 milioi gehiago dira, eta aurtengorako kalkulatu baino 29 milioi gehiago.

Hainbat dira igoera horren atzean dauden arrazoiak. Lan merkatuaren egoera ona da horietako bat, ekonomiaren hazkundeari gisa berean erantzun baitio enpleguak ere. Deflatazioak deflatazio, zerga horren bidez bildutakoaren kopurua iaz baino gehiago izango dela kalkulatu baitute: %7,7 handituko da. Denera, 6.998 milioi euro.

Bestalde, pandemiaren errebotearen olatua hartuta, emaitza onak izan zituzten enpresek aurreko urtean, eta hori sozietate zergan islatuko da: iaz baino %16,8 gehiago bilduko dela aurreikusi dute; 1.578 milioi denera. Halaber, zerga berezien bidez bildutakoa ere aurreko urtean baino %1,3 handiagoa izango dela espero dute. Gisa berean hasiko da BEZ zergaren bidez jasotakoa ere: %1,3. Zerga horren bidez bilduko da diru gehien, hain zuzen ere: 7.013 milioi euro denera.

Bildutako hamar eurotik zazpi Jaurlaritzarentzat izango dira: 12.868 milioi euro guztira. Arabak 2.013 milioi euro emango dizkio (%15,87), Bizkaiak 6.405 milioi (%50,49), eta Gipuzkoak 4.267 (%33,64). Kutxa partekatu horretan jarri beharreko kopurua baino gutxiago bildu dutenez, Egokitzapeneko Funtsetik 32,4 milioi euro jasoko ditu Arabak, eta 133,7 milioi euro Gipuzkoak.

Zuhurtzia eta baikortasuna

Zerga bilketako datuak testuinguru ekonomiko «konplexu» batean lortu izana nabarmendu zuen Azpiazuk. Baina ohartarazi zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak urte osoan zehar hazkunde «sendoa» izan badu ere, jada hasia dela motelaldia nozitzen. Bada, zuhurtziara deitu zuen sailburuak, ziurgabetasuna areagotzeak ekonomiari kalte egin diezaiokeelako. Mezu hori bera helarazi dute gainerako ordezkariek ere.

Nolanahi ere, Jaurlaritzak eutsi egiten die hazkunde aurreikuspenei (%1,7 aurten eta %2,1 datorren urtean), eta aurreratu zuen barne produktu gordinari lotuta handituko dela zerga bilketa heldu den urtean ere. Ogasunek kalkulatu dute aurten baino %5 gehiago jasoko dutela, lehen aldiz 19.000 milioi euroren langa gainditzeraino.

Datu horiek eskutan dituztela hasiko dira erakundeak orain 2024ko aurrekontuan prestatzen. Baikor azaldu ziren denak, herrialdearen beharrei erantzuteko aski baliabide izango dituztelakoan. Jaurlaritzak hilaren 24an onartuko du bere proposamena, eta 15.000 milioi euroren ingurukoa izatea espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.