Zergak

Errenta zergaren taulak beste %2,5 deflatatuko dituzte foru aldundiek 2024an

Urtarriletik aurrera sartuko da indarrean, eta aurretik egindako beste hiru deflatazioei gehituko zaie. Zergen bidez aurten 18.102 milioi euro bilduko direla kalkulatu dute, eta 19.000 milioi euro datorren urtean. 

Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako eta Eudeleko ordezkariak, gaur, bileraren aurretik. JAIZKI FONTANEDA (FOKU)
aitor biain
2023ko urriaren 11
18:30
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunek beste %2 deflatatuko dituzte errenta zergaren taulak urtarriletik aurrera. Prezioen igoerari aurre egiteko neurri gisa aurkeztu zuten erakundeek deflatazioa, baina inflazioaren kurba jaistea behar baino gehiago kostatzen ari dela ikusita, datorren urtean ere PFEZaren taulak egokitzea erabaki dute aldundiek. 200 euroko kenkariari ere eutsiko diote, halaber. Ukrainako gerra hasi zenetik hirutan egokitu dituzte taulak: bi aldiz egin zituzten iaz (%5,5 guztira) eta beste behin aurten (%2).

Finantzen Euskal Kontseiluak gaur Gasteizen egin duten bileran hartu dute erabakia. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako, hiru aldundietako eta Eudeleko ordezkariak. Aurtengo zerga bilketaren itxiera aurreikusi, eta datorren urteko aurrekontuak egiteko erabiliko den kalkulua zehaztu dituzten batzarrean. Hain zuzen ere, foru ogasunek iragarri dute inoiz baino gehiago bilduko dituztela aurten zergen bidez: 18.102 milioi euro.

Iaz kalkulatu zutena baino 30 milioi gehiago dira, eta aurtengo aurrekontuan jasotakoa baino 100 milioi gehiago. Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak iragarri du, hala ere, bilketa are handiagoa izango zatekeela errenta zergak deflatatzea erabakiko ez balute. Taulak egokitzeko erabakiak 100 milioi euro gutxiago biltzea eragingo baitie ogasunei. Hala ere, datorren urtean bilketa are handiago izango dela esan du Azpiazuk, zergen bidez 19.000 milioi euro bilduko dituztela aurreikusi baitute. Inoiz ez bezalako kopurua da hori.

Sailburuak ez du aurrekontuari buruzko zehaztasunik eman, baina Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri zuen Eusko Jaurlaritzaren 2024ko aurrekontuak 15.000 milioi euro langa gaindituko zuela. Bada, foru ogasunek, 12.868 milioi euro emango dizkiote guztira. Arabak 2.013 milioi euro jarriko ditu (%15,87), Bizkaiak 6.405 milioi (%50,49), eta Gipuzkoak 4.267 (%33,64).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.