Errenta maila altuko ekonomia bai, baina gaizki banatutakoa

Euskal Herriaren argazki eguneratua egin du Mikel Zurbanok Gaindegiaren 2007 txostenean

Estitxu Elduaien.
2008ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
«Euskal Herriak errenta altuko ekonomia du, baina hala izan arren, berau banatzeko garaian oztopoak daude, bidezkotasunaren ikuspegitik». Argazki hori atera dio Mikel Zurbano Ekonomia doktoreak Euskal Herriari.

Gaindegiak bildutako datuak hartu ditu tesi horren oinarri Zurbanok, eta Gaindegiak berak egindako 2007ko txostenean jaso ditu. Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak egindako txosten horren arabera,Euskal Herriko biztanleko BPGa (Barne Produktu Gordina) 26.533 eurokoa da, Europako batez beskoa baino 5.000 euro gehiagokoa, eta Japoniakoa baino 2.000 euro gehiagokoa.

Produktibitatearen eta enpresen inbertsioen adierazleek ere etorkizun ekonomikoak oinarri sendoa dutela erakusten dute, Zurbanoren arabera. Enplegatuko produktibitatea 117,9koa da Euskal Herrian, 100ekoa Europako Batasunean, eta 98,7koa Japonian. Enpresen inbertsioa ere Europako batez bestekoaren gainetik dago: %23,1ekoa da Euskal Herrian, eta %19,7koa Europako Batasunean.

Baina datu horien ondoan bestelako errealitate bat erakusten dituen datuak ere jaso ditu Gaindegiak. Enplegu tasa, eta batez ere, emakumeen enplegu tasa aipatu ditu Zurbanok adibide gisa: %65,6koa da Euskal Herrian, eta emakumezkoena %55,7koa.Kopuru horietan jada ez dio Europari hainbesteko aldea ateratzen (enplegu tasa %63,4koa da Europan, eta emakumeena %56,2koa), eta Japonia eta AEBen atzetik dago.



BABES SOZIAL ESKASAGOA. Are gehiago, pobrezian murgiltzeko arrisku tasa, transferentziak egin ondoren, ez da Europako batez bestekoa baino hobea. EBn %16koa da eta Euskal Herrian %15,4koa. Gizarte babesaren adierazlea da datu hori, errentaren banaketaren ondorio larrienak gainditzeko herrialdeek erabiltzen duten mekanismoetako batena, hain justu, «eta datu horrek argi erakusten du Euskal Herrian labur gelditzen dela Europako Batasuneko batez besteko babesarekin alderatuz», dio Zurbanok.

Gaindegiaren txostenak jasotako datuen arabera, 3 milioi pertsonatik gora bizi dira egun Euskal Herrian. Kilometro karratuko 143,5 biztanle bizi da bertan, eta kostaldeko lurraldeetan dago dentsitate handiena: Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin, hurrenez hurren.

Euskal Herritarrak horiek, ordea, garai batean baino zaharragoak dira. Egun, hamalau urtetik beherakoak populazio osoaren %12,5 dira, eta 65 urtetik gorakoak %18,2. Aurrena bai EB eta baiAEBetako tasaren oso behetik dago (%17koa da Europan eta %21,6koa AEBetan), eta bigarrengoa, berriz, bi eremu horietako batez bestekoaren oso gainetik (%15,8koa da Europan eta %12,3koa AEBetan). «Datuok erakusten duten Euskal Herriak mendebaldeko herrietako populazioaren zaharkitze prozesu bizkorrenetarikoa duela eta etorkizun hurbilean biztanleriaren galera ezagutuko duela, baldin eta migrazio saldoa azken urteetako mailan mantentzen bada», dio Zurbanok. Euskal Herriak migrazio saldo positiboa izan du hamarkada honen lehen erdian, 72.684 biztanle gehiagokoa.



'ZIFraTan GaKoa'

Gaindegiaren 2007ko txostenean Euskal Herrian iaz jasotako zifrarik adierazgarrienen aukeraketa egin dute.



685

Euskal Herria 685 udalerrik eta 76 fazeria edo partzuergok osatzen dute. Horien artean sartzen dituzte Eskiula (Zuberoa), Villaverde Turtzioz (Bizkaia) eta Trebiñukoa (Araba).



31.347

Euskal Herrian pertsona aktibo bakoitzaren errenta erabilgarria 31.347 eurokoa da. Iparraldean dute maila altueneko errenta (36.551 eurokoa) eta Araban baxuena (28.789 eurokoa).

508

Bizkaian Europako dentsitate altuenetakoa dute, kilometro karratuko 508 biztanlekoa. Euskal Herri osokoa kilometro karratuko 142,8 biztanlekoa da.



1,3

2003 urtean I+Gan egindako inbertsioa BPGaren %1,3 izan zen Euskal Herri osoan. Europako Batasunak 2010erako inbertsioa %3koa izateko helburua ezarria du.

2.180,9

2005. urtean Nafarroa Garaiko ekonomiak 2.180,9 milioi euro fakturatu zituen Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko bezeroekin. Hiru herrialdeok dira Nafarroa Gariko ekonomiaren bezero nagusiak (fakturazioaren %23). Nafarroako Garaiko enpresen hornitzaile nagusiak ere hiru herrialde horiek dira (fakturazioaren %31,8).



18

Europako Batasuneko (25ekoa) gizartearen babes maila neurtuta, Euskal Herria 18. lekuan dago, Espainia, Polonia eta Txekiar Errepublikaren artean.



117

2007an 117 langile hil ziren Euskal Herrian lan istripuen ondorioz. Araban hildakoak 18 izan ziren, Bizkaian 48, Gipuzkoan 27, Lapurdin 3, Nafarroa Beherean 1 eta Nafarroan Garaian 20.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.