Arrantza

Erreleboaren esperoan, sareak betetzen

Hasi berria da antxoaren kanpaina, eta aurreikuspen onak dituzte arrantzaleek. Hala ere, antxoaren kuota kudeatzea beren esku egotea nahiko lukete, berdelarekin eta txitxarroarekin gertatzen den bezala. Aurrera begira, arrantzale gazteak ezin erakartzeak kezkatzen ditu gehien. Batez ere patroiak eta mekanikariak behar dituztela diote.

Antxoaren kanpaina, Ondarroan (Gipuzkoa), iaz. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2021eko martxoaren 13a
08:04
Entzun

Hilabetea hastearekin batera ekin zioten arrantzaleek antxoaren kanpainari, eta berdela arrantzatzen ere hasiak dira jada, oraingoz gutxi harrapatu duten arren. Aurtengo antxoaren kuota 33.000 tonakoa da, iazkoa baino mila tona handiagoa, eta kopuru horren %90 inguru Espainiako Estatuko flotari dagokio, 29.700 tona, hain zuzen ere; gainerako kopurua, berriz, Frantziakoari.

Gipuzkoako arrantzaleentzat denboraldi garrantzitsua izan ohi da udaberri partekoa. Miren Garmendia Gipuzkoako Arrantzale Kofradien elkarteko idazkaria da, eta adierazi du antxoaren egoera «oso ona» dela. Kudeaketa planak osatzen dituzte kanpainaren nondik norakoak zehazteko. Hori horrela, ikerketa zientifikoak egin ostean, ikusi dute arrantzatzeko baldintzak egokiak direla. «Biomasa oso ondo dago, eta, aurreko kanpainak bezala, aurtengoa ere ona izatea espero dugu». Getariako Elkano kofradiako idazkari Josu Ezenarroren iritziz ere, aurreikuspenak ez dira txarrak. Hala ere, azpimarratu du ikusteko dagoela Kantauri itsasoaren zer partetan egongo den antxoa eta zer tamaina izango duen.

Edonola ere, hainbat txokotako arrantzaleek urteak daramatzate antxoarentzako kuota propio bat eskatzen; euskal herritarrak ere badaude tartean. Izan ere, Europako Batasunak arrantzatzeko gehienezko kopuru bat ematen dio estatu bakoitzari. Euskal arrantzaleek eskatzen dutena da estatuak duen kuotaren barruan lurralde bakoitzak gainditu ezin duen kantitate bat izatea, nork berea. «Kuotaren kudeaketa gure esku egonez gero, errentagarritasun handiagoa aterako genioke antxoari», nabarmendu du Garmendiak.

Arrantzarako kuota propioa izatea ez litzateke berria izango; berdelarekin eta txitxarroarekin, esaterako, badaukate jada. «Beste arrain batzuekin badaukagu, eta ez dugu ulertzen antxoarekin zergatik ez diguten ematen». Kofradien elkarteko idazkariak azaldu duenez, lehiakortasun handia egon ohi da antxoa arrantzatzen aritzen direnen artean, eta nabari du horrek ez diola mesede egiten sektoreari. «Lehiaketa moduko bat sortzen da, ahalik eta gehien arrantzatzeko». Azken finean, joera hori eteteko modu gisa ere ikusten du antxoarentzako kuota propioa ezartzea.

Lana, «mekanizatuagoa»

Garmendiak azpimarratu duenez, antxoa bakarrik ez, Gipuzkoako arrantzaleak ere egoera onean daude. Baxurako 79 itsasontzi daude, eta, guztira, zazpiehun arrantzale inguru. Alturakorik, berriz, apenas dago Gipuzkoan. Udaberrian, batez ere, antxoa eta berdela arrantzatzen aritzen dira arrantzaleak, eta udan, berriz, hegaluzea eta hegalaburra. «Teknologikoki oso aurreratuta gaude, eta modernizazio horrek asko hobetu ditu lan baldintzak», adierazi du. Ezenarrok erantsi du gaur egun itsasoko lana ez dela lehen bezain latza: «Badu berezko gogortasun bat, baina barkuak mekanizatu egin dira; lana ez da lehen bezain fisikoa, eta soldatak ere onak dira».

Getariako Elkano kofradiako idazkariaren arabera, azken bi hamarkadetan marinel kopuruak behera egin badu ere, oro har, nahiko egonkor mantendu da. Nolanahi ere, etorkizunera begira, errelebo falta sumatzen dute kofradietan, batez ere, patroien eta mekanikarien artean. «Gazteek itsasorako begirada galdu dute, eta hori berreskuratzea zaila egiten ari zaigu», dio Ezenarrok. Garmendiak, berriz, aitortu du beharbada gizarteak arrantzaren inguruan daukan irudia ez dela «guztiz ona»; azaldu izan diren albisteak direla medio, iruditzen zaio badirudiela egoera ez dela guztiz ona. Dena den, Gipuzkoako Arrantzale Kofradien elkarteko idazkariak ez du uste irudi hori guztiz bat datorrenik sektorearen errealitatearekin.

Hori dela eta, arrantzaleen jarduna «bizirik» dagoela ikusarazteko eta gizartearengana gerturatzeko, hainbat proiektu eta egitasmo dituzte martxan. «Gazteek beste hautu batzuk egin dituzte azken urteotan, eta gure erronka nagusienetako bat da beraiek ikustea sektoreak etorkizuna daukala eta posible dela bide horretatik bizimodu duin bat izatea». Izan ere, Ezenarrok azaldu duenez, sektorea «errentagarria» da. Elkano kofradiako idazkariak badaki lan handia egin beharko dutela gazteen erreleboa lortzeko: «Egoera honi ez zaio bi egunetan ematen buelta; urteak beharko ditugu, baina horretan gabiltza».

Emakumeengana iristeko ere zailtasunak nabari dituzte. Horren adierazle da gaur egun ez dagoela emakumerik Gipuzkoako flotan. Sektoreko beste arlo batzuetan gero eta emakume gehiago dagoen arren, itsasontzietan denak gizonezkoak izaten dira oraindik ere. Garmendiak adierazi duenez, baliteke kontziliatzeko arazoak izatea sektorean ez sartzeko arrazoietako bat. Hala ere, posible ikusten du lana eta bestelako ardurak uztartzea. Bada egunero ateratzen den flota bat, eta asteburuetan, normalean, jai izaten duena. «Gizonezkoek egiten badute, zergatik ez ditugu emakumeak animatuko?», aldarrikatu du. Gauzak horrela, alor horretan ere eragin nahi dute kofradiek.

Ohitura aldaketak

COVID-19aren izurriteak arrantza sektorean ere izan du eragina. Alde batetik, moldatu egin behar izan dute itsasontzietan lan egiteko modua; izan ere, gainerako lantokietan bezalaxe, osasun neurriak errespetatu behar izaten dituzte. Bestalde, prezioek ere izan dituzte gorabeherak pandemiaren eraginez, eta azken hilabeteetan «nahiko merke» saldu behar izan dute arraina.

Horrez gain, Ezenarrok azaldu du zenbait ohitura ere aldatu direla: «Arrandegi tradizionalak ixten ari dira; denda handietan egiten dira erosketak, eta, egunero egin beharrean, astean behin edo bitan». Ondorioz, arrain freskoaren kontsumoa jaitsi egin da, eta gero eta gehiago erosten dira izoztutakoa eta kontserbak. «Guk dirua freskotik lortzen dugu». Hala ere, Ezenarroren hitzetan, azken hilabeteak errentagarriak izan dira enpresentzat, oro har.

Biek uste dute arrantzak baduela etorkizuna Gipuzkoan. «Sektorea aldatuz joango da, baina arrantza jasangarri baten alde egiten jarraitu behar dugu, eta funtsezkoa da gure jarduerari eta produktuari balioa ematea», esan du Getariako kofradiako idazkariak. Garmendiaren aburuz, arrantzalerik ez egoteak itsasoaren inguruko ezagutza galtzea ekarriko luke, eta elikadura osasuntsu bat izateko aukera ere baldintzatuko luke. «Nik ez dut gure jatorria ulertzen itsasorik eta arrantzarik gabe; hori galtzea, niretzat, porrota litzateke». Arrantzale gutxiago egonda ere, beharrezkoa iruditzen zaio sektorea sendotzea. «Itsasora begira jarraitu behar dugu, sektore txikia izateak ez baitu esan nahi garrantzi gutxiago daukagunik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.