Azken hilabeteetan ugaritu egin dira erregulazio dosierrak aurkeztu dituzten enpresak. Horietako askok ezin izan diote krisiari aurre egin, eta erabaki batzuk hartu behar izan dituzte; enpresak ixtea edo lanaldia murriztea, tarteko. Hilabeteetatik haratago doa, ordea, arazoa: Hego Euskal Herrian iaztik bikoiztu egin da baimendutako erregulazio dosierrek eragindako langileen kopurua. Espainiako Lan Ministerioak atzo emandako datuen arabera, urtarriletik maiatzera 26.776 langileri eragin die espedienteren batek; iazko epe berean, berriz, 12.114 izan ziren kaltetuak. Dosierren kopurua erebikoiztu egin da denbora tarte horretan Hego Euskal Herrian: 892 dosierretik 1.659ra.
Hainbat adituk egindako aurreikuspenak, gainera, ez dira itxaropentsuak. Asteartean bertan, EAEko Lan Harremanen Kontseiluak eman zuen datua: 2012an 38.484 langileri eragingo diete espedienteek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Herrialdeko datuak aintzat hartuta, aldeak daude urteko lehen bost hilabeteetakoen eta iazkoen artean. Aurten, Bizkaian jarri diete erregulazio dosierra langile gehieni, 9.733ri, hain zuzen. Horren atzetik dira Nafarroa (6.638), Gipuzkoa (5.501) eta Araba (4.904). Aurtengo kopuru baxuena iazko altuena baino apur bat altuagoa besterik ez da. Denbora tarte horretan iaz Gipuzkoan 4.698 langileri eragin zieten espedienteek, Nafarroan 3.201, Bizkaian 2.968 eta Araban 1.247.
Urteko bost hilabeteen artean, maiatza izan da gogorrena, Araban eta Bizkaian, batik bat. Apirilean baino 2.000 langile gehiagori eragin die hil horretan herrialde bakoitzean; Gipuzkoan, berriz, urte hasieratik jaitsi egin da kopurua —1.073 langiletik 807ra—.Nafarroanmantendu egin da urte hasieratik erregulazioak eragindako langile kopurua.
Azken hamar urteetako bilakaerak erakusten du azken urteko igoera ez dela nolanahikoa. Hamar urte horietatik zortzitan, urte osoan izandako erregulazio espedienteen kopurua txikiagoa da aurten urtarriletik maiatzera izan direnena baino —2002tik 2008ra—. Duela bi urte aurkeztutako dosierren eta horiengatik kaltetutako langileen kopuruak nabarmen egin zuen gora: 3.512 dosierrek 106.395 langileri eragin zieten. Ordutik hona beheranzko joerari eutsi dio, baina, iazko datua kontuan hartuta, ez da erraza izango 2012a amaitutakoan kopurua jaistea.
Industria, gehien kalteturikoa
Espainiako Gobernuak otsailean onartu zuen lan erreforma izan daiteke azken hilabeteetako igoeraren arrazoietako bat. Erreformak enpresei erraztu egiten die dosierrak aurkeztea, eta aurrerantzean ez dute Administrazioaren baimenik behar. Horrekin batera, langileak kaleratu ditzakete hiru hiruhilekotan jarraian diru sarrerak edo salmentak jaisten badituzte.
Espainiako Lan Ministerioak ez ezik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere ematen dituzte erregulazio dosierren inguruko datuak. Hegoaldeko administrazioek emandako zenbakietan, ordea, ez dira jasotzen Espainiako Lan Ministerioaren eskumena diren erregulazioak.
Jaurlaritzak urtarrilean eta otsailean iaz baino %57,3 erregulazio espediente gehiago baimendu ditu, apirilean emandako datuen arabera. Haiek 6.213 langileri eragin diete, iaz baino %72 gehiagori. 4.942ri aldi baterako espedientea aplikatu diete; 749ri kontratua deuseztatu diete; eta 522ri, lanaldia murriztu. Lehen hiru hilabete horietan lana erregulatzeko 644 dosier izan dira; 319 dosier lan erreformaren ostean onartu dira.
Sektoreka, urteko lehen hiruhilekoan industriak biltzen zuen dosierren %44,3 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Denbora tarten horretan, erregulazioek eragindako langile gehienak gizonezkoak izan ziren (%82) —lehen sektorean gehiago dira—.
Erregulazioek eragindako langileen kopurua bikoiztu egin da urtebetean
Hego Euskal Herrian 26.776 langileri eragin diete espedienteek urteko lehen bost hilabeteetan; kasu gehienak, BizkaianAurkeztutako dosier kopurua ere bikoiztu egin da epe berean, 892 dosierretik 1.659ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu