Erregulazioan dauden langileentzako osagarria luzatu du Jaurlaritzak

20.000 eurotik beherako soldatapekoek jaso ahal izango dute laguntza maiatzaren 31 arte. Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak adostu du neurria

Elkarrizketa Sozialerako Mahaia, atzo, Gasteizen. IREKIA.
xabier martin
2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak pandemiaren eraginei lotutako aldi baterako erregulazio bereziak maiatzaren 31ra arte luzatu ditu berriki, eta espero zen, halaber, Eusko Jaurlaritzak luzatuko zuela ABEEtan dauden soldatapeko ahulenentzat onartua duen osagarriaren epemuga. Maiatzaren 31n ezarri du iraungitze data berria. Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren itzalean iragarri du Jaurlaritzak laguntzek bere hartan jarraituko dutela urtarrilaren 31z harago. Mahaiko eragile sozialekin adostutako neurria izan dela zehaztu du Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuak, Confebask patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin. Mahaiaren eduki nagusia, izan ere, osagarri horien bigarren luzapena izan da, irailekoaren ondoren. ELAk eta LABek ez dute parte hartzen mahai horretan, besteak beste, Jaurlaritzaren arautegiak finkatu duelako sindikatu bakar baten baietza nahikoa dela sindikatuen aldearen oniritzia lortzeko, bakoitzaren ordezkaritza maila aintzat hartu gabe.

Horiek horrela, osagarrien azken luzapena irailaren hondarrean egin zuen Jaurlaritzak, Madrilek ABEEak urtarrilaren 31 arte luzatu ostean. Hala, 20.000 euro baino gutxiago irabazten duten langileek hilero 100 edo 150 euroko osagarria izango dute aurrerantzean ere, lanaldiaren iraupenaren arabera.

Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetako 7.827 langilek eskatua zuten irail bukaeran laguntza hori, baina ordainketak asko atzeratu ziren udan, Lan Sailak onartu zuenez, eta urrian hasi zen Lanbide osagarri hori dagokionari ordaintzen, atzerako eraginez. Mendiak jakinarazi du 5.000 langilek jaso dutela osagarria gaur arte. Lanaldi erdia daukatenek 100 euroko laguntza jaso dezakete, Gizarte Segurantzatik jasotzen dutenetik aparte —beren ohiko soldaten %70—; aldi baterako enplegu erregulazioan dauden lanaldi osoko beharginek 150 euroko osagarria izan dezakete, betiere 20.000 eurotik beherako soldatapeko badira.

Lanbideren bidez eskatu behar dira osagarriak, formulario bat online betez. Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean dauden beharginek ezingo dute jaso beren ohiko soldata baino kopuru handiagorik osagarri horren bidez.

Lanbideren plan berria

Mahaiaren eduki nagusia osagarriak luzatzea izan bada ere, mahaikideek adostu dute beste neurri bat: Lanbidek martxan jarriko duela plan bat koronabirusak gogor jotako sektoreetako langileak berriro trebatzeko, lanpostu berri bat izan dezaten. Mendiarentzat, plan horrek lagunduko du «giza kapitala eta profesionala ez galtzen», kaleratutako langile batzuk eramango dituelako «enpresek behar dituzten soslai berrietara egokitzera». Plan hori Europako funts baten laguntzazgauzatu nahi du Gasteizko gobernuak.

Mendia sailburuak uste du azken akordioek erakusten dutela Elkarrizketa Sozialerako Mahaia ez dela «tramiteak» egiteko, eta mahaikideek «eragiteko gaitasuna» dutela.

CCOO gustura azaldu da erregulazioei lotutako laguntza osagarrien luzapena dela eta; sindikatu horrek mahaia goratu du, «pertsonen bizia hobetzen duten akordioak» lortzen dituelako, eta ez du aukera galdu gogoratzeko badela beste sindikalismo bat Euskal Herrian, «bere balioa erakusteko gai ez dena, muturreko egoera batean ere». Berriro ELA eta LAB sindikatuei erreparatuz, erantsi du badirela sindikatuak «gobernuekin harreman esklusiboa» lortu nahi dutenak.

Mahaiko beste kidea ere, Confebask, ez da atzean geratu, eta foro horren baliagarritasuna ere nabarmendu du. «Tresna oso erabilgarria da», Eduardo Zubiaurre presidentearen ustez, eta erantsi du patronala «ekarpen onena» egiten ari dela birusak eragindako «krisi larritik ahalik eta modu hoberenean ateratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.