Koronabirusa

Erregulazioak erregulatzen

Jaurlaritza, Confebask, CCOO eta UGT ez dira ados jarri erregulazioan daudenei saria osatzeko baldintzei buruz. Madrilen ez dute artean erabaki noiz arte luzatuko dituzten

Antonio Garamendi CEOEko presidentea eta Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa, ukondoekin agurtzen, atzo, Madrilen. KIKO HUESCA / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Aldi baterako enplegu erregulazioen hari solteak lotzen ari dira Madrilen eta Gasteizen. Erregulazio horiek hainbat hilabetez luzatzeko aukera eztabaidatzen ari dira Madrilen; Gasteizen, berriz, egoera horretan geratu diren langile batzuei beren langabezia sari apalak osatzeko akordioa lortu nahian ari dira Eusko Jaurlaritza, Confebask eta CCOO eta UGT. Mahai batean zein bestean berritasunak espero dira hurrengo egunotan.

EAEko Elkarrizketa Sozialaren Mahaian akordioa atzo bertan irits zitekeela aipatu zuten informazio batzuek, baina ez zen halakorik gertatu. Hiru orduz izan ziren bilduta Jaurlaritzako ordezkariak eta gizarte eragileak, baina adostasunik ez zuten lortu eta datorren astearterako jarri dute hurrengo hitzordua.

Jaurlaritzaren proposamen bat zuten mahai gainean: urtean 18.000 eurotik beherako kotizazio oinarria dutenei (hilean 1.500 euroren soldata, gutxi gorabehera) langabezia saria osatzea. Espainiako Gobernuak martxoan erabakitako aldi baterako erregulazio bereziak kotizazio oinarriaren %70eko langabezia saria ematen die egoera horretan dauden langileei, lehen sei hilabeteetan—gero, %50—. Diru sarrerak beste %10 osatzeko prest legoke Jaurlaritza, eta beste %10 jarriko luke enpresak, langilearen sariaren %90era arte iristeko.

CCOO eta UGT ados daude oro har planteamendu horrekin, haiek apirilean eskatutakoaren ildotik doalako. Confebaskek ez du gaizki ikusten osatzea, baina ez du uste enpresei behartu behar zaienik bere langileen langabezia sariak osatzera. Gaur egun enpresa askok osatzen dituzte halako errentak, beren lan itunetan hala agertzen delako, edo horretarako ados jarri direlako sindikatuekin.

ELAk ere eskatu du langabezia sariak osatzeko, baina bere proposamen propioa egin du, ez duelako parte hartzen Elkarrizketa Sozialaren Mahaian. Zehazki, ELAk nahi du 300 milioi euroko funts bat sortzea aldi baterako erregulazioan dauden langileen egoera hobetzeko, eta sozietate zergaren emendatze baten bitartez finantzatzea.

LABek atzo aurkeztu zuen bere proposamena: langileei gutxienez 1.200 euroren saria bermatzea.

Madrilen, asteartea da epea

Jaurlaritzaren proposamena da neurriak ez izatea atzerako eragina. Hau da, aurrerantzean aldi baterako enplegu erregulazioan geratuko direnei soilik ordaintzea. Puntu horretan, Madrilen erabakiko dutenaren menpe geratuko da Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako lotutakoa. Izan ere, koronabirusaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko Espainiako Gobernuak erabakitako aldi baterako erregulazio bereziek muga bat dute: ekainaren 30a.

Erregulazio berezi horiek luzatu egingo dituzte, baina noiz arte ez dago oraindik erabat garbi. CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE patronalak nahi dute urtearen bukaerara arte luzatzea, argudiatzen baitute sektore askotan ezingo direla aldi luze batean egoera normal batera itzuli. Espainiako Gobernuak, berriz, irailaren 30era arte luzatzea proposatu du.

Yolanda Diaz Lan ministroak ohar garbia egin zien atzo beste aldeei: «Akordioa ahal bezain pronto lortu behar da, ahal dela asteartea baino lehen». Horrekin iradoki du adostasunik lortu ezean, astearteko bileran onar dezakeela bere gobernuak hiru hilabeteko luzapena. Hori bai, sektore jakin batzuetan prest legoke urte bukaerara arte luzatzeko.

Aldi baterako erregulazio berezi horiek bi ezaugarri nagusi dituzte: erregulazio arruntetan ez bezala, Estatuak bere gain hartzen du Gizarte Segurantzaren kotizazioa; eta, bestetik, langileek ez dute langabezia saririk gastatzen. Estatuarentzat kostu handia du horrek, eta, horregatik, gobernuak nahi du enpresek bere gain hartzea kotizazioaren zati bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.