Erregulazioak eragindako langileak %56 gutxiago izan dira ekainera arte

Dosier kopurua ere murriztu da, iazko datuekin alderatuz; behera egiteko joera gelditu da ekainean

Ivan Santamaria.
2010eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Urteko lehen erdia amaitu ondoren, enplegua erregulatzeko eskaerak eta haiek eragin dieten langileak joan den urtean baino gutxiago izan dira, nabarmen. Hala ere, azken hilabeteotan dosierrek murrizteko izan duten joera hautsi du ekainak, hazkunde esanguratsu batekin. Hori bai, iazko hilabete gogorrenetatik urrun.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, Hegoaldeko 24.374 langileri eragin diete erregulazio dosierrek ekainera bitartean. Hots, aurreko urtean baino %56 gutxiago. Dosier kopuruari dagokionez, 2009ko lehen sei hilabeteetan 1.810 baimendu zituzten bi administrazioek. Aurten, berriz, 1.418 izan dira, %21 gutxiago. Espainiako Lan Ministerioak tramitatzen eta onartzen dituen eskaerak falta dira kopuru horietan.

Dosierrek eragin dieten langileak igo dira ekainean, ordea. Enpresa handiei dagozkien eskaera gehiago onartu izanaren ondorioz izan dela argudiatu du Jaurlaritzako Lan Sailak. Maiatzarekin alderatuz, %67 igo dira dosierrek eragin dieten beharginak, ia 3.800 izateraino. Baimendutako eskaerak, berriz, hamabi gehiago baino ez dira izan, baina hamarretik sei indarrean zeuden dosierrak berritzeko egin dira.

Kontratua behin-behinean etetea izan da enpresek onetsi duten formula. Horretan ere aldaketa gutxi: iazko lehen erdian onartutako dosierren %89 aldi baterako izan ziren eta %93 aurten.

Behin-behinekoak nagusi

Denborak aurrera egin ahala, gainera, ez dira igo kaleratzeak eragin dituzten erregulazioak. Ekaina arte lanpostua behin betiko galdu zuten iaz 2.269 lagunek dosierren ondorioz, eta aurten 1.000 izan dira (66 dosier onartu dira horretarako, guztira).

Espainiako Gobernuak martxan jarri duen lan erreformak erregulazioetan nolako ondorioak dituen ikusiko da datozen hilabeteotan. Sindikatuen aburuz, erregulazioekin edo horien beharrik gabe enpresei kaleratzeak egitea erraztuko die. Gobernuak, berriz, lanaldia murrizteko aukerak handitu nahi izan ditu.

Lanaldi murritzagoa duten erregulazioak egitea posible zen orain arte, baina gutxi izan dira bide hori aukeratu duten lantokiak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, esaterako, eredu hori zuten baimendutako 27 eskaerek, eta 237 langileri eragin diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.