Agintea utzi aurretik, UPNren gobernuak azken faborea egin zien CCOO, UGT eta CEN Nafarroako enpresaburuen elkarteari. Apiriletik uztailera, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (SNE) 9,5 milioi euro eman zizkien, hitzarmen bidez. Kopuru handieneko itunak, gainera, berriak ziren. Ñabardura hori ez zitzaion oharkabean pasatu ELAri. Izan ere, Espainiako Gobernuak martxoan ezarritako dekretu batek behartu egin zuenprestakuntza ikastaro guztiak lehiaketa libre bidez adjudikatzera, eta, helburua hori saihestea izan zitekeelakoan, ikertzeari ekin zion.
Aurkikuntzak hautsak harrotu ditu. Iñaki Zabaleta ELAren Nafarroako ikerketa bulegoko kidearen arabera, lehenik webgunean Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eskegita zeuden iazko hitzarmen batzuk ikertu zituzten. Onuradunen artean, hiru erakundeotako 72 pertsonen izenak agertzen ziren, eta ELAk ondorioztatu zuen diru publikoarekin soldatak ordaintzen ari zela SNE.
Adibidez, izenetako bat UGTko federazio bateko idazkari nagusi bat zen, eta soldataren %100 jaso zuela zioen itunak. UGTk arrazoitu zuen iazko maiatzaren 31n izendatu zutela federazioko buru eta ordutik ez zuela dirurik jaso. «Horrek esan nahiko luke urtarrilaren 1etik maiatzaren 31era jaso zuela soldata, baina guk badakigu garai horretan pertsona hori hauteskunde sindikalak etalan itunak prestatzen izan zela». Beste izen-abizenen artean, CCOOko eta UGTko liberatu gehiago daude. Zabaletaren arabera, CENen kasuan egitura txikiagoa da, «8-12 pertsonak osatua».
Gobernuaren iazko kontuetan jasota dagoenez, guztira 5,1 milioi euro jaso zituzten hiru erakundeok hitzarmenen bidez. Alta, prestakuntzarako ikastaroak ez dira hor sartzen. Iaz, langileentzako prestakuntza ikastaroetan 5,3 milioi euro banatu zituen Gobernuak zuzenean, eta horien onuradun nagusiak CCOO, UGT eta CEN dira. Langabeentzako prestakuntza ikastaroetan, berriz, 934.000 euro banatu ziren.
Nafarroako Gobernuari dagokio prestakuntzako dirua banatzeko baldintzak ezartzea eta 2009an UPNren exekutiboak irizpideak aldatu zituen: geroztik langabeentzako ikastaroak lehiaketa publiko bidez adjudikatzen dira, eta langileentzako ikastaroak ez. Azken horien onuradun nagusiak CEN, CCOO eta UGT dira, «diruaren %90» jasotzen dutelako, Zabaletaren arabera. Sistema horrek berezitasun bitxi bat eragin du: «2009tik Nafarroa da erkidego bakarra diru gehiago bideratu duena lana dutenentzako prestakuntza ikastaroetara lanik ez dutenentzako ikastaroetara baino».
ELAk salatu du hiru erakundeok finantzatzea dela helburua. Aurten gertatutakoak susmo horiek biziagotu ditu. Martxoaren 22an, Espainiako Gobernuak dekretu bidez erabaki zuen ordutik aurrera prestakuntzako ikastaro guztiak lehiaketa bidez egingo zirela, langileenak barne. Barcinaren exekutiboa saiatu zen Madrilekin negoziatzen Nafarroan aurreko sistemak jarrai zezan, baina hauteskundeen ondorioz Parlamentua itxi aurretik, UPNk eta PSNk saihesbide bat hartu zuten: 5,5 milioi euroko kreditu berezi bat onartu zuten,ekonomiaren susperraldirako eta enplegurako akordioaren alde (4,6 milioi) eta Gizarte Elkarrizketaren Kontseiluaren alde (900.000 euro). Bi izen horien atzean, beste behin CCOO, UGT eta CEN zeuden. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zerbitzu juridikoek ohartarazi zuten laguntza hura irregularra izan zitekeela, baina aurrera egin zuten.
Apirilaren 29tik uztailaren 28ra 24 hitzarmen izenpetu ditu SNEk hiru erakundeokin, horietako bi berriak: enplegabide eta kualifikazio-bide izenekoak. Parlamentuan onartutako 4,6 milioi euroak banatu dituzte. Beste itunak gehituta, 9,5 milioi euro joan dira hiru erakundeetara (10,5 milioi urte hasieratik zenbatuz gero). ELAk kalkulatzen du horietatik 3,9 milioi erakundeotako soldatak pagatzeko izan direla.
Salaketari agirien bitartez soilik erantzun nahi izan diote CCOOk eta UGTk. «Kanpaina pozoitsua» egitea leporatu diote ELAri. CCOOren arabera, «erabat gezurra da liberatu sindikalek aurrekontuetatik dirua jaso dutela. Hitzarmenean jasota datorren jarduera egiteko kontratatutako profesionalak dira». Programa bakoitza behar bezala ikuskatzen dela eta informazioa «gardena» dela diote. ELAri EAEko erakundeetatiklaguntza publiko ugari jasotzea ere egotzi diote.
ELAk aurtengo hitzarmenei buruzko dokumentazioa eskatu dio SNEri. Hala ere, jasotako dokumentuetan onuradunen izen-abizenak estalita ageri dira. Gainera,salatu du SNEk 2014ko hitzarmen batzuk webgunetik kendu berri dituela. Paz Fernandez SNEko zuzendari berriak Parlamentuan herenegun defenditu zuen «datuen babeserako legearen ondorioz» estali zituztela izen-abizenak. Fernandezek ez du irregulartasunik atzeman CCOO, CEN eta UGTren aldeko hitzarmenetan. «SNEk ez die liberatu sindikalei polizia zaintzarik egingo. Ez da gure zeregina».
Itunekin segi, dirua murriztu
2016ra begira, hitzarmen batzuk kendu egingo dira, baina banatutako dirua «erdira» jaitsiko da, 5,4 milioi eurora. Fernandezen arabera, diru banaketa gobernuak erabakiko du eta «ez SNEko gobernu kontseiluak». Bertan daude CCOO, CEN, UGT eta gobernua eta orain arte, beraz, onuradunek erabaki dituzte eurek jasotako hitzarmenen baldintzak.
Parlamentuan, Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Duguk hitzarmenak hiru erakundeok finantzatzeko direla salatu zuten, eta ikusteko dago zer gertatzen den 2016ko aurrekontuetan. Ezkerrak bere marra gorria marraztu du eta bazkideei ohartarazi die «sindikatu batzuen obsesio estrategikoei» jaramonik ez egiteko: «Akordio programatiko ahultzea besterik ez dute lortuko».
Urtetan CCOO, UGT eta CEN erregimenaren ikasle aurreratuak izan dira. Ehunka milioi euro jaso dituzte eta 2008an UPNren gobernuak Urrezko Dominarekin saritu zituen. Orain diru iturria erabat itxi edo ez erabaki behar du Gobernuak.
Erregimenaren ikasle aurreratuak
Prestakuntzarako zein bestelako laguntza publikoen bidez CCOO, UGT eta CENek gutxienez 20 milioi euro jaso dituzte azken bi urteetan. ELAk salatu du zati handi bat hiru erakundeotako soldatak finantzatzeko erabili direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu