Gehiengo osoaren garaia igarota, negoziazioen aroa iritsi da Frantziako Asanbleara ere, eta jada eman dute lehen fruitua: aurrera egin dute erosteko ahalmenari eusteko legegaiak eta hari lotutako aurrekontuen moldaketak. Azken hori gaur goizaldean onartu dute, Emmanuel Macronen aliantza zentrista-liberalen eta LR Errepublikanoak eskuineko alderdiaren arteko itun baten ondorioz.
Paktu horren fruitu da erregaia erosteko deskontu publikoa hemezortzi zentimotik 30era emendatuko dela irailean eta urrian. LR-ren eskaera zen, eta atzera bota du Bruno Le Maire Finantza ministroaren hasierako asmoa, hots, hamabi zentimora jaistea urrian, seira azaroan, eta zerora abenduan; orain, hamar zentimokoa izango da azaroan eta abenduan.
Erosteko ahalmenari buruzko legegaia ostiralean onartu zuten, eta haren ondorioz %4 emendatuko dira pentsioak eta gizarte sari gehientsuenak. Aldeko 341 boto izan zituen testu horrek, horien artean eskuin muturreko RN Batasun Nazionaleko diputatu gehienena. Nupes ezkerreko batasuneko gehienek kontrako botoa eman zuten ostiralean, eta gauza bera egin dute gaur. Hala ere, aurrekontuen moldaketak aldeko 293 boto jaso zituen, aurkako 146, eta hamazazpi abstentzio. RNko diputatuek ez zuten botorik eman.
LR, alde eta aurka
LRko talde parlamentarioko buruak, Olivier Marleixek, argudiatu du «tirabira positiboa» izan duela gobernuarekin, eta horren ondorioz lortu dituztela beste zenbait kontu. Horien artean daude 35 oreneko lan astearen araua gehiago malgutuko duten bi neurri: batetik, zergarik ordainduko ez dituzten aparteko orduak 5.000 eurotik 7.500 eurora igarotzea, eta enpresei aukera ematea langileek baliatu ez dituzten atseden egunak erosteko.
Baina beste kontu batzuetan LRk gobernuko taldeak alde batera utzi zituen, eta oposizioko beste taldeekin bat egin zuen. Horren ondorioz onartu dute etxea berotzeko fuel olioa erretzen duten familientzat 230 milioi euroko laguntza bat, eta departamenduei 120 milioi ematea RSA gutxieneko saria ordaintzeko gai izan daitezen.
Beste neurri batzuk ere indarrean jarriko dira: Ipar Euskal Herriko eta Frantziako herritarrek urtean 138 euroko saria ordaindu behar dute gaur egun telebista eta irrati publikoak finantzatzeko, baina sari hori ezabatu egingo dute udazkenean.
Argindarra eta gasa
Energia taldeei aparteko sari bat ezartzeko aukera ere aztertu dute legebiltzarkideek, baina gutxigatik ez dute onartu. Aurrera egin du, ordea, EDF argindar konpainia erabat publiko egiteko beharrezkoak diren akzioak erosteko 9.700 milioi euro jartzeak. Estatuak %83,9 du orain, baina gainontzekoa erosi nahi du Macronen gobernuak; besteak beste, bere adar nuklearrari beste bultzada bat emateko.
Oraintxe, Frantziaren 56 erreaktore nuklearren erdiak inguru geratuta daude, herdoiltze arazo batzuk konpontzeko. Horren ondorioz, Frantzia ez da ari normalean bezala argindarra esportatzen, inportatzen baizik, eta oso garesti. Herritar gehienek, ordea, ez dute prezio igoera handirik antzemango: argindarraren prezioa gehienez %4 emendatuko da. Gasarenak izoztuta jarraituko du, 2021eko urriko prezioetan.