Erregai gutxiago inflazioarentzat

Bazirudien pandemiaren osteko hazkundeak eta Ukrainako gerrak petrolioa garestituko zutela, baina oso bestelakoa izan da joera: kontsumoak behera egin du.

Gaslindegia
Gasolindegi bateko langilea, prezioak aldatzen. SERGIO ORDUÑEZ / EFE
jokin sagarzazu
2024ko urtarrilaren 13a
05:00
Entzun

Ez da beharrezkoa kalkulagailua ateratzea: ibilgailu bat erregaiz bete duen edonor ohartuko zen bere faktura merkatu dela. Erregaien prezioak hiru hilabete daramatza behera egiten Euskal Herrian. Eta hori inflazioaren jaitsieraren arrazoi nagusietako bat bihurtu da.

Gasolinaren prezioa urriko lehen astean hasi zen jaisten; paradoxikoki, Gazako gerra hasi zen aste berean. Gatazka horrek bere hartan dirau — Ukrainakoak bezala —, baina analista askok egin zituzten iragarpen txarrak ez dira bete. Hala ere, prezioaren igoeraren mamuak hor jarraitzen du; orain, Yemengo matxino huthiekin. Itsaso Gorria zeharkatzen duten kargaontziei erasotzen ari dira, eta leku estrategiko horretatik igarotzen da petrolioaren munduko merkataritzaren %12. Oraingoz, dena den, gatazka horrek ez du eraginik izan erregaien prezioan.

Bazirudien, halaber, eragin handia izango zuela Ukrainako gerragatik Errusiari ezarritako zigorrak. Otsailean sartu zen indarrean Europako Batasunak hari erregaia erosteko debekua. Europan kontsumitutako dieselaren herena Errusiatik zetorren. Berriro ere prezioak igotzea espero zen, baina, hain justu, urteko preziorik merkeenak maiatz hasieran erregistratu ziren. Adituek azaldu zuten banatzaileek handitu egin zituztela erreserbak Errusiaren zigorra ofizialki iragarri aurretik. Baina, ondoren ere, Errusiatik erregaiak iristen jarraitu du, beste bide batzuetatik eta merkeago.

Gero, uda hurbildu ahala eta urtaro horretan ohiko denez, prezioak igotzen hasi ziren, eta urteko maximoak irailaren amaiera eta urriaren hasiera bitartean iritsi ziren: gasolinaren kasuan 1,783 euro litroa, eta dieselarenean 1,707 euro. Orduz geroztik, une jakin eta oso laburretan izan ezik, prezioak jaitsi besterik ez dira egin.

Hala ere, garesti

Dena den, gaur egungo prezioak ia pentsaezinak izango lirateke pandemia eta Ukrainako gerra baino lehen. Prezioen historikotik azken bi urteetakoak kenduz gero, gasolina inoizko garestien dago. 2012koa da marka: Hego Euskal Herrian, 1,5 euro litroa. Orain, pixka bat gehiago pagatzen da, baina badirudi merkatua normaltzen ari dela. Hala ere, erregaien eta bestelako produktu energetikoen prezioek hilabeteak daramatzate behera egiten —argindarraren eta gasaren kasuan, BEZ zergaren murrizketagatik—.

Eta zenbat iraungo du jaitsierak? Egoera geopolitikoaz gain, petrolioaren prezioa ere eskaintzak eta eskariak baldintzatzen dute, eta biak jaisten ari dira. Europan erreferentziazkoa den Brent upela %10 baino gehiago merkatu zen iaz: 78 dolarrean dago orain. 2022aren hasieran 100 dolarretik gora egon zen. Nolanahi ere, egungo prezioa azken bost urteetako batezbestekoaren gainetik dago.

.

-0,10

Hamar zentimo merkeagoa Europan baino. Europako Batasunean gasolina litroaren batez besteko prezioa 1,677 euro zen aste honen hasieran, eta Euskal Herrian, 1,573 euro. Hamabost herrialdetan gasolina garestiagoa dute, eta beste hamabitan, merkeagoa. Danimarkan dago garestien, 1,937 euroan, eta litrorik merkeena Bulgariak du, 1,309 euroan. Dieselaren prezioa, berriz, EBn 1,633 euro zen batez beste, eta Euskal Herrian, 1,526; 11 herrialdetan dago merkeago.

Erregaien kasuan, azken urtean %6,2 jaitsi da gasolinaren prezioa Euskal Herrian; diesela, %10,5. Petrolioarena baino motelagoa izan da jaitsiera, ohi bezala. Izan ere, erregaien prezioan petrolioarenak finkatzen du batez ere, baina ez da aldagai bakarra. Fintze kostuak ere kontuan hartu behar dira, eta, findegi asko itxi direnez, batez ere Europan, handitu egin dira. Kontuan hartu behar dira, halaber, banaketaren prezioaren igoera, zergak — azken urtean ez da beherapenik izan, Hegoaldeko garraiolarientzat izan ezik—, eta enpresen irabazi marjinak, horiek ere gora egin baitute.

Petrolio gutxiago

Petrolioaren prezioa, neurri batean, LPEE+ Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen eta haren aliatuen produkzioaren mende dago. Iaz, Saudi Arabia eta Errusia buru dituen talde horrek ekoizpena murriztea adostu zuen, garestitzeko asmoz. Baina apenas izan zuen eraginik. Upela ehun dolarrera gerturatzea zen haien asmoa; orain, 70 dolarrera ez jaistea da. Horri begira, ekoizpena koska bat gehiago murriztea erabaki zuten azaroan, beste milioi bat upel gutxiago egunean.

Bi faktorek azaltzen dute LPEE+ taldearen ezintasuna. Batetik, kontsumoa ez da handitu uste zuten bezainbeste, jarduera ekonomikoa motel hazten ari baita. Halaber, garraiobideen eta beste sektore batzuen elektrifikazioa aurrera doa, eta, hari esker, erregaien kontsumoa murrizten ari da Mendebaldean, eta uste baino gutxiago handitzen ari da Txinan. Bestetik, LPEE+ taldetik kanpo dauden ekoizleak petrolio gehiago ateratzen ari dira beren hobietatik. Orain AEBak dira, gero eta alde handiagoz gainera, munduko petrolio ekoizle nagusiak, fracking-ari esker, neurri handi batean.

Eta zer gertatuko da aurten? IEA Energiaren Nazioarteko Agentziaren azken aurreikuspenaren arabera, petrolio eskariaren hazkundea ez da handituko ekoizle nagusiek nahiko luketen neurrian. Aurten eguneko 1,1 milioi upel gehiago izango direla iragarri du, iazkoaren erdia. Oso litekeena da LPEE+ taldekoek murrizketekin jarraitzea, baina baita AEBek oraingo erritmoari eustea ere. Munduan petrolio gehiago kontsumitzen da, baina eskariaren hazkundea gero eta motelagoa da. IEAk uste du petrolioaren kontsumoak 2030erako joko duela goia, eta hortik aurrera murriztu egingo dela.

Petrolioaren merkatuak ziurgabetasuna du zerumugan. Bitartean, ekoizleak tanta bakoitzari ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.