Nuria Lekue. Estaserbiko presidentea

«Erregaia zenbat eta garestiago egon, guretzat okerrago»

Lekuek nabarmendu du gasolindegien %70 enpresa txikiak eta ertainak direla, eta petrolio konpainia handiekiko independenteak direla. Ez du uste erregaiak luze gabe merkatuko direnik.

BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Petrolio konpainiak eta gasolindegi gehienak gauza bera ez direla argi uzten saiatu da Nuria Lekue (Bilbo, 1972). Bizkaiko gasolindegien patronaleko burua da, eta nabarmendu du beraiek ere garesti erosten ari direla erregaia. Cebek Bizkaiko enpresarien elkartearekin batera antolaturiko hitzaldi jardunaldiaren atsedenean hitz egiteko tarte bat hartu du.

Nola dago gasolindegien sektorea egun?

Abuztuaren 31ra arteko datuak jaso berri ditut, eta iaz epe berean baino %9,4 gutxiago saldu dugu aurten. Erregai litroez ari naiz. Eta 2019ko datuekin alderatuz, pandemia aurreko azken urte normalarekin, jaitsiera %22koa da.

Erregaiak iaz izan zuen eta egun duen prezioarekin aberastu egin al zarete?

Guztiz kontrakoa. Enpresa ertain eta txiki garen gasolindegientzat, erregaia zenbat eta garestiago egon, guretzat okerrago. Salmentak murriztu egiten dira. Garesti badago, jendeak gutxiago erosten du. Mugitzeko beharra dutenek: lanerako, beharrak asetzeko... Ez dute besterik, baina aisiarekin zerikusia duten bidaiak murriztu egin dira. Salmentak jaistean gure marjina ere murrizten da.

Zenbatekoa da marjina hori?

Ezin da zehaztu, gainera lehia kontuetan ere sar gaitezke eta ezin dugu halakoei buruz hitz egin. Baina irabazi marjina oso txikia da. Negozioaren gakoa salmenta bolumen handia lortzea da, kostu finkoak estaltzeko.

Erregaiaren prezioa goraka ari da azken bederatzi asteetan.

Ekainetik hona gasolinaren prezioa %8,8 igo da, gasolioarena %13 eta Brent upelarena %27. Alegia, petrolioaren prezioa gasolindegikoa baino gehiago igo da. Baina guk ez dugu Brent erosten, gure erosketa prezioa erregaien nazioarteko kotizazioaren araberakoa baita, eta, horri erreparatuz gero, ekainetik hona gasolioaren nazioarteko prezioa %40 igo da. Datu garrantzitsuak dira horiek. Nik ulertzen dut kontsumitzailea gasolindegira iristen dela eta prezioak garesti ikusten dituela, oso goian daudelako, baina berak duen arazo bera dut nik erostera noanean. Hark 50 litroko depositua du, eta guk 40.000koa.

Erregaia bi eurora itzuliko al da?

Ezetz espero dut, baina ez dakit. Nire esku balego, erregaia merke legoke, gehiago salduko genukeelako. LPEEk petrolio ekoizpena murriztu du upela ez dadin 75 dolarretik jaits. Horri gehitu behar zaio munduko findegiak %95era daudela lanean, gero eta gutxiago daudelako. Produktu batek iraungitze data badu, nork inbertituko du hor? Eskaera, aldiz, mantendu egin da munduan. Esaterako, gure ibilgailuen %99k erregai fosilak erabiltzen dituzte.

Hori entzunda, ez dirudi epe motzean merkatuko denik.

Ez dut uste. Oker egon nahiko nuke, gustura asko sartuko nuke hanka iragarpenean, eta bezeroari prezio hobe bat eskaini ahal izan, baina uste dut epe motzean ezinezkoa izango dela.

Gasolindegi gehienak enpresa txikiak zaretela nabarmendu duzu. Nolakoa da petrolio enpresekin negoziatzea?

%70 enpresa txiki eta ertainak gara, eta ez dugu petrolio putzurik gasolindegiaren azpian. Zerbitzugunean bandera jar dezakeen petrolio enpresarekiko independenteak gara eta bezeroak hori ulertu behar du. Zu baino askoz handiagoa den batekin negoziatzea nolakoa den imajina dezakezu. Sokatira lehia bat da, eta ahal duguna egiten dugu.

Gasolindegi mota asko dago egun. Alde handia al dago batetik bestera?

Ez da erraza esaten. Negozioa ereduaren araberakoa da. Adibidez, langile asko badituzu gastu bat duzu hor, eta ez baduzu langilerik prezio hobea eskain dezakezu. Gero erosketa kudeatzeko garaian ere aldeak daude: bolumena, hornitzailea... Bakoitzak ahal duena egiten du, negozio guztietan bezala. Gasolindegi gehienak, auzoko okindegia edo arrandegia bezalako negozioak gara.

Ikerketa baten arabera, potentzia handiko kargagailu elektriko gutxi daude Euskal Herrian. Isunen beldur al zarete?

Trantsizio energetikoaz hitz egitean, nire ustez, argi utzi behar da deskarbonizazioa eta elektrifikazioa ez direla gauza bera. Kontuan hartu behar dira emisio gutxiago sortzen dituzten beste erregai alternatiboak. Egungo ibilgailu gehienek erabil ditzaketen, eta kargatzeko azpiegituretara egokitzen diren erregai sintetikoak baldin badaude, ezin ditugu alboratu. Beste aldagai bat: Espainian sortzen den argindarraren erdia baino gutxiago da berriztagarria. Alegia, ibilgailu elektrikoa erabiltzeak ez du esan nahi kutsatzen ari ez garenik. Erregai fosila darabilten motorrak debekatzeak ez du zentzurik. Beste kontu bat da motor hori mugitzen duen energia debekatzea, baina konbustio motor hori kutsatzen ez duen energia batekin mugitzeko gai bagara, atea ireki behar diogu.

2035aren beldur al zara?

Bide luzea falta da, errealitatea egoskorra baita. Ibilgailu eredu bat inposatzen saiatzen ari dira, baina bezeroak oraingoz ez du nahi. Konpondu beharrekoa ibilgailuen batez besteko adina da. Egun 14 urtekoa da, eta zaharrek kutsatzen dute gehien. Jendeak ez daki zer erosi, gasolioari beldur dio, eta ikusten ari gara ibilgailu zaharrak erosten dituela, bizpahiru urterako. Bestalde, auto berrietan gehien saldua Dacia Sandero da, modelo merke bat. Nork ordain dezake auto elektrikoa?

Karga elektrikorako azpiegitura aipatu duzunez, bi datu emango ditut: Espainian erregai mahuka bat dago energia hori erabiltzen duten 400 autorekiko; aldiz, karga elektrikorako puntuei dagokienez, bat dago sei auto elektrikoko. Elektrikoen zabalkundea eragozten duen oztopo bat badago, hori ez da kargatzeko puntuen gabezia.

Gasolindegietan gero eta gauza gehiago saltzen dira. Hain garrantzitsua al da beste alde hori?

Negozioaren muina erregaia da, baina gero eta gutxiago saltzen da eta marjina txikiagoa da. Horrek beste diru sarrera batzuk bilatzera behartu gaitu. Mendialdeko eta nekazaritza guneetako gasolindegietako garrantzia nabarmenduko nuke. Txikienak izanda, horiek saltzen dute gutxien, baina haien inguruneetan oso garrantzitsuak dira, eta hornikuntzarik gabeko guneak egotea eragozten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.