Arnasa pixka bat eman du inflazioak abuztuan, baina ez prezioen igoerak eragindako itolarria arintzeko adina. Hiru hilabetez gora egin ondoren, bi hamarren jaitsi da urte arteko inflazioa Hego Euskal Herrian, %10,5eraino, INE Espainiako estatistika erakundearen arabera.
Neurri oso handi batean, erregaien merkatzeari zor zaio jaitsiera txikia, goranzko joera indartsuari eusten baitiote herritarren erosketa saskiaren beste bi osagai nagusiek: elikagaiek, batetik, eta argindarrak eta gasak, bestetik.
Erregaien merkatzeak, gainera, erro negatibo bat dauka: inflazioarengatik neurri handi batean, AEBak eta Europako Batasuna atzeraldian sartzea arrisku erreala da orain, eta horrek petrolio upelaren prezioa txikitu du, atzeraldi batek kontsumo txikiagoa ekarriko lukeelako. Brent upela 120 dolarretik gora salerosi zen ekainean, baina abuztuaz geroztik oso gutxitan gainditu ditu ehun dolarrak, eta atzo 95 dolarrean salerosten ari zen upela.
Hari lotuta, gehien kontsumitzen den erregaia, gasolioa, hamabi zentimo merkatu da; 1,984 euroan salerosi zen batez beste uztailean, eta 1,862 euroan abuztuan. Are gehiago jaitsi da gasolinaren prezioa, hemeretzi zentimo, 1,840 euroraino. Prezio horiei kendu egin behar zaie Espainiako Gobernuak ordaindutako deskontua (hamabost zentimo) eta petrolio konpainiek egindakoa (bost eta hamar zentimo artean).
Berriro ere, gasolina merkeago dago gasolioa baino, eta joera hori sendotzen ari da azken egunotan, gasolioaren prezioa gora egiten ari baita (1,927) eta behera, berriz, gasolinarena (1,784).
Elikagaiak
Baina erregaien prezioaren jaitsieran bukatzen dira herritarrentzako berri onak. Izan ere, beste bi gastu nagusietan prezioen gorakadak ez du etenik. Elikagaiena jada %13,9ra heldu da (uztailean %13,6an zegoen). Hori bai, hiru hamarreneko igoera hori azken hilabeteetako txikiena da, eta, hurrengo hilabeteotan baieztatuko balitz, esan nahiko nuke elikagaien garestitzea goia jotzen ari dela.
Baina orainari erreparatuz gero, ikusten da oso oinarrizko elikagaietan gertatu direla igoera nabarienak, arrautzak (+%26), olioa (+%25) eta esnea (+%21,4) buru direla. Patatek iaz baino %15,3 gehiago balio dute, barazkiek %13,1 gehiago, eta fruta freskoak %12,3 gehiago.
Haragien artean, behikiaren prezioa igo da gehien (+%17,9), eta, ondoren, oilaskoa (+%14), txerrikia (+%11,3), eta ardikia (+%2,8). Ikusi beharko da hurrengo hilabeteotan zer gertatzen den behikiarekin, belar eskasiak eta pentsuaren garestiak behi asko sakrifikatzea ekartzen ari delako.
Baina, elikagaien gainetik, etxeko gastuak ari dira garestitzen gehien, hor sartzen baitira gasa eta argindarra. Aurtengo abuztuan iazkoan baino %48,5 garestiago zeuden, Errusiak Europaren gasaren iturria beste koska bat ixteak erregai horren prezioan sekulako gorakada ekarri baitu, eta, haren ondorioz, baita argindarrarenean ere. Merkatu arautuan dauden hegoaldeko herritarrek ia 308 euroan ordaindu dute megawatt-ordua, beste inoiz baino gehiago.
Ikusi gehiago: «Banatzaile eta saltoki handiak ere ari dira zama bat hartzen»