Erregai fosiletako inbertsioa murrizten hasi da Eusko Jaurlaritza

Errioxako gas esplotazio batean dituen partizipazioak saltzear da Eusko Jaurlaritza. Bestalde, Iberdrolarekin batera 60 milioi euro inbertituko ditu parke berriztagarri mixto batean, Araban.

Viura gas hobia. HEYCO ENERGY GROUP
Viura gas hobia. HEYCO ENERGY GROUP
inaut matauko rada
2024ko apirilaren 25a
16:10
Entzun

Eusko Legebiltzarrak urte hasieran onartutako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren legeak dioen bezala, Eusko Jaurlaritza erregai fosiletako azpiegituretan inbertsioak murrizten hasi da. Eldiario.es hedabideak atzo jakinarazi zuenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak Errioxako (Espainia) Viura gas hobian dituen partizipazioak saldu dizkio Heyco Energy enpresa estatubatuarrari; Espainiako Gobernuaren onespena besterik ez da falta. Eusko Jaurlaritzak ez du albistea baieztatu ezta gezurtatu ere.

Gas esplotazioaren akzioen %38 bat ditu Eusko Jaurlaritzak, Shesa sozietate publikoaren bidez, eta salmenta egitean Heycok ia akzio guztiak izango ditu —Oil&Gas Skills enpresak akzioen %3,5 ditu—. Iazko azaroan iragarri zuen Arantxa Tapia Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak akzio horiek saltzeko asmoa zegoela. 2015etik hona Eusko Jaurlaritzak 44 milioi euro lortu ditu gas hobi horren esplotaziotik; hala ere, gastuak eta inbertsioak ia 40 milioi eurokoak izan dira; beraz, irabazi garbiak lau milioi euro pasatxo dira.

Legea betez

Energiako inbertsioek energia fosiletatik berriztagarrietara joan behar dutela dio 2024ko trantsizio energetikorako legeak. Salmenta hori horretara dator, baita Iberdrolarekin batera Eusko Jaurlaritzak egingo duen inbertsioa ere: Energiaren Euskal Erakundeak eta Iberdrolak 60 milioi euro inbertituko dituzte Araban, Aixeindar sozietatearen bitartez, haize errotez eta plaka fotovoltaikoz osatutako parke berriztagarri bat egiteko. 40 milioi euro haize errotentzat izango dira, eta 20 milioi berriz eguzki plakentzat.

Laminoria izango da parkearen izena, eta Azazeta parke eolikotik gertu egongo da; hori dela eta, Arabako Mendiak Askek salatu zuen Aixeindarrek lege-iruzurra egin duela, teorian bi diren parkeek instalazio bakar bat osatuko dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.