Beroketa globala 1,5 gradutara mugatzeko Parisko Akordioaren helburua lortzea ezinezkoa da, gobernuen egitasmoei begiratzen bazaie. Ariketa hori egin dute Nazio Batuen Erakundeak gaur argitaratutako txostenerako. Haren arabera, beroketa globala 1,5 gradura mugatzearekin bateragarriak liratekeen ekoizpen kopuruak bikoiztu egingo dira, baldin eta gobernuek 2030. urterako dituzten planak betetzen badira.
Zehazki, beroketa 1,5 gradura mugatzeko beharko litzatekeen baino %110 erregai fosil gehiago ekoizteko asmoa dute gobernuek, eta beroketa bi gradura mugatzeko beharko litzatekeen baino %69 gehiago.
Ekoizpen Arrakalaren Txostenak, hain zuzen, erregai fosilen ekoizpenaren %80 hartzen duten hogei herrialderen planak aztertu ditu. AEB, Alemania, Arabiar Emirerri Batuak, Australia, Brasil, Erresuma Batua, Errusia, Hegoafrika, India, Indonesia, Kanada, Kazakhstan, Kolonbia, Kuwait, Mexiko, Nigeria, Norvegia, Qatar, Saudi Arabia eta Txina.
Hogei herrialde horietatik hamazazpik jada konpromisoak dituzte isuriak murrizteko, eta askok iragarria dute erregaien ekoizpen jardueretako isuriak gutxitzeko asmoa. Baina, aldi berean, «erregai fosilen hedapena sustatzen, laguntzen, bultzatzen eta planifikatzen jarraitzen dute», eta ez dute inongo konpromisorik ekoizpena gutxitzeko; ez, behintzat, beroketa 1,5 gradura murrizteko bateragarria litzatekeen neurrian.
Adibidez, plan horiek betetzen badira, helburu hori lortzeko aurreikusitako beharrezkoa baino %460 ikatz gehiago ekoitziko da 2030ean, %29 petrolio gehiago eta %82 gas gehiago.
Eta Parisko akordioari jarraikiz, NBEren txostenaren arabera, herrialdeek ia erabat utzi behar liokete ikatza ekoizteari eta erretzeari.
Petrolioari buruz, hainbat erakundek iragarri berri dute erregai fosilen eskariak hamarkada honetan joko duela goia, politika berririk gabe ere, baina, txostenaren arabera, petrolioaren eta gasaren ekoizpen konbinatua hiru laurden gutxitu beharko litzateke.
COP28a
Eskaintzaren aldetik, beraz, oraindik negutegi efektuko isuriak murrizteko asmorik ia ez da antzematen. Kezka hori adierazi du txostenaren egile nagusietako batek, Stockholmeko Ingurumen Institutuko AEBetako adarreko zuzendari Michael Lazarusek: «Eskariaren ikuspegitik, erregai fosilentzako alternatibak behar ditugu, eta horiek azken urteetan hazi egin dira. Baina ez badugu aurrerapenik eskaintzaren aldetik, trantsizioa arriskuan izango da».
Egia da herrialde batzuk erraztasun handiagoak dituztela erregaiak uzteko. NBEren txostenaren ustez, haiek murrizketa handiagoak egin beharko lituzkete, eta baliabide mugatuagoko herrialdeei lagundu beharko liekete.
Erregai fosilak ekoizteari uzteko eztabaida mahai gainean izango dute azaroaren 30etik aurrera COP28 bilkuran, Dubain (Emirerri Batuak). NBEko idazkari nagusiak hori nahi du, adibidez: «Ezin diogu klima hondamendiari aurre egin heldu gabe funtsezko kausa, erregai fosilekiko menpekotasuna. COP28ak seinale argia eman behar du, erregai fosilen aroa gasik gabe geratu dela, haren bukaera saihetsezina dela».