Erregai fosil gehiago ez, eskerrik asko

Nazioarteko Energia Agentziak (IEA) zenbait mugarri zehaztu ditu bide orri batean, munduko energia sektorea karbonoan neutral izan dadin 2050ean. Besteak beste, esan du ez dela zabaldu behar petrolio eta gas hobi gehiago. Munduko energia eskariaren %80 betetzen duten erregai fosilek %20 bete beharko dute hemendik 30 urtera.

Erregai fosil gehiago ez, eskerrik asko.
Irune Lasa.
2021eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun

Mezuak soilik ez, gauzak nork esaten dituen ere garrantzitsua izan ohi da, eta batzuetan, oso garrantzitsua. Hori gertatu da aste honetan IEA Nazioarteko Energia Agentziarekin. Hidrokarburoen kontsumitzaileen alde egiteko sortu zen erakunde horrek esan du hemendik aurrera ez dela zabaldu behar petrolio eta gas hobi gehiago, ezta ikatz meategi gehiago ere, 2050ean energia sektoreak karbono neutraltasuna iritsi nahi badu; ezinbestekoa izango dela erretorikatik errealitaterako jauzia egitea eta energiaren arloko «inoiz ez bezalako transformazioa» gauzatzea, beroketa globala 1,5 gradura mugatzeko aukera izango bada.

Hainbat eragilek aspalditik eskatzen ziotena bete du azkenean IEAk: asteartean, txosten mardul bat aurkeztu zuen bide orri bat marrazteko, datozen 30 urteetan munduko energia sektoreak karbono neutraltasunerantz bete beharreko mugarriekin. Askok espero baino mezu indartsuagoarekin, aho zabalik utzi du bat baino gehiago.

Ez baitira nolanahiko mugarriak lortu behar direnak, nolabait, orain gobernu eta enpresen betebehar bihurtu direnak. Fatih Birol IEAko zuzendari nagusia, behintzat, ez da epelkerietan ibili: «Petrolioaren, gasaren eta ikatzaren eskariak izango duen gainbehera handiari begira, jada ez dago beharrik erregai fosilen eskaintza handitzeko inbertsioetarako. Hemendik aurrera, ez da eraiki behar karbono harrapaketarik gabeko beste ikatz zentral termikorik. 2035etik aurrera, ez da saldu behar barne errekuntzako auto berririk, eta auto elektrikoak %5 izatetik %60ra pasatu behar dira 2030erako. 2040an, argindar sistema globalak karbono isuririk gabea izan behar du».

GARRANTZIA

OCDErekin lotutako gobernu arteko erakundea da IEA, eta, beraz, herrialde aberatsak ditu kide. Haren txostenek eta gomendioek jarraipen zuzena izaten dute herrialde horien energia politiketan, baina beste hainbat herrialdeentzat ere erreferentzia sendoa dira, baita inbertsiogile eta merkatuentzat ere. Eta hortik IEAren bide orri berriaren garrantzia eta eragin ahalmena.

Ingurumenaren aldeko taldeek hainbatetan leporatu diote IEAri ez duela azterketa fundamentuzkorik egin klima larrialdiari aurre egiteko jokalekuei buruz, eta berriztagarrien garrantzia gutxietsi duela. Baina herrialde aberatsak euren buruari deskarbonizazio helburuak jartzen hasi izanak eta batez ere Joe Bidenekin AEBak ere bide horretan jartzeak erraztu egin du IEAren beraren transformazioa, bai mezuan, baita haren izaeran ere.

Erregai fosilen hornikuntzaren disrupzioei aurre egiteko eta sektoreari buruzko informazioa biltzeko eta lantzeko sortutako agentzia bat da IEA, baina orain beste helburu batzuk dituela iragarri zuen iazko urrian Birolek berak: «Erabakia dugu IEA energia garbirako trantsizio globalerako agentzia bihurtzea».

ERRETORIKA

IEAko zuzendari nagusia jada jarri da rol horretan. Aste honetan, deskarbonizazio helburu arranditsuetatik harago ekitera deitu ditu gobernuak eta enpresak: «Aurtengo isurien hazkundea handienetan bigarrena izango da. Ikusten ari gara handitzen ari dela tartea gobernuen erretorikaren eta bizitza errealean gertatzen denaren artean. Hainbat konpromiso eta promesa entzuten ari gara, baina zenbakiak, emisioak, gora doaz».

IEAren arabera, gero eta denbora gutxiago dago gauzak aldatzeko, eta berehala egiten hasi beharreko «etxeko lanak» jarri ditu: «Hiru etxeko lan guztientzat, gobernu, industria eta herritarrentzat. Bat: energia baliabide garbiak ahalik eta gehien erabiltzea. Bi: berrikuntzaren botoiari ematea, teknologia berriak garatzeko, ahalik eta lasterren egon daitezen prest merkatuan, batez ere industriarako, garraio astunerako, hegazkinetarako eta itsas garraiorako. Hiru: erregai fosilen erabilera nabarmen murriztea».

INBERTSIOAK

Hori bai, dirutza beharko da inbertsioetan urtero mugarri horiek betetzen joateko. IEAren kalkuluen arabera, energia sektorean urtero munduan egin den inbertsioa ia 1,9 bilioi euro inguruan ibili da azken urteetan (2,3 milioi dolar). Bada, karbono neutraltasuna lortzeko inbertsioetan jauzi ikusgarria egin beharko da, urtero lau bilioi euroren inbertsioak egin beharko baitira iturri berriztagarrien hedakuntzan, elektrifikazioan... Hots, munduko barne produktu gordinaren %1 gehiago jarri beharko da urtero.

Enpleguari dagokionez, gaur egun energia alorrak mundu osoan zuzeneko 40 milioi langile dituela kalkulatu du IEAk, eta, bide orria betetzen joango balitz, datozen hamar urteetan hamalau milioi lagun gehiago beharko lirateke energia garbietan. Aldiz, 2030erako, bost milioi enplegu galduko dira petrolio, gas eta ikatz hornikuntzan eta haiek erabiltzen dituzten zentraletan.

DENBORAREN KONTRA

Nahiko argi dago deskarbonizazioa, iristekotan, lehenago iritsiko dela herrialde garatuetan eta garabideko herrialdeek laguntza beharko dutela egin beharreko inbertsioetarako. Guztien mesederako. Hori esan nahi izan zuen Birolek astearteko aurkezpenean: «Lasterketa honetan, denak ez dira abiatzen leku beretik. Lasterketa ez da herrialdeen artekoa, zenbakiei begirakoa: denboraren kontrako lasterketa bat da. Ez da arrakastarik izango herrialde guztiak ez badira iristen helmugara. Klima aldaketari aurre egiteko, garrantzi kritikoa izango du herrialde garatuen eta garatzeko bidean direnen arteko kooperazioak».

ZALANTZAK

IEAren bide orriaren garrantzia inor gutxik jarri du auzitan, baina, hala ere, zalantza batzuk agertu dira sare sozialetan eta erakunde batzuetan. Adibidez, energia nuklearrak deskarbonizazioan jokatu beharreko zereginaren inguruan. 2050. urteko energia hornikuntzan, nuklearrei %11ko zatia aitortzen die bide orriak, eta gaur egun %5 betetzen du.

Bestalde, bide orriak efizientzian eta teknologian aurreikusten dituen hobekuntzen inguruan ere zalantzak agertu dituzte aditu batzuek. IEAk herrialde aberatsenen BPGrako aurreikusitako hazkundea baino txikiagoa da energia beharren hazkundea, eta horrek ere piztu ditu dudak.

Ikusi gehiago:Munduko lur eremuen %17 babestuta daude jadanik

Deskarbonizazioan karbono harrapaketarako, erabilerarako eta biltegiratzerako IEAk iragarritako partearekin ados ez daudenak ere badaude; batetik, harrapaketa teknologiak oraindik ia garatu gabe daudelako, eta, bestetik, haiek ingurumenean eragin dezaketen kaltearengatik.

Edonola ere, orain ez hainbeste sinestezina zirudiena gertatzeak gero eta aukera errealagoa dirudiela nabarmendu du IEAren txostenak: petrolio, gas eta ikatz asko lurpean geldituko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.