Deliberamendua eta arrangura. Biak sentitu zitezkeen atzo goizean Baionako lan burtsan. Egunero bezala, batzarra egin zuten trenbideetako langileek, eta greba mugimenduarekin segitzea erabaki zuten %92k, baina greban irauteko eta eraginkorrak izateko estrategiari buruz eztabaida izan zuten, eta agerian utzi zituzten hartu beharreko norabideari buruz izan daitezkeen desadostasunak. Frantziako Gobernuak egin nahi duen erretreten erreformaren kontrako mobilizazioa hasi zenetik, zortzigarren greba eguna dute gaurkoa trenbideetako langileek.
Mezu baikorra helarazi nahi izan zien langileei Julien Delion CGTko arduradunak. Sektore anitzetan bozkatu dute grebarekin segitzea, eta erantzuna «handia» izaten ari da. «Ez gara mugimenduaren lokomotiba». Baina batek baino gehiagok agertu zituen kezkak: «Ezin dugu bizpahiru aste iraun greba mugagabean», zioen batek, luza daitekeen mugimendu batek sortzen duen «beldurra» hizpide hartuta. Hainbat lanposturen artean koordinatuz, greba txandaka egin, eta egunero trenak geldirik egotea lor dezaketela iradoki zuen. «Bai, baina horrek ez digu ahalbidetzen denen artean bildu eta bestelako ekintzak egitea, beste sektoreetako langileekin elkartzea», beste langile baten erantzuna.
Baiona eta Hendaia arteko langileak bilduak ziren atzo goizean, baina federazioka antolatuak dira trenbideetako langileak. «Intersindikalean greba iraunkorra egitea erabaki dugu oraingoz», esplikatu zuen Delionek. «Gurea bezalako beste hogei batzar daude Akitania Berria eskualde guzian; ezin dugu guk bakarrik erabaki». Baionan agertutako kezkak federazio mailara helaraziko dituela hitzeman zuen. Greba kutxa bat abiatzearen ideia ere zabaldu zuten langile batzuek. Ez zuten baztertu, baina oraingoz Frantziakoarekin arituko direla adierazi zuten.
«Ikusi behar dugu nola egin ahal bezainbat indar emateko eta irauteko, ahal bezain diru gutxi galduta», esplikatu zuen Peio Dufau CGT sindikatuko kideak. Oroitarazi zuen duela hiru urteko mugimenduan bi hilabete oso eman zituztela greban. Ororen buru garaile atera baziren ere, markak utzi ditu langileengan. «Ondorioak izan ditu familia guzientzat», Dufauren hitzetan. «Helburua da aldi honetan hastapenetik mintzatzea estrategiaz. Garrantzitsua da guretzat, eta garrantzitsua da gure familientzat. Garaipena lortzeko, hortik pasatuko da».
Gaur goizean Donibane Lohizunen (Lapurdi) elkartuko dira batzarra egiteko, eta ondoren elkarretaratzea eginen dute beste sektoreetako langileekin. Ikasleak ere mugimendura batuko direla espero dute, eta denen artean indartuko dutela mobilizazioa. Egun osoan ekintza batzuk eginen dituztela ere iragarri dute.
Emazteen eskubideak
Goizean goizetik abiatu zen atzo protesta, Baionako portuaren blokeatzearekin. Zamaketariek barrikada jarri zuten portuko sarreran, eta urrunago errepidea blokeatu zuten beste sektoreetako dozenaka langilek. Kamioi bat baino gehiago geldiarazi zituzten, eta auto lerroak eragin zituzten inguruan.
Baionako manifestazioan 800 bat pertsona elkartu ziren sindikatuen deiari erantzunez. Emazteen Nazioarteko Eguna izanik, horiek jarri ziren lehen lerroan, eta aldarrikapen feministez girotu zuten protesta. Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle andanak parte hartu zuen manifestazioan. «Emazteen eskubide anitz urratuak dira oraindik, baina aurten kutsu berezia hartzen du erretreten erreformarekin. Gaur, bereziki emazte langileak karrikan gara erreforma honen injustizia eta bortizkeria salatzeko», adierazi zuen Ainez HaristoiLABeko kideak.
Erreformaren kontra greban segituko dute Ipar Euskal Herriko hainbat sektoretan
Baionako portua blokeatu dute, eta manifestazioa egin dute 800 pertsonak. Donibane Lohizunera deitu dute gaur, eta ikasleak batzea espero dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu