Mario Draghiri galdetu diote ea Europako Batasunaren lehiakortasunari buruzko bere txosteneko proposamenak ‘hil ala biziko’ mailakoak diren. Eta erantzuna gordina izan da. «’Egin ezazu hori, ala agonia luzea izango da’ mailakoak dira. Adibidea jarriko dut: Europako familiek zenbat diru dute AEBetakoekin alderatuta? Azken hogei urteetan AEBetako familien errenta EBkoena halako bi handitu da».
Hitzak oso ondo neurtzea izan ohi da banku zentraletako buruei eskatzen zaien abilezia nagusia, eta Draghi zortzi urtez izan zen Europako Banku Zentraleko presidentea. Haren hitz batzuek salbatu zuten euroa 2012. urteko arrisku sarien krisian, EBZ euroa babesteko egin beharreko guztia egiteko prest zegoela, «eta, sinets iezadazue, asko egin daiteke», esan zuenean. Bada, itzal handiko italiar teknokratak Bruselan gaur latzak bota ditu Batasunaren egoera ekonomikoari buruz.
Orain, Italiako lehen ministro ohiaren ustez, Batasuna garai delikatuan bizi da, «abagune kezkagarrian», AEBen eta Txinaren lehiarekin, Europako biztanleria txikitzen ari dela. «Gutxiago garelako ez gara konturatzen tarta txikitzen ari dela».
%5Premiazko aldaketetarako, digitalizaziorako, deskarbonizaziorako, defentsarako, BPGaren %5aren adinako inbertsioa beharrezkoa ikusten du Draghik, urtero 800.000 milioi euro inguru.
Atzera geratzen ari denez, Batasunak premiazko beharrak dituela uste du Draghik, eta haiek betetzeko «itzelezko inbertsioa» beharko dela; produktibitatea hobetzeko, ekonomia digitalizatzeko eta deskarbonizatzeko eta defentsa gaitasuna izateko. «BPGaren %5aren adinako inbertsioa eskatzen du horrek».
Hori dirutza bat dela erakusteko, alderaketa Draghik berak egin du: Marshall Planeko inbertsioek 1948-1951 artean urtero BPGaren %1-2 artean hartu zuten.
«Zergatik dira horren inportanteak behar horiek?», galdetu dio italiarrak bere buruari. «Inportanteak dira Batasunaren sortzeko balioei lotuta doazelako: oparotasunari, ekitateari, askatasunari, bakeari, demokraziari. Europa ez bada gai bere herritarrei balio horiek bermatzeko, galdu egin du bere existitzeko arrazoia. Klima, hazkundea... Erronka horiek erabat existentzialak dira».
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen enkarguz egindako txostenak hiru ekintza arlo nagusi proposatu ditu: berrikuntza bizkortzea, energia prezioak beheratzea eta kanpoko hornikuntzekiko mendekotasuna murriztea.
Draghik behar horien adibideak jarri ditu. Azaldu du nola 2008tik Europan sortutako adarbakarren —1.000 milioi eurotik gora balioa iristen dituzten enpresen—, %30 joan egin diren, gehienbat AEBetara.
Berrikuntzari buruz, produktibitatearen arazoa azpimarratu du. «AEBetako ekonomiatik goi teknologia kenduko bagenu, berdintsu gaude produktibitatean. Baina goi teknologiekin... Inoiz baino beharrezkoagoa dugu produktibitatea, eta oso-oso ahul gaude horretan».
«Ez dugu lortzen berriztagarrien energia merkearen abantaila etxeetara eta industriara iristea»MARIO DRAGHIEBZko presidente ohia
Energian, berriz, Draghik azaldu du nola Europako energia merkatua erregai fosilen garairako diseinatua dagoen. «Ez dugu lortzen berriztagarrien energia merkearen abantaila etxeetara eta industriara iristea». Draghiren arabera, beharrezkoa da erregai fosilen eta garbien arteko prezioak bereizteko plan bat. Besteak beste, energia lau aldiz garestiago ordaintzen duelako Europak lehiakideek baino.
Egoera geopolitikoarekin mendekotasun komertziala murriztea ezinbestekoa dela uste du italiarrak eta atzerri politika bateratua eskatu du. Eta, horri lotuta, defentsarako industria politikaren koordinazioa eskatu du.
Prentsaurrekoa amaitzear, galdera egin diote Draghiri, ea nola esplikatuko liokeen herritar arrunt bati gauza horiek guztiak egiteko premia. «Uste dut azaldu dudala zer gertatzen den; urtero pobretzen ari zarela; munduko beste edonork eraso egiten badizu ez zarela zeure burua defenditzeko gai; hezkuntza estandarretan atzean geratzen ari zarela...».
FinantzAKETA bateratua? bai
Berrikuntzako puntako proiektuetarako, energia eta argindar sareetarako, defentsa bateratua osatzeko, horretarako guztirako diru publikoa ezinbestekoa izango dela uste du Draghik. «Eta finantzaketa bateratua beharko dugu?», galdetu du. «Erantzuna baietz da, finantzaketa bateratua beharko dugu. Tresna bat izan beharko da, aktibo komunak izateko».
Horri buruz galdetu diote gero Ursula von der Leyeni, eta Europako Batzordeko presidenteak ez du ur handitan sartu nahi izan; ikusi beharko dela esan du, finantzaketa hori etor daitekeela herrialdeen ekarpenetatik ere.