Erreformak behin-behinekotasuna ez duela amaituko diote guztiek

Prekarietatea apaltzeko tresna eraginkorra dela ukatu dute eragile guztiek, CCOO eta UGT izan ezik

2006ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Sinatzaileak izan ezik, lan erreformak inor ez du gogobete, ezta Confebask ere. Behin-behinekotasuna ez duela amaituko ohartarazi dute patronalak, Jaurlaritzak, Batasunak eta sindikatu abertzaleek.

ELA
«Iruzur egitea, doan»
«Pozarren dago patronala», ELAko Negoziazio Kolektiborako arduradun Adolfo Muñozen arabera. «Berriro erabat baldintzatu du lan erreforma, langileen eskubideen kalterako». Ugazabek are diru gehiago irabaziko dutela eta lan erreforma bera «adabaki huts» bat dela kritikatu du.

Baina patronalari ez ezik,UGTri eta CCOOri ere leporatu die langileen aurka jardutea. «Kaleratze merkeagoa orokor bihurtzea onartu dute». Kalte-ordainak gutxituta, lanpostu guztiak aldi baterakoak izatea omen helburua.

Muñozek ozen salatu du, gainera, ez Lan Ikuskaritza ez Lan Agintaritza ez direla beren lana betetzen ari. «Zigorrik ez dago, eta doan da langileak kontratatzerakoan iruzurretan ibiltzea».

Erreformak «argi» erakusten du «antzerkia» besterik ez dela gizarte elkarrizketa Espainian. «Kapitalaren aliatu» izatea egotzi die UGTri eta CCOOri. «Pentsioen erreforma laster dator».

LAB
«Aurpegia zuritu eta gehiago irabazi»
ELAk legez, erreformari iruzur deritzo LABeko idazkariorde nagusi Ainhoa Etxaidek. «Inposatu egin digute, eta ezdu behin-behinekotasuna ezabatuko».

Deitoratu du erreformak ez dakarrela aldi baterako kontratuen gehiegizko erabilera mugatzeko neurri eraginkorrik. «Lan ikuskaritza indartuko dela diote sinatzaileek, baina Lan Ikuskaritza orain ere badago. Beste alde batera begira, ordea». Kontratuen kateatzeari jarri dizkioten mugei «eskas» iritzi die. «Ez dute eraginik izango urte luzez aldi baterako kontratuak izan dituztenengan».

Are okerrago, enpresaburuek «berdin-berdin erabili» ahal izango dituzte langileak. «Bi urte igaro aurretik ordezkatu eta ez dituzte lanpostuak zertan egonkortu». Erreformak Espainiako Gobernuari eta patronalari egiten die mesede, «aurpegia zuritzeko eta gehiago irabazteko aukera» dutelako, hurrenez hurren.

«Kontratu finkoak egiteagatik dirua lortu eta langileak merkeago kaleratu. A zer mauka». Behin-behinekotasunaren aurkako enplegu politika eraginkorrak eskatu ditu. «Administrazioak zorrotz aztertu behar du enpresaburuek obra eta zerbitzu kontratuak zertarako erabiltzen dituzten».

CONFEBASK
«20 eguneko kalte-ordain premian»
Erreformak behin-behinekotasuna gutxitzeko balio dezakeela, baina ezabatuko ez duela berretsi du patronaleko Lan Harremanen arduradun Jon Bilbaok. «Ziurgabetasun arazoa da, eta ez diru arazoa». Langileak noiznahi kaleratzeko aukera izatea da ugazabek gura dutena. «Merkatuaren egoeragatik lan taldea egokitzeko aukera», Bilbaoren hitzetan. Erreformak, ordea, ez dakar «aurrerapausorik» bide horretan.

«Enpresaburuak ez ditu kontratu iraunkorrak baztertzen garesti direlako, baizik eta ez dakielako langile bat kaleratu behar badu, Lan Ikuskaritzak edo epaileren batek trabak jarriko dizkion».

Behin-behinekotasuna gutxitzeko bidea argi dauka patronalak. «Urteko 20 eguneko kalte-ordainak, gehienez ere urtebetez. Ezegonkortasuna kolpe batez bukatuko litzateke bidegabeko kaleratzeengatik holako neurriak ezarriz gero». Zehaztu du, bestela ere, langilea «ganorazko» arrazoiengatik botako luketela enpresaburuek. «Ez emakumea eta marokoarra izategatik bakarrik».

Confebask 20 eguneko kalte-ordainekin tematuta dago. «Diru laguntzena eta kuotena ondo dago, baina ez da konponbidea».

EUSKO JAURLARITZA
«Kaleratzearen merkatzea arrisku»
Eusko Jaurlaritzak ere ez du uste behin-behinekotasuna diruaren bidez apalduko denik. Are gehiago, erreformak «kaleratzearen merkatze erreala» ekar dezakeela ohartarazi du Juan Jose Loroño Lan sailburuordeak. «Langileek eskubideak galduko dituzte. Gainera, urte batzuk barru bi motatako langileak egongo dira -kalte-ordainen zenbatekoaren arabera-, eta hori bidegabea da».

BATASUNA

«Gehiengo soziala kontra dauka»
Erreforma «adabaki hutsa» dela, aurrekoen bide beretik doala eta prekarietateari aurre egiten ez diola salatu du Batasunak. «Gehiengo soziala eta sindikala kontra dauka, gainera». Euskal Herria ezkerretik eraikitzera deitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.