Erreforma onartzeko denbora agortzen ari zaio Frantziako Asanbleari

Ostiral gauerdian amaituko da eztabaida, eta bitartean ez dago argi diputatuek erretreta 64 urtera atzeratzea bozkatuko ote duten

Olivier Dussopt Lan ministroa, eztabaidaren hasieran. TERESA SUAREZ / EFE.
Iker Aranburu.
2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Gauzak ez daude batere garbi erretretaren erreformaren inguruan. Bozkatuko al da Ipar Euskal Herrian erretretaren adina 64 urtera atzeratuko duen artikulua? Bozkatzea komeni al zaie erreformaren aurkariei? Zer egingo du Frantziako Gobernuak bere erreforma aurrera ateratzeko? Galdera horiek erantzuteko ordua gerturatzen ari da, etzi gauerdian amaituko baita derrigorrean erretretaren erreformaren eztabaida Frantziako Asanblean. Ondoren, Senatura igaroko da, baina aurretik, bihar bertan, haren aurkako bosgarren mobilizazio egunera deitu dute sindikatu guztiek.

Parlamentuko bi ganberen eztabaida erabat baldintzatu du gobernuaren erabaki batek: erretretaren erreforma ez du lege proiektu arrunt gisa tramitatu, Gizarte Segurantzaren aurrekontuaren zuzenketa gisa baizik. Frantziako Konstituzioaren 47.1 artikuluak ematen dio ahal hori gobernuari. Haren bidez, parlamentarien eztabaida gehienez 50 egunekoa izan daiteke.

Eztabaidarako epea laburra izateaz gain, bada erreformaren onarpena edo errefusatzea zailtzen duen beste faktore bat: Asanbleako taldeek 20.000 zuzenketa jarri dizkiote. Horietatik 18.000k Nupes ezkerreko koalizioaren sinadura daukate. Eztabaida trabatzeko taktika horri buruz kexu da gobernua, baina kalean erreformaren aurka protesta egiten ari diren sindikatuak ere ez daude gustura. Zuzenketak gutxitzeko galdegin diete, diputatuek, kalearen presiopean, erreformaren zazpigarren artikuluari buruz iritzia eman dezaten. Artikulu hori da erretretaren adina bi urtez gibeleratu nahi duena eta erreformaren aurkako manifestazioak oso jendetsuak izatearen arrazoi nagusia.

Nupesen barruan ere ez da iritzi bateraturik; bozketa egitearen alde daude sozialistak, berdeak eta komunistak, baina zalantza gehiago ditu LFI Frantzia Intsumisoak. Bozketaren arriskuez ohartarazi dute batzuek, uste baitute baiezkoa aterako balitz nolabaiteko legitimotasuna lortuko lukeela gobernuak. Beste batzuek, Jean Luc Melenchon LFIko burua barne, debatea nahaspilatzearen alde daude.

Hala ere, eskaerari hein batean erantzun dio Nupesek: astelehen gauean bigarren artikuluari jarritako 1.300 zuzenketa kendu zituzten. Ikusteko dago, ordea, ostiralean iritsiko al diren zazpigarren artikulura, atzo arratsaldean bigarren artikuluaren eztabaidarekin jarraitzen zuten eta.

Gobernuak ere ez daki zehatz-mehatz zer gertatuko den bozketa horretan. Azken egunotan badirudi lortu duela gehiengoan zeuden ahots kritikoak isilaraztea, baina ikusteko dago nahiko babesa lortuko ote duen LR Errepublikanoen 61 diputatuen aldetik. Eskuindarren zuzendaritza bildu egin zen atzo goizean, eta Eric Ciotti burua saiatu zen aldeko boto baterako konpromisoa lortzen. Eskuratu zuen, bainakontrako botoa eman zuten diputatu batzuek. Elisabeth Borne lehen ministroak beste kontzesio bat egin die eskuindarrei, aldeko botoa lortzeko: 16 eta 18 urte artean lanean hasi eta gutxienez 43 urtez lan egin dutenei jubilazioa aurreratzea.

Zigorrak eta barkamenak

Asanbleako debateak gordinak izaten ari dira. Diputatu batek, LFI Frantzia Intsumisoko Thomas Portesek, hamabost egunez Asanbleatik ez agertzeko zigorra jaso du, Olivier Dussopt Lan ministroa aurpegia marraztua zuen puxika bat zapaltzen ari zen txio bat argitaratzeagatik. LFIko Aurelien Saintoulek barkamena eskatu behar izan zion Dussopti berari, «hiltzaile» deitu ziolako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.