Urteari errepasoa

ERREBOTEA BAI, ARGINDARREAN

Pandemiaren gordina 2020an jasan ostean, errebote ekonomiko handi baten aurreikuspenarekin hasi zen urtea. Hazkunde handia izan da, baina, azkenean, espero zen baino apalagoa. Energiaren prezioa, hala ere, oso gora joan da, eta, harekin batera, inflazioa mende honetako mailarik handienean kokatu da.

Goi tentsioko linea bat, Bilbon. Aurten inoizko garestien egon da argindarra. LUIS TEJIDO / EFE.
Xabier Martin - Imanol Magro Eizmendi
2022ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Usteak erdia ustel berriro pandemia amaigabe honetan. Suspertze ekonomikoaren urtea behar zuen 2021ak, itxialdi handiek eragindako kraterraren ondoren, eta, bai, errebote bat egon da, baina espero baino dezente apalagoa. Hiru oztopo nagusi izan ditu hazkundeak: herrialde askoren suspertze azkarrak eragindako lehengaien eta osagaien eskasia eta garestitzea; pandemia bera, urteko lehen eta azken zatietan asko oldartu baitira kutsatzeak, eta horrek ziurgabetasunaren puxika puztu baitu atzera; eta energiaren garestitze izugarria, batik bat argindarrarena.

Lan gatazka handiek ere arrastoa utzi dute 2021ean, eta denen artean Tubacexen kaleratzeak eragin behar zituenak eskuratu du arreta handiena, kontuan hartuta nolako egoera larriak eragin dituen eta zenbat iraun duen. Hau da urteko abezedarioa.

ARGINDARRA
Sekula ez bezala garestitu da argindarra udatik aurrera. Handizkako merkatuan megawatt-orduko 383 euroko maila hartu du urte bukaeran. Merkatuaren tarifikazio sistemak gasaren garestitzea nabaritu du, eta mixaren prezioa izugarri igo da. 2020ko abenduan 43 euroko kostua zuenak ia hamar aldiz gehiago balio du. Zergak txikitu ditu Espainiako Gobernuak, tarifa merkatu nahian, baina konpainia elektrikoek irabazi erraldoiak lortu dituzte, gasaren prezioan salduta energia hidroelektrikoa, eolikoa, fotovoltaikoa eta nuklearra. Energiaren garestitzea susperraldia zamatzen hasi da, eta ez du ematen epe motzera merkatuko denik, gasaren auzi geopolitikoa baldintzatzen ari baita prezioa.

BASERRITARRAK
Pentsuaren eta argindarraren gorakadak ekoizpen kostuen gorakada ekarri die abeltzainei, eta ito egin ditu, EHNE, ENBA, UAGA eta UAGN sindikatuek udaz geroztik salatu dutenez. Esneak prezio berean jarraitzen du supermerkatuetan, banaketa taldeek produktu giltzarri gisa dutelako, bezeroak erakartzeko. Nekazarien sindikatuek diote ezin dutela gehiago, eta esnea hamar zentimo igo behar dela gutxienez. Protesta handiak egin dituzte azken egunetan Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

CORRUGADOS
Cristian Lay taldeak jakinarazi zuen asmoa zuela Azpeitiko Corrugadosen fabrika berriz irekitzeko, zortzi urteren ondoren, eta, horrekin batera, EAJren eta EH Bilduren arteko xestra politiko handi bat hasi zen. Nagore Alkorta alkateak (EH Bildu) esan zuen udalak «borondate politiko osoa» zuela industria jarduera leheneratzeko, baina planta industriala Trukutxora eraman behar zela, ingurumen baimen eta hirigintza arau guztiak «zorrotz betetzeko», herrigunetik urrun. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak esan zuen «ondoeza eta auzolotsa sentitzen» zuela udalaren jarrera ikusita. CL taldeak ez zuen zehaztu plan industrial garaturik, lanpostuei zegokien kopuru batzuk helaraziarren. CLk uko egin zion Trukutxoko industrialdean proiektu berri batean hasteari, eta bertan behera geratu zen Corrugados zabaltzeko saioa.

DESPENALIZAZIOA
Espainiako Kongresuak zigor kodeko 315.3 artikulua indargabetu zuen apirilean, greba piketeetan parte hartzeagatik kartzela zigorra ezartzea ahalbidetzen zuena. Ezkerreko alderdiek indargabetu zuten, besteak beste PSOE, Unidas Podemos eta EH Bilduren aldeko botoarekin. PPk eta EAJk aurka bozkatu zuten. Lege horren arabera, «greba bat hastera edo bertan mantentzera» inor behartzen zuenari hainbat urteko kartzela zigorra jar ziezaioketen. Hura indargabetzea sindikatuen aspaldiko eskaera zen, greba eskubideak «kriminalizatzeaz» gain zigor oso handiak ezar zitezkeelako. Hainbat zigor eskaera zeuden bidean artean, eta indarrik gabe utzi zituzten.

EUSKALTEL
Euskaltelen historia, telefonia konpainia independente gisa behintzat, iazko abuztuan amaitu zen, Masmovilek lortu baitzuen haren jabetza. Euskal jatorriko enpresa horrek Madrilen du egoitza, eta Jersey uharteko paradisu fiskaleko bi inbertsio funtsek kontrolatzen dute: Euskaltelen akzioen %98 eskuratu ditu, 1.965 milioi euroren truke. Euskaltel erosita, Masmovil Hego Euskal Herriko lehen telefonia operadorea da, Movistar, Vodafone eta Orangeren gainetik. Jabe berriak agindu zuen eutsi egingo diela lanpostuei eta Euskaltel markari.

FUNTSAK: NEXT GENERATION
Europako dirua iristen hasi da aurten. 800.000 milioi euroko Next Generation funts bateratua diruz ureztatzen hasi da, hortaz, Europako Batasuneko ekonomia. Urrian bidali zion Jaurlaritzak bere hiru proiektu kutunen zerrenda Espainiako Gobernuari, eta Gasteiz haserre dago, ez duelako oraindik erantzunik jaso. Mugikortasuna, datuak eta osasun terapia aurreratuak; ardatz horietan oinarritutako hiru proiektu zabal aurkeztu ditu Lakuak Madrilen, Europako 648 milioi euro erakartzeko asmoz. Hiru proiektu estrategikoetarako 1.854 milioi euroko inbertsioak aurreikusi ditu Jaurlaritzak.

GARRAIOLARIAK
Garraiolariek mehatxu egin dute lanuzte batekin, erregaiak izan duen garestitzeagatik. Gasolina eta gasolio litroa ez dira hain garesti egon 2012tik, Hegoaldean. Gipuzkoan,aldundiak kobratzeari utzi dio N-1 eta A-15 errepideetan, sistema berri bat ezartzen duen arte. Bidesariak ordaintzeko aurreko bi sistemak baliogabetu dituzte epaitegiek, eta aldundiak hirugarren saio bat egitea erabaki du.

HIDROGENO KORRIDOREA
Next Generation funtsak erakarri nahian eratu da BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorea. 78 erakundek egin dute bat proiektuarekin, eta horietatik 58 dira enpresak. 1.300 milioi euroko inbertsioarekin, sei urtean zuzenean 1.340 enplegu eta zeharka 6.700 inguru sortzea espero dute. Hidrogenoarentzako gasbidea egin nahi dute Bilboko portutik Zorrotzaurreraino, ibaiaren azpitik. Asmoa da urtean 20.000 tona hidrogeno ekoiztea, eta karbono dioxido isuriak urtero milioi eta erdi tona murriztea.

ITP AERO
Bain inbertsio funtsak eta SAPA buru duen enpresa multzo batek ITP Aero erosi dute, 1.700 milioi euroren truke. Hegazkin turbinen enpresa horren salmenta 2020an Euskal Herrian egon den enpresa salerosketarik handiena izan da. Salmentaren zati handiena irailean itxi zen, Bain inbertsio funtsak enpresaren %70 erosi zuenean. Orduan sei hilabeteko epea ireki zen, beste %30aren erosleak aurkitzeko. Zati horren heren bat JP Morganek erosi zuen —akzio guztien %10—, eta akzioen %5, SAPA armagintza enpresak. Jaurlaritza ere %4-6 erosteko prest dago, SAPArekin batera «euskal erroak bermatzeko». Azken egunetan, Indrak ere akzioak eros zitzakeela zabaldu da. ITP Aerok plantak ditu Zamudion, Sestaon eta Barakaldon (Bizkaia).

JAINAGA
Urteko erraldoien arteko borroketako bat izan da: Jose Antonio Jainaga Sidenor altzairutegiko presidentea Iberdrolaren aurka. Argindar garestiak eragindako talka izan da, zeren Jainaga, aldi berean, argindar asko kontsumitzen duten enpresen elkarteko burua baita. Jainagak azaroan salatu zuen argindarraren garestitzea «etikoki onartezina» zela. Aurretik, Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako buruak kritikatu zuen Sidenor, altzairuaren prezioa «modu sinestezin batean» garestitzeagatik. Horren ondoren, Sidenorrek bere jarduna eten zuen argindarraren prezio horrekin dirua galtzen zuela argudiatuta. Beste altzairutegi batzuek erabaki bera hartu zuten gero. Jaurlaritzak enpresa handientzako fakturazio mota bat ezartzea eskatu zion Espainiako Gobernuari argindarraren inguruko dekretuaren negoziazioan.

KPI-A
Inflazioa eremu ezezagunean sartu da, azken hamarkadetako indize handienarekin. Energia garestitu izanaren ondorioz, Hegoaldean %5,2ra iritsi zen inflazioa azaroan, baina litekeena da %6tik gertuago egotea urtearen azken hileko datua jakin ondoren. Oro har energiak eta batik bat argindarrak eraman dute bizitzaren garestitzea hain gora. Dagoeneko ekonomia osoan ari da nabaritzen garestitze horren isla. Janariak —batez ere produktu freskoak — eta garraioa asko garestitu dira, eta inflazio handi horrek apaldu egin du soldatapekoen erosteko ahalmena. Negoziazio kolektiboan lan gatazka handiak eragin ditzake enpresek soldatak inflazioa bezainbeste igo nahi ez izateak.

LEHENGAIAK
Txina eta AEBetako susperraldiek aurrena, eta Europako Batasunekoak gero, hornidura arazo larriak eragin ditu merkatuetan, lehengaiei eta beste osagai batzuei dagokienez. Eskaera eskaintza baino handiagoa izan da hilabete askoan, eta eskasia horrek produktuak garestitzea ekarri du. Euskal industriak egoera hori nozitu du, adibidez autogintzan, erdieroaleen gabeziagatik. VWren eta Mercedesen plantetan geldialdiak egin behar izan dituzte, baina haibat sektoretan eragiten ari da arazoa, adibidez ardogintzan, botilak falta direlako uzta berriak botilaratzeko.

MUGA ZERGAK
EBk eta AEBek akordioa egin zuten udan, muga zergen inguruan. Donald Trumpek abiarazitako gerra komertzialari amaiera eman dio, beraz, Joe Bidenen administrazioak. Bi aldeek ez diete zerga gehiago ezarriko inportazioei, eta «berrikusi» egingo dituzte lehendik indarrean diren altzairuaren eta aluminioaren gainekoak. Hala, iragarri zuten «garai berri bat» hasi dela.

NOVALTIA
Novaltia botika-banaketa enpresako langileek ia bi urte eta erdi daramatzate greban. Urtarrilaren 6an 900 egun beteko dituzte greban, eta egun Euskal Herrian indarrean dagoen lanuzte luzeena da. Azaroan, EAEko Auzitegi Nagusiak enpresa zigortu zuen greba eskubidea urratzeagatik. Hogei langile daude greban, eta lan ikuskaritzak enpresaren alde egin duela salatu dute hainbatetan. Enpresa barneko eskala bikoitza amaitzeko eskatzen dute, eta baldintzak hobetzeko, soldatak 950 eurokoak baitira batez beste.

ORDEZKO LANGILEAK
Iceta legea esaten zaiona onartu dute Espainiako Kongresuan, administrazio publikoen behin-behinekotasun tasa handiari muga jartzeko. Lege horren bidez, oposizio arrunta gainditu gabe funtzionario izateko aukera ireki dute, baldintza jakin batzuk betetzen dituzten langile publikoen kasuan; esaterako, bost urtez lanpostu berean egon izana, etenik gabe. Jaurlaritzak esan du legeak bidea emango diela «milaka» langile publikori enplegua egonkortzeko. ELArentzat, «aurrerapauso bat da», baina ez da nahikoa langile publikoen behin-behinekotasunari erantzuteko. LABek, berriz, uste du akordio horren bidez ez direla pertsonakkontsolidatuko, lanpostuak baizik.

PENTSIOEN ERREFORMA
Pentsioen erreformaren lehen zatia onartu du Espainiako Kongresuak, urtearen hondarrean. EAJk alde bozkatu du, eta EH Bilduk abstentziora jo du. Erreforman, MEI belaunaldien arteko ekitate mekanismoa jaso dute; hark ordezkatuko du PPren erreformaren jasangarritasun faktorea, gaur arte indarrean sartu ez den murrizketa gogorra pentsioak kalkulatzeko prozeduran. Langileen kotizazioak hamar urtez 0,6 puntu gehiago pagatzea dakar MEIk —0,5 enpresarien esku geratuko da, eta 0,1 langileen esku—, eta horrekin baby boom belaunaldi oparoaren erronkari aurre egitea espero dute. KPIaren arabera eguneratzea, erretiro aurreratua zigortzea eta beste zenbait aldaketa jaso ditu araudi berriak, halaber.

'RIDER-EN LEGEA'
Abuztuan sartu zen indarrean rider-en legea: etxez etxeko janari banatzaileen lan eskubideak defendatzeko hainbat arau batzen ditu. Banatzaileek autonomo faltsu izateari utzi diote, eta banaketa plataformek (Glovo, Uber Eats...) soldatapeko langile moduan kontratatu behar dituzte. Urte hasieran, Gizarte Segurantzak Glovoren aurka jarritako salaketa ugariren epaiketa egin zen, tartean Bilbon bat, eta Auzitegi Gorenak ezarritako jurisprudentziak legea bizkorrago ezarrarazi zuen. Enpresak trantsizio epe batean daude orain, eta egoera berrira egokitzen ari dira apurka. Sindikatuek, dena den, salatu dute espero baino motelago ematen ari direla pauso hori.

SOR-MARKA:ERRIOXA
Arabako Errioxako upategiek Errioxako jatorri izenetik bereizteko saioak indartu dituzte, eta Errioxako erkidegoaren eta kontseiluaren erreakzio bortitzak eragin ditu horrek. Arabako Mahastiak sor-marka berria Bruselarako bidean da, hark onar dezan aurten; ABRAko upategi txikien artean badira Errioxa uzteko prest daudenak. EAJ saiatu da Kongresuan jatorri izenen legean aldaketa bat eztabaidatzen, Arabako Errioxako kontseilu autonomo bat sor dadin, baina Errioxa jatorri izenaren barruan. Ez du lortu, eta zabalik dagoen bide bakarra euskal ardoak bereizteko, orain, Arabako Mahastiak marka berria da.

TUBACEX
Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen plantetako langileak urriaren 6an itzuli ziren lanera 236 eguneko greba egin ondoren. Bederatzi hilabete luzeko gatazka baten amaiera izan zen. Langileek, azkenean, enpresak egin asmo zituen 129 kaleratzeak gelditu zituzten, baina lan baldintzak okertzea onartu zuten. Lantegiak utziko dituzten bakarrak hauek dira: adosturik kaleratuak izatea onartu duten langileak eta erretiroa aurrez hartzea onartu dutenak, 40 bat guztira. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak langileei arrazoia eman izanak haien alde jarri zuen afera. Erregulazio espedientea indargabetu zuen, izan ere. Enpresak helegitea jarri zuen, eta grebalariek esan zuten hura kendu gabe ez zirela lanera itzuliko. Dema horrek luzatu zuen greba.

UBER
Uber garraio plataforma digitalak bi garaipen lortu ditu 2021ean: ekainean, EAEko Auzitegi Nagusiak eman zion arrazoia, eta, abuztuan, Lehiaren Euskal Auzitegiak. Ondorioz, Uber eta beste ibilgailu gidaridunak ez dira derrigorrez ordu erdi lehenago kontratatu beharko Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta zerbitzu hori ematen duten autoek geolokalizazioa piztuta eraman ahal izango dute bezeroak nondik dabiltzan jakiteko. Bi epaitegiek indarrik gabe utzi dituzte 2019an Jaurlaritzak garraio mota hori arautzeko onarturiko dekretuko bi arau.

VGP FUNTSA
Naval ontziola historikoak jabe berria du. VGP Txekiako funtsak 36 milioi euroan erosi zuen ontziola zenaren 300.000 metro koadroko orubea. Maiatzaren 1ean amaitu zen likidazio prozesua. Funtsaren asmoa da orube horretan parke logistiko handi bat egitea, baina, Sestaoko Udalak industria lur moduan kalifikatu zuenez, orubearen %51k jardun industriala izan behar du. VGPk esan du beteko duela, eta, zabaldu denez, hainbat ontziolak interesa erakutsi dute dike lehorra eta muntatze harmailak erabiltzeko. Gaur egun, negoziazio betean daude aldeak.

YOLANDA DIAZ
Espainiako Lan ministro Yolanda Diazek agindutakoa bete du, eta lan erreforma berria onartu du gobernuak urtea amaitu aurretik. Negoziazio kolektiboan aldaketa garrantzitsuak jaso ditu, lan hitzarmenen prebalentzian eta ultraaktibitatean adibidez, eta lan kontratuen menua murriztu egin da, betiere behin-behinekotasun tasak jaisteko. Gobernuaren dekretuak Kongresuan jaso beharko du oniritzia aste batzuetan.

ZERGAK ENPRESENTZAT
OCDEk bultzatutako ekinaldi batek, Joe Bidenen hauspoarekin, lortu du urtean 750 milioi eurotik gora fakturatzen duten enpresei sozietate zergan gutxienez %15eko tasa ezartzea 2023tik aurrera. 136 herrialdek hartu dute konpromiso hori. Helburua da ziurtatzea ehun multinazional handienek bidezko tasa bat ordaintzen dutela, eta, oro har, urtero 125.000 milioi dolar biltzea espero da. Akordioan dauden herrialdeek munduko ekonomiaren %90 ordezkatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.