Mikel Noval. ELAko arlo sozialeko arduraduna

«Errazagoa da ezkerreko alderdiak baldintzatzea»

Sindikatuaren asmoa politikan eragitea dela aldarrikatu du Novalek. Enpresek egiten duten iruzurra estuago kontrolatzea eta sozietate zergan gehiago ordaintzea ditu ELAk lehentasunen artean.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2017ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
EAJren eta ELAren arteko harremanak are gehiago gaiztotu dira igandetik hona, Xabier Arzallusek esan duenetik jeltzaleek sindikatuarekin daukaten harremana birpentsatu beharko luketela. Sindikatukoek erantzun dute bere horretan jarraituko dutela , euren autonomia aldarrikatuz, eta erakundeetatik hartzen diren neurriak kritikatuz. Zerga erreformari buruzko iritzi asko entzuten diren honetan, sindikatuak erreforma sakon bat eskatu du.

Urkulluk esan du ELAri ez diola emango nahiko zenuketen oposizio politikoaren izaera. Jeltzaleek erakunde politiko sindikal gisa hartzen zaituztete. Hala da?

Gu sindikatu bat gara, eta eragile garen heinean, eskubide osoa daukagu gai ezberdinei buruz hitz egiteko. Batzuek ez digute onartzen gai horiei buruz hitz egitea, politika horiekin ez dugulako bat egiten. Patronalari, ordea, aukera ematen diote hitz egiteko.

Alde horretatik, EAJk PPrekin akordioa lortu du Jaurlaritzaren aurrekontuak aurrera ateratzeko, eta EH Bilduri xantaia egin diozuela esan du EAJk. Horregatik ez dela izan posible ezker abertzalearekin negoziatzea. Zer duzu esateko?

Euren burua ezkerrean ikusten duten alderdiei —EH Bildu eta Elkarrekin Podemos— datuetan oinarrituta esan genien aurrekontu neoliberalak zirela. Diru bilketarekin lotuta, adibidez, iaz aurreikusitakoa baino 550 milioi euro gutxiago bildu ziren, eta zor publikoari dagokionez, kontuan hartu behar da azken urteetan gertatu dena. Jaurlaritzak diru gutxiago izan du gastatzeko, baina diru horren zati handiago bat zor publikoa ordaintzera joan da. Diru gutxiago eskura izan, eta zorra gehiago ordainduta, murrizketak egin dira arlo sozialean.

Ezker abertzalearen jarduera politikoa baldintzatu nahi izan duzue aurrekontuak ez babesteko gomendatu zeniotenean?

Gure asmoa politika baldintzatzea da. Gehiengo sindikal eta sozialaren eta ezkerreko alderdien artean sintonia bat behar da. Kasu honetan, gure asmoa politika baldintzatzea izan da, bai, eta errazagoa da ezkerreko alderdiak baldintzatzea.

Andoni Ortuzarrekin bat zatoz orduan?

[Barreak] Ez gatoz bat berarekin.

PPren akordioaren ondorio gisa hartu behar dira Lanbiden hartuko dituzten kontrol neurriak?

Hori ez dakigu horren ondorio den, baina akordioaren logikan badago, hori bai.

Hartu beharreko neurria zen? Diru sarrera bermatzeko errentan iruzurra %1 da...

Iruzurrik ez da onartu behar diru laguntzetan, eta horien kontra joan behar da, zalantzarik ez. Baina iruzurrarekin hain kezkatuta badaude, badute zerga iruzurrarekin kezkatzen hastea. Diru laguntzetako iruzurra %1 da, eta zerga iruzurra, berriz, %20. Unibertsitateko katedradun batzuek Legebiltzarrerako egindako ikerketa baten arabera, urtero 3.200 milioi euroko zerga iruzurra dago.

Bizkaian, 461 milioiko zerga iruzurra antzeman zen iaz, eta Araban 124 milioikoa. Erdiak baino gehiago enpresek egindako iruzurrak. Zer duzu esateko?

Ikerketa horrek dio zerga iruzurra handitzen ari dela. Gehiago antzemango dute, baina iruzurra gero eta handiagoa da. Sozietateen zergan, esaterako, enpresen erdiek baino gehiagok diote ez dutela irabazirik, eta beste %22k urtean 6.000 euro baino gutxiago irabazten dutela. Hau da, lau enpresetatik hiruk ez dute irabazirik izaten, edo oso txikiak. Gezurretan ari dira, enpresa batek ez badu irabazirik itxi egiten delako. Eta zer gertatzen da orduan? Laneko errentek batez beste gero eta gehiago aitortzen dutela, eta enpresek gero eta gutxiago. Aldea gero eta handiagoa da.

Hainbat ogasunekin elkarlanean arituko da aurrerantzean Bizkaiko Ogasuna, enpresek benetan dituzten irabazi horiek aztertzeko. Hartu beharreko neurri bat zen?

Bai, noski. Irabaziak dauden tokian ordaindu behar dira zergak, eta badakigu hori borroka globala dela. Bide horretatik joan behar da, baina gehiago egin daiteke. Paradisu fiskaletan dauden enpresen aurkako neurri asko har daitezke.

Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien artean ez dira ados jartzen zerga erreforma egiteko beharraz. Beharrezkoa da?

Bai. Baina, zertarako? Erreforma bat izan daiteke zergak jaisteko. Gipuzkoan diote kenkari gehiago ezarri behar direla, eta hori, finean, zergak jaistea da. Orain, EAEn sozietate zerga BPGaren %1,5 da, eta %1,2 Nafarroan; Europako Batasunean, berriz, %2,5 da. Eta enpresek dituzten irabazietatik zenbat ordaintzen dute sozietateen gaineko zergan? Erkidegoan, tasa efektiboa da %16,20, eta hori oso txikia da. Arduradun politikoek eztabaida teknikoa dela diote, baina erabaki politikoak daude atzean.

Zein erreforma egin beharko litzateke? Sozietate zerga zenbat igo beharko litzateke?

Sozietateen gaineko zergaren erreforma egin behar da. Tasaefektiboak gutxienez %24an egon behar du, eta hori ez da astakeria bat: ehun euro irabazten direnean 24 ordaintzea besterik ez, eta hori ez da enpresen aurkako neurri bat.

Ahal Dugu-k errekarguak erabiltzeko aukera planteatu dio Eusko Jaurlaritzari, enpresa handiei eta kapital errentei zergak igotzeko. Zer iruditzen zaizu proposamen hori?

Guk uste dugu halako gauzak pentsatu beharko lituzkeela gobernuak. Diru bilketa jaitsi denean, ez da normala halako gauzak ez planteatzea. Joan den urtean aurreikusitakoa baino 570 milioi euro gutxiago jaso zituzten, eta berdin jarraitu dute. Hori ez da posible. Zer egiten dute orduan? Murrizketak. Iaz zergatik ez zuten planteatu ere egin, urte beterako izanda ere, errenta handiei zergak igotzea? Guk, hala ere, egiturazko zerga erreforma bat eskatzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.