Talgo eskuratu nahi dutenen eskaintzen gorabeherak ez du etenik. Poloniako prentsan zabaldu da gaur Pesa tren konpainiak nabarmen hobetuko lukeela Sidenorren eskaintza. Ostirala arteko epea du Pesak eskaintza hori ofizialki mahai gainean jartzeko baina, dirudienez, indarrez dator Poloniako tren konpainia. Zurrunbilo horretan, goizean %4 egin dute gora Talgoren akzioek burtsan: 4,29 euroan zeuden. Pesa prest legoke Talgoren akzio bakoitzeko bost euro eskaintzeko, DGP Poloniako hedabideak zabaldu duenez. Eskaintza hori beteko balitz, enpresaren kapital osoa eskuratuko luke 620 milioi euroren truke. Goizean zabaldu diren zurrumurruei erantzuteko, Poloniako funtsak jakinarazi du oraindik ez duela eskaintza formalik egin.
Oraingoz, Sidenor buru duen euskal partzuergoaren eskaintzak jaso du erakundeen babesa: Eusko Jaurlaritzarena eta Espainiako Gobernuarena. Sidenorrekin batera, BBK Vital Kutxa eta Jaurlaritzaren Finkatuz funtsak osatzen dute partzuergoa. Hala ere, Pesaren eskaintzarekin alderatuta, ahulezia bat du: akzio gutxiago erosteko prest dago eta diru gutxiago eskaini du. Izan ere, Sidenorren eskaintza Talgoren akzioen %29,7 eskuratzea da —Trilantic akziodun nagusiaren akzio kopurua—, eta akzioko 4,15 euro eskaini du —0,65 zentimo gehiago emango luke zenbait baldintza betez gero—.
Espainia eta Jaurlaritza, Sidenorren alde
Espainiako Ekonomia ministro Carlos Cuerpo Poloniako hiriburuan dago gaur. Varsovian egiten ari diren enpresen topagune batean parte hartzera joan da. Poloniako prentsan zabaldutako informazio horri buruz galdetuta, Cuerpok berretsi du Talgo enpresa giltzarria dela ekonomiarako, eta egonkortasuna emango dion eskaintza hobetsiko duela Gobernuak. Sidenorren eskaintzari buruz baikor azaldu da Cuerpo: «Ondo ari dela dirudi». Iritzi berekoa da Eusko Jaurlaritza. Atzo Industria sailburu Mikel Jauregik adierazi zuen seguru daudela gauzatuko dela.
Gogoratzekoa da Espainiako Gobernuak kanpoko enpresen eskaintzei betoa jartzeko aukera duela. Izan ere, iaz Magyar Vagon Hungariako taldea saiatu zen Talgo erosten, Pesa orain egiteko prest legokeen baldintza bertsuetan, eta Espainiako Gobernuak betoa jarri zion.
Talgo tren konpainiak Ribabellosan (Araba) duen lantegiak 700 langile ditu.