Enpresak

Eroskiren geroa argiagoa da, Mediterraneoko negozioaren erdia saldu eta gero

Txekiako EP Corporate Group inbertsio funtsarekin egin du akordioa Eroskik. Zorra pagatzeko konpromisoa betetzen lagunduko dio.

Eroski supermerkatu bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
xabier martin
2021eko martxoaren 29a
11:23
Entzun

Kataluniako Bon Preurekin akordio bat lortzeko negoziazioek porrot egin ondoren, Eroskik itun bat lortu du merkatuko beste eragile batekin, Kataluniako eta Balear uharteetako negozioaren erdia saltzeko. Eta, horrekin batera, beste urrats bat egin du bere geroa argitzeko, atzodanik bitarteko gehiago baitauzka estutzen duen zorrari aurre egiteko. 2019an bilatzen hasi zen bazkidearen izena Holding inversor EP Corporate Group da, inbertsio funts bat. Harekin batera, Supratuc 2020 sozietatea sortu du, erdi bana, eta hor sartuko du Kataluniako eta Balear uharteetako negozio osoa.

Elorrioko enpresak ez du ezagutzera eman operazio horren bitartez zenbat diru lortuko duen, baina bai hari esker bete ahal izango duela banku hartzekodunekin zorra txikitzeko duen konpromisoa. Zorra bridatua dagoela esaten ari da kooperatiba aspaldian. Iazko lehen zatian zor finantzarioaren 40 milioi euro amortizatu zituen Eroskik; hortaz, bankuekin hitzartu denetik gora ari da amortizatzen. Baina Mediterraneoko operazioak beste bultzada handi bat emango dio zorra kitatzeko ahaleginari, eta, batez ere, lagunduko du Eroskiren azken hamarkada estuki baldintzatu duen zorra berregituratzeko akordio berri bati ateak irekitzen.

Elorriok agindu du inbertsioak «berriro abiatu» ahal izango dituela, Balearretan, Eroski markarekin, eta Katalunian, Capraborekin. Azken hori osorik saltzea zen Eroskiren beste aukera bat. Hain zuzen ere, Capraboren erosketa izan zen Mondragon taldeko enpresaren zorpetze handiaren arrazoietako bat, krisiaren atarian erosi baitzuen; ostera, ez da gai izan inbertsio handi horri errentagarritasuna lortzeko.

Zorraren zama arintzeko Eroskik bankuekin egindako azken akordioa 2019ko martxokoa da. Bost urtez luzatu zuen orduan 1.540 milioi euro itzultzeko epea, eta horrela lortu zuen bere «finantza etorkizuna argitzea&raquo, Agustin Markaide presidenteak ziurtatu zuenez. Eroskik helarazi zuen akordio horrek uxatu egin duela kooperatiba elkarte anonimo bilakatzeko aukera, eta ez duela derrigortzen aktiboak saltzera. Aurreko finantzaketa akordioetan agertzen ziren bi baldintza horiek.

Edonola ere, enpresak baditu zenbait aktibo «salgai» idatzitako kartela jarri gabe ere, egoera horretan egon daitezkeenak; 2017an, esaterako, If lurrin dendak saldu zizkion Douglas kateari. Gaur-gaurkoz egia den operazioa, ordea, Mediterraneoan egindakoa da. Aspaldian ari zen bilatzen erosle bat han, eta lehiakideen artean interes handia piztu du kooperatibaren ekimena. Bon Preu taldearekin negoziazio bat ere egon da otsailera arte, baina emaitzarik gabe.

Azkenean, EP Corporate Group inbertsio funtsa izan da eroslea, Daniel Kretinsk enpresaburuak sortutakoa. Energian, azpiegituretan eta hedabideetan inbertitu du, baina baita supermerkatuetan ere. Parte hartzeak ditu Frantziako Casino, Alemaniako Metro eta Ingalaterrako Sainsbury's kateetan; urtero, 10.000 milioi euroko diru sarrerak dauzka. Gaur iragarritakoa ez da Eroskik negozioa partekatu duen kasu bakarra. Galiziako dendak ere erdi bana ditu Vegalsa hango bazkidearekin.

Jatorrizko bekatua

2007an erosi zuen Eroski taldeak Kataluniako Capraboren %75, eta hurrengo urteetan gainontzekoaz jabetu zen. Hasieran, Katalunian ez ezik, Nafarroan, Madrilen eta Balearretan ere dendak zituen kate horrek, baina horietako batzuk Eroski bihurtu dira urteekin, eta beste batzuk saldu egin zituen. Gaur egun, Katalunian eta Andorran erabiltzen du marka hori, tradizio handikoa baita han. Guztira, 213 supermerkatu ditu, 80 frankizia eta gasolindegi bat; baita 5.700 langile ere. Balearretan, berriz, 107 supermerkatu eta 72 frankizia ditu Eroskik, ia 2.500 langileko taldea eta 377.432 bezero bazkideko komunitatea. «Estrategikoa» da, kooperatibak dioenez.

2020ko lehen erdian, 2.412 milioi euroko fakturazioa izan zuen Eroski taldeak, eta horrek esan nahi du %7,2 handitu dela negozioa. Bereziki elikagaien jarduera handitu da, pandemiaren aroaren isla zuzena; izan ere, COVID-19a dela eta, hurbileko dendak biziberritu egin dira, eta salmentak %12 ugaritu dituzte. Dena den, elikagaien jarduerak orekatu egin du beste negozio eremu batzuetan jarduera apaldu izana: adibidez, bidaia agentzietan eta gasolindegietan. Adar horiek asko sufritzen ari dira oraindik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.