Emaitzak hobetu eta krisi osteko zabalkunde aroan sakontzeko helburuarekin, aspaldian ari zen Eroskiko zuzendaritza If lurrindegi katea saltzekotan. Sektoreko lehiakide sendoenari saldu dio azkenean. Euskal kooperatiba handienak jakinarazi du 103 If perfume denda erosi dizkiola Douglas kateak. Ifek oso gaizki pasatu zituen krisi urteak, eta 2016. urtea «apartekoa» izan bazen ere, «ez da baztertzen hura saltzea», ohartarazi zuen Agustin Markaide Eroskiko presidenteak orain bi hilabete. Emaitzak hobetzeko, Elorrioko kooperatiba bere esku dauzkan «tresna guztiak» erabiltzeko prest dagoela erantsi zuen, eta aktiboen salmentak ez dira higiezinen esparrukoak bakarrik izan, agerikoa denez. Eroski Bidaiak katea ere sal daitekeenaren zerendan dago. Forum kirol produktuen dendak beste egoera batean leudeke, ordea.
2016ko memorian, Eroskik dio 169 lurrin denda zituela —200 inguru ziren 2015ean—. Douglaskatearekin lotutako operazioak 103 denda hartzen ditu, ordea. Azken hilabeteetan, batzuk itxi egin dituzte, eta beste batzuk saldu. Orain saldutakoetan jarduten duten langileek beren lanpostuei eta lan baldintzei eutsiko diete perfumeen sektoreko multinazionalak Eroskirekin adostutakoa betetzen badu. Kooperatibak jakinarazi du akordioan horrela egitea jaso dela.
Merkataritza guneetan
Douglas GmbH Alemaniako lurrindegi kate handi bat da, eta Hagen hirian du egoitza. 1.700 dendatik gora ditu, jabetza zuzenean edo frankizia bidez. Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, esaterako, Nocibe markarekin egiten du lan. Denda bat du Angelun, beste bat Baionan eta beste bat Miarritzen. Hego Euskal Herrian ere zabaldu ditu dendak azken urteetan, hain zuzen, saltoki handietan. Bizkaian, Barakaldon (Max Center), Leioan (Artea) eta Bilbon (Zubiarte) dauzka dendak; Gipuzkoan, berriz, Urbil merkataritza zentroan (Usurbil); Araban, Boulevard merkataritza gunean, Gasteizen; eta Nafarroan ere badu denda bat, Uharteko Itaroa saltoki handian. If erosi eta gero, perfumearen sektorean are nagusitasun handiagoa izango du.
Eroski, berriz, errentagarriagoa izango da, Javier Amezaga kooperatibako Baliabideen Saileko zuzendari nagusiak ziurtatu duenez; hala ere, «epe ertainera» ikusiko dira salmentaren onura horiek. Operazioaren ondoren, Eroski Taldeak 1.270 supermerkatu eta 54 hipermerkatu izango ditu, 19 Cash & Carry eta 330 denda askotariko negozioetan: gasolindegiak, lurrindegiak, optikak, bidaia agentziak eta kirol materialen dendak.
Eroskik If lurrin dendak saldu dizkio Douglasi
103 perfume saltokiren salmenta jasotzen du operazioak. Euskal Herriko banaketa enpresa handienak esan du lanpostuei eta lan baldintzei eusteko konpromisoa hartu duela Douglasek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu