Eroskik 70 milioi euro irabazi ditu lehen seihilekoan

aitor biain
2023ko urriaren 11
00:00
Entzun
Inflazioaren aldeko haizeari etekina ateratzen jarraitzen du Eroskik. Elorrioko (Bizkaia) banaketa kooperatibak 69,9 milioi euroren irabaziak izan baititu 2023. urtearen lehen erdian. Aurreko urteko epe berean lortutakoa baino ia %50 gehiago da hori, eta iaz urte osoan lortutakoa baino zertxobait gehiago —64 milioi euro irabazi zituen 2022an—. Eroskik adierazi du taldeak hartua duen bide egokiaren ondorio direla emaitza horiek: merkatu kuota handitzea eta kostuak doitzea lortu duelako.

Horiek horrela, 2.526,7 milioi euroko negozioa erdietsi du taldeak otsailetik uztailera. Horrek esan nahi du banaketa taldearen diru sarrerak %9,21 handitu direla. Elikagaien inflazioa ia %10en bueltan den honetan, banaketa taldeak adierazi du aurten iaz baino ahalegin handiagoa egin duela irabazi marjinei bere hartan eusteko, eta emaitza ona sustapen jarduera handitzeko ahaleginari zor zaiola bereziki. Hain zuzen ere, banaketa taldeak merkatu guztietan hobetu du kuota, eta horri esker hobetu du emaitza operatiboa ere: 31,9 milioi eurokoa izan da. EBITDA 166 milioi eurotik gorakoa izan da. «Kontsumitzaileek erantzun ona eman diote egindako lanari, eta horri esker egin dugu aurrerapen hau», esan du taldeak.

Taldeak 36,7 milioi euro inbertitu ditu saltoki berriak irekitzeko, baita salmenta guneak berritzeko ere. Zorra txikitzea ere lortu du: 35 milioi euro amortizatu ditu lehen sei hilabeteetan, eta, beraz, 874 milioi euro zor dizkie finantza erakundeei orain. Hain zuzen, bankuei ordaintzeko bonu jaulkipena egin du Eroskik, 600 milioi euro artekoa. Atzo egin zuen batzar nagusia erabakia onartzeko.

Hazkundea sendotzea xede

Zorrak zor, negozioak etekinak ematen zituela adierazi izan du Elorrioko kooperatibak urte beltz askotan, eta 2023ko lehen erdiaren emaitzek indarra eta oinarria eman diete adierazpen horiei. Hori bera nabarmendu du Rosa Carabel Eroskiko zuzendari nagusiak ere: «Ekitaldi honetako lehen sei hilabeteetan lortu ditugun emaitzek agerian uzten dute gure negozio eredua sendoa eta lehiakorra dela». Izan ere, hazkundearen bidea hartuta dago Eroski, eta bide horretan segitu nahi du aurrerantzean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.