Inflazioaren aldeko haizeari etekina ateratzen jarraitzen du Eroskik, emaitza positiboak baititu aurten ere. Elorrioko banaketa kooperatibak 69,9 milioi euroren irabaziak izan ditu 2023. urtearen lehen erdian. Aurreko urte osoan lortutakoa baino zertxobait gehiago da hori (+%1,81), 64 milioi euroren irabaziak izan baitzituen iaz. Eroskik adierazi du banaketa taldeak hartua duen bide egokiaren ondorio direla emaitza horiek: merkatu kuota handitzea eta kostuak doitzea lortu duelako.
Horiek horrela, 2.526,7 milioi euroko negozioa erdietsi du taldeak otsailetik uztailera. Horrek esan nahi du banaketa taldearen diru sarrerak %9,21 handitu direla. Elikagaien inflazioa ia %10aren bueltan den honetan, Eroskik adierazi du aurten iaz baino ahalegin handiagoa egin duela irabazi marjinak bere horretan mantentzeko, eta emaitza ona sustapen jarduera handitzeko ahaleginari zor zaiola bereziki. Hain zuzen ere, banaketa taldeak merkatu guztietan hobetu du bere kuota, eta horri esker hobetu du emaitza operatiboa ere: 31,9 milioi eurokoa izan da. Ebitda 166 milioi eurotik gorakoa izan da. «Kontsumitzaileek erantzun ona eman diote egindako lanari, eta horri esker egin dugu aurrerapen hau», esan du taldeak.
Taldeak 36,7 milioi euro inbertitu ditu saltoki berriak irekitzeko aurtengo urtearen erdian: 53 denda, lau supermerkatu propio eta 49 frankizia saltoki irekitzeko erabili du diru hori, baita salmenta guneak berritzeko ere. Zorra txikitzea ere lortu du: 35 milioi euro amortizatu ditu lehen sei hilabeteetan, eta, beraz, 874 milioi euro zor dizkie finantza erakundeei orain. Hain zuzen, bankuei ordaintzeko bonu jaulkipena egin du Eroskik, 600 milioi euro artekoa.
Hazkundea sendotzea helburu
Zorrak zor, negozioak etekinak ematen zituela adierazi izan du Elorrioko kooperatibak urte beltz askoan, eta 2023ko lehen erdiaren emaitzek indarra eta oinarria eman diete adierazpen horiei. Hori bera nabarmendu du Rosa Carabel Eroskiko zuzendari nagusiak ere: «Ekitaldi honetako lehen sei hilabeteetan lortu ditugun emaitzek agerian uzten dute gure negozio eredua sendoa eta lehiakorra dela». Izan ere, hazkundearen bidea hartuta dago Eroski, eta bide horretan segitu nahi du taldeak aurrerantzean ere.
Carabelek erantsi du «erronka handia» izan dela inflazioak sortutako egoerari aurre egitea, prezioen garestitzeak balio kate osoari eragin diolako, eta kontsumitzaileen erosketa ohiturak aldatu dituelako. Bada, taldeak irabazi marjinak apaltzeko egindako ahalegina azpimarratu du zuzendari nagusiak: «Gogor aritu gara lanean familien poltsikoari arnasa eman dieten sustapenak abiatzeko, eta halaxe egingo dugu datozen hilabeteetan ere». Horri lotuta, iragarri du beste kanpaina bat abiarazi duela: erosketa saskiko 800 produkturen prezioa merkatu du taldeak. Produktu horietan artean «erosketa oso bat egiteko behar diren mota guztietako produktuak» daude, taldeak azaldu duenez.