Eroskik 30 milioiren interesak ordainduko dizkie ekarpenen jabeei

Kooperatibak 453 milioi euro ordaindu ditu 2002az gerotik. Datorren urtean %6,053ko interesa jasoko dute 2007ko ekarpenak erosi zituztenek, eta %6,553ko interesa aurreko jaulkipenetan parte hartu zutenek.

EROSKI
Eroskiren kartel handi bat, Garbera merkataritza gunean. ANDONI CANELLADA/FOKU
aitor biain
2024ko urtarrilaren 31
12:25
Entzun

Azken urteotako urtarrilaren 31 guztietan bezala, Eroskiren ekarpenak erosi zituztenei egindako inbertsioaren interesa jasotzeko ordua iritsi zaie. Aurten, 30 milioi euro ordainduko ditu Elorrioko banaketa kooperatibak, ekarpenen urteko interesa kitatzeko. 2002an, 2004an eta 2007an jaulki zituen finantza produktu horiek Eroskik, orduan martxan zuen hedapen prozesua finantzatzeko: 660 milioi eskuratu zituen ekarpenen bidez. 

Kooperatibak ohar bidez azaldu duenez, 2002ko eta 2004ko ekarpenen jabeei %6,368ko interesa ordainduko zaie aurten, eta 2007an jaulkitakoak erosi zituztenei, berriz, %5,868ko interesa. Era berean, menpeko obligazio bat erosi zutenei ere bihar egingo zaie ordainketa, %6,368ko interesarekin.

Eroski legez behartuta dago finantza ekarpenen interesak ordaintzera, ez baitu zerikusirik kooperatiba taldearen urteroko emaitzarekin. Euriborra da interesen zenbatekoaren erreferentzia: Euriborra gehi %3 ordaintzen zaie 2002ko eta 2004ko ekarpenen jabeei, eta Euriborra gehi %2,5 2007koen erosleei. Gauzak horrela, datorren urteko urtarrilean %6,553ko interesa jasoko dute lehen bi ekarpenak erosi zituztenek, eta %6,053ko interesa 2007ko ekarpenen jabeek eta obligazioen erosleek.

Eroskik azpimarratu du finantza produktu horiek jaulki zituenetik urtero ordaindu dituela interesak, eta dagoeneko 453 milioi euro pagatu dizkiela inbertsioa egin zutenei. Hain zuzen ere, banaketa taldearen arabera, 2002an ekarpenak erosi zituztenek dagoeneko orduan jarritako diruaren %96,1 berreskuratu dute interesetan; 2004an erosi zituztenek, berriz, jarritakoaren %83,6, eta, 2007koaren erosleek, %58,3. Aldiz, duela urtebete iraungi ziren menpeko jaulkipenetan inbertitu zutenek %105,1 berreskuratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.