Eroskik 20 milioi euro inbertitu ditu elikagai freskoen biltegi berrian

Jundizen dago, eta 50 langile kontratatu ditu han jarduteko. Urkulluk goratu egin du erabaki horrekin kooperatibak erakutsi duen «ausardia»

Iñigo Urkulluk eta beste agintariek Eroskiren banaketa nasa berrira atzo eginiko bisita. MIKEL ARRAZOLA / IREKIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Eroskik hozkailu berria du. Hozkailu berri eta erraldoia, gainera, Euskal Herriko eta Espainiako iparraldeko dendak produktu freskoz hornitzeko erabiliko duena. Kooperatibak nasa berria jarri du martxan Jundizen (Gasteiz, Araba), elikagai freskoak jaso eta banaketa antolatzeko. 27.400 metro koadroko biltegi handia da —ia bost futbol zelai—, eta horietatik 17.000 metro giroa hozteko aparatuz hornituta daude. Azpiegiturak hogei milioi euroko kostua izan du, eta 50 langile berri kontratatu dituzte han jarduteko.

Eroskik atzo inauguratu zuen nasa, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria gonbidatu zuen. Bertan egon ziren, besteak beste, Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko sailburua eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere. Urkulluk Eroskiren «ausardia» txalotu zuen, COVID-19ak eragindako krisiaren eraginpean egon arren tamaina horretako inbertsioa egin duelako. Era berean, kooperatibak iaz izandako urte oparoa goratu zuen: «Urte positiboa izan zen Eroskirentzat: salmentak igo zituen; lanpostu berriak sortu zituen; gertuko hornitzaileei gehiago erosi zien; digitalizazioan pausoak eman zituen; eta denda propio gehiago ireki zituen».

Etxeko lanak ondo eginda joan zen lehendakaria, Eroskik emandako datuekin bat datozelako. Iaz %2,1 igo ziren Eroskiren salmentak, eta elikagaietan nabaritu zuen gorakada handiena: %9. Ostalaritza itxita egotearen eraginez, herritarrek jaki gehiago erosi zituzten. Euskal Herrian eta Espainiako iparraldean, 0,3 handitu zuen merkatu kuota, %13,3raino. Bestalde, ekoizle txikiei erositako produktuen kopurua %13 handitu zen.

Agustin Markaide Eroskiko presidenteak egin zituen agintarien cicerone lanak biltegian. Ondoren, hitza hartu zuen, eta kooperatibaren egoerari argazkia atera zion. Mediterraneoko negozioaren erdia Txekiako EP Corporate Group inbertsio funtsari saldu izanaren garrantzia nabarmendu zuen: «Eremu geografiko horretan gure negozioak indartu egingo dira. Gure zorra normaltasun maila batera murriztu da. Ibilbide luze baten azken pausoa da, eta ziklo bat amaitu dugu. Ziklo berri honetan gaitasun handiagoa izango dugu». Eroskik 2019an lortu zuen zorra arintzeko azken akordioa bankuekin, eta bost urtez luzatu zuen orduan 1.540 milioi euro itzultzeko epea.

Urkulluk ere nabarmendu zuen diru kontuak txukuntzeko bidean Eroskik eginiko lana, eta egoera berriak eman dion arnasa: «Azken urteetan zor gehien kitatu duen estatuko enpresa da. Duela hamar urte hasitako berregituraketa finantzarioa bukatu du. Gainera, arrakastaz garatzen ari da on-line salmentak handitzeko prozesua, koronabirusaren krisiak bizkortu duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.