Eroski taldeak ongi zehaztuta dauka hazkundearen bide orria, eta abiada egokian doa emaitzek erakusten dutenez. Urteko lehen hiruhilekoa 13,2 milioi euroko emaitza positiboarekin itxi du; iazko epe berarekin alderatuta, %38ko hobekuntza da hori. Halaber, taldearen jarduera osoa aintzat hartuta, 1.385 milioi euroko negozio datuetara iritsi da kooperatiba.
Mondragon taldeko banaketa enpresak azaldu du hazkunde horren arrazoia elikagaien atalean fakturazioa handitu izana dela, %1,5 hazi baita 2024ko aldi berarekin konparatuta. Izan ere, adierazi du bezeroek eskertu egin dutela sustapenean eta lehengaien kostuen gorakada osoa azken preziora ez eramateko azken urteetan egindako «ahalegina».
Kooperatibak nabarmendu duenez, enpresari kostuak handitu bazaizkio ere, eraginkortasunean egindako hobekuntzari esker lortu dute emaitza positiboari eustea. Hain zuzen ere, Ebitda —zergen eta bankuei ordaindu beharrekoen aurreko emaitza— 59 milioi euroraino handitu da horri esker. «Hiruhilekoa espero genuen moduan itxi dugu: gure eredu komertzialaren sendotasuna eta eraginkortasuna berretsita eta gure lehiakortasunaren posizionamendua indartuta», adierazi du taldeak.
Hurrengo hilabeteetan ere joera horri eustea espero du, eta iazko emaitzak hobetzea. Aurreikuspenen arabera, 6.104 milioi euro fakturatzea espero baitu, 2024an baino %3,4 gehiago.