Espainiako Ministro Kontseiluak dekretu bat onartu du gaur, Uber, Cabify eta antzeko multinazionalentzat VTC lizentziekin lan egiten duten gidarientzat. Nagusiki hiri barruko garraio zerbitzua eskaintzen dutela argudiatuta, Jose Luis Abalos ministroak azaldu du aurrerantzean autonomia erkidegoek eta udalek arautuko dituztela VTC lizentziak —orain arte, Madrilek egiten zuen—, taxien lizentziekin gertatzen den bezala. Beraz, aurrerantzean Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta tokian tokiko udalek arautu beharko dituzte hiriko garraiorako VTC lizentziak; Madrilek lau urteko “trantsizio epea” eman die erkidegoei araudia garatzeko eta VTC gidariei araudi berrira moldatzeko.
Abalosek adierazi du, dekretuaren bidez, bi sektoreren arteko “bizikidetza” lortu nahi duela. Gogora ekarri du taxien hirietako zerbitzuen araudia tokiko erakundeek arautzen dutela: erkidegoek eta udalek. Aldiz, hiri arteko garraioetarako araudia, Espainiako Gobernuak arautzen du. Horregatik, taxiak, berez, hiri barruan ibil daitezke —erkidegoko eta udaleko araudia betez—; hirietatik kanpo ibilitzeko, beste lizentzia bat behar dute, Madrilek emandakoa.
Orain arte, VTCa hiri arteko gisa arautu dia, baina, praktikan, hiri barruko zerbitzua ematen dute nagusiki, bereziki hiri handietan. “Hiri barruko garraio bakarra da, hiriek arautzen ez duena. Eta hori kontradizio bat da”, Abalosen esanetan. “Dagokiona da, hiriko garraioa bada, gainontzekoak bezala arautzea, hiriko eta erkidegoetako erakundeek”. Gaur egungo VTC lizentziak ez dira baliogabetuko lau urtez, baina bidaia luzeak egiteko balioko dute, ez hiri barruko garraioetarako.
Madrilek lau urteko epea eman du aldaketarako. “Autonomia erkidegoek arautzeko zentzuzko denbora izan dezaten, eta VTCek ere denbora izan dezaten egokitzeko edo, behar izanez gero, kalte-ordainak eskatzeko”.
Abalosek aurreikusi du egongo direla kalte-ordain errekurtsoak; hori bai, ministroak VTC lizentziadunei ohartarazi die ez dutela tarterik utziko kalte-ordainekin espekulaziorik egiteko. “Badakizue zenbat balio duen lizentzia batek? 39 euro. Gero inork ezin ditu milaka euro eskatu: dekretuak espekulaziorako aukera kentzen du”.
17,1, taxi/VTC ratioa Hegoaldean
Azken datuen arabera, Hego Euskal Herrian 149 VTC daude, eta taxiak, berriz, 2.556 dira. Hau da, VTC bakoitzeko 17,1 taxi daude. Hemen, ordea, ez dago Madrilen, Bartzelonan edo beste Europako hiri askotan taxilarien eta VTCen artean dagoen gatazkarik, Uber, Cabify edo VTC baimenak kudeatzen dituen enpresa handirik ez dagoelako zerbitzurik ematen—Uber Lapurdiko kostaldean ari da lanean, udan—. Edonola ere, Hego Euskal Herriko taxilariak beldur dira egoera hemen ere gerta daitekeen.