Eredua moldatzea

Litekeena da hegazti gripearen aurkako txertaketak gaitzaren presioa arintzea, baina produkzio industrialak bere gabeziak ditu. ELBk Frantziako legedia aldatzea galdegin du.

Julen Otaegi Leonet.
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Indarrean den legediak argi uzten du: hegazti gripean positibo eman ostean, haztegi bateko hegazti guztiak hil behar dira, gaitza gehiago ez hedatzeko. Nahiz eta urteak daramatzan Europako etxaldeetako hegaztiak kutsatzen, herrialdeek ez dute prebentzio neurriez gain besterik onartu. Txertoa alboratu egin dute, ezin baita esportatu antigorputzak garatu dituen hegaztirik edo haragirik. Orain, baina, denen arteko akordioa lortu nahi dute Europan.

Julen Perez ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuneko kidea eta Beti Aintzina etxaldeko hazlea da (Lohitzüne-Oihergi, Zuberoa). «Aurten gertatu da sekula gertatu ez dena: gripea izugarria izan da. Europan ohartu dira ez badiote txertoari kasu egiten guziz galduko dituztela kabalak».

Frantziak urteak daramatza txertoa aurrera eraman nahian, han pairatu baitituzte gehien hegazti gripearen ondorioak. Urtarriletik ekain arte du Europako Batasuneko Kontseiluko lehendakaritza, eta, azkenean, lortu du entzuna izatea. «Beste estatuak onartzen eta konprenitzen hasiak dira; aitzinatze bat izan da», azaldu du Perezek.

Txertaketa onartzea, baina, ez da irtenbide bakarra, hazlearen ustez: «Txertoak ez du horrelako magiarik. Hazteko sistema ez bada hastapenetik aldatzen, ez du mirakulurik eginen». Arazoa egungo produkzio industrialeko haztegietan ikusten du: gaitza «eskuin eta ezker barreiatzen dute», hegaztiak etxalde batetik bestera eramaten baitira hiruzpalau aldiz, bizirik diren bitartean.

Perezek dio Frantziako legediak ez duela egiten bereizketarik produkzio industrialeko eta produkzio txikiagoko haztegien artean. Horregatik, administrazioari eskatu diote «modelo autarkikoa» errekonozitu dezala. Prozesu guztia leku bakarrean egiten da hartan: kabalak hazi, gizendu, hil eta merkaturatzeko produktuak egin.

Era berean, galdegin du gripea denean kanpoko hazkuntza egiteko aukera ez bortxatzea, eta produkzio industrialeko biosegurtasun arau berak ez aplikatzea. «Gutieneko araudi bat behar da, baina ezin dute galdegin produkzio industrialeko haztegien bera, arriskua ez baita bera».

Ahateak hiltzea

ELBtik txertoa ez dute «begi txarrez ikusten, sustut kabalak bizirik atxikitzea laguntzen badute». Hau da, oraingo legeditik babesten badituzte, hegazti guztiak ez hiltzea baldin badakar.

Izan ere, urtarrilaren 27an, albaitariek Perezen Beti Aintzinaetxaldeko mila ahate inguru hil zituzten, hegazti gripean positibo eman ondoren. Aurretik, haragia jangarria denez, Beti Aintzinakoek baimena izan zuten nahi adina ahate hil eta haragitarako aprobetxatzeko; horretarako soilik berrehun hil zituzten. Urtero 2.000 ahate hazten dituzte Beti Aintzinan; beraz, irabazien erdiak galdu zituzten orduan. Aurten, behintzat, «jasango» dute.

Frantziako administrazioak laguntzak eman ohi dizkie hegaztiak hil behar izan dituzten laborariei. Perez, ordea, «legez kontra» zen, kanpoko hazkuntzarekin segitu baitzuen.

Ez da beste laborarien kasua: «Badakite arriskua dagoela, baita kalte ordainak Frantziako Estatuak ordainduko dituela ere». Administrazioak ez badu presiorik egiten «ez da deus ere aldatuko, eta luzaz pagatu beharko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.