Eredu behar luketenak, ez dira hala

Nazioarteko erakundeetan emakume gutxiago daude enpresetako administrazio kontseiluetan baino.

Emakume bat, aireportu batean, bakar-bakarrik. BERRIA.
2011ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak administrazio kontseiluetan gizonen eta emakumeen presentzia parekatzeko agindu die enpresei. Baina nazioarteko erakunde publikoetan zer leku dute emakumeek? Zein da emakumeen egoera NBE Nazio Batuen Erakundean, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean, Munduko Bankuan, NDF Nazioarteko Diru Funtsean edota EB Europako Batasunean?

NBEk, 1945an sortu zutenetik, bederatzi idazkari nagusi izan ditu, guztiak gizonak; azkena, Ban Ki-moon. Urtebete beranduago, 1946an, sortu zuten NBEko Batzar Orokorra, orduz geroztik 75 presidente izan ditu, eta horietatik hiru baino ez dira emakumeak izan.

Hala ere, NBEko panorama ez da horren txarra NATOkoarekin alderatuta. Erakunde hori 1952an sortu zuten, eta orduz geroztik, 11 idazkari nagusi eta hamahiru idazkari nagusiaren alboko izan ditu. Bat bera ere ez emakumea. NATOren baitako departamenduen zuzendaritzetan ere gizonak baino ez daude. Soilik bi emakume daude erakunde horretako goi karguetan: Oana Lungescu bozeramailea eta Stefanie Babst haren albokoa.

Munduko Bankuak, berriz, hamahiru presidente izan ditu 1949tik, sortu zutenetik, eta haietako bat bera ere ez da emakumea izan. Presidente berri bat izendatzen duten bakoitzean, hots, erakundeak etapa berri bati ekiten dionean, familiako argazkia ateratzeko joera dute, eta deigarria da 1960ko hamarkadako eta gau egungo argazkiek berdinak diruditela: gizon talde handi bat ageri da guztietan, eta emakumeren bat edo beste besterik ez haien guztien artean.

NDFn ere sekula ez da emakume bat izan ardurarik handieneko eserlekuan. 1946tik, hamar gizonezkok izan dira erakundeko zuzendari kudeatzaile kargua izan dutenak. Eta Europara etorrita, ez pentsa gauzak asko aldatzen direnik. Europako Batasuna osatzen duten 27 herrialdeetatik lauk baino ez dituzte emakumeak gobernuburu: Alemaniak, Lituaniak, Eslovakiak eta Finlandiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.