Pertsonen kudeaketaren berrikuntzarako taldeak aste honetan egin du lehen bilera, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak jakinarazi duenez. Talde horren lana izango da, besteak beste, asteko lanaldia 32 ordura murrizteko proiektu pilotu bat probatzea, aztertzeko zer eragin izango lukeen halako neurri batek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Era berean, telelan formula askotarikoak ezartzea ere aztertuko du, eta baita kodeterminazioa aplikatzea ere —langileek parte hartzea enpresan enpleguari dagozkion erabaki estrategikoetan—.
Taldean, hala ere, soilik Jaurlaritza eta CCOO eta UGT sindikatuak izango dira, beste gizarte eragile guztiek uko egin baitiote Elena Perez Barredo Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak egindako gonbidapenari. Confebask patronala jada lan astea murriztearen kontra azaldu zen, Idoia Mendia sailburuak asmoa aipatu zuenean.
Proiektuaren diseinuak Future Policy Lab-en laguntza akademikoa du, eta entseguaren ondorioak gizarte eragileen eskura jarriko dira, negoziazio kolektiboko prozesuetarako balioets ditzaten.