Armetatik bizikletetara; sozietate anonimotik kooperatibara; Eibartik Mallabira. Orbearen pedal kolpea eraldaketa da. Hari esker lortu du munduko bizikleta egile lehiakorrenetakoa izatea. Merkatu globaletan nor baino nor gehiago aritzen da munduko ekoizle onenekin; XXI. mendean egindako berrikuntza saio handia, batik bat, ez da alferrik izan. Hala esan zuen atzo Jon Fernandez Mondragon taldeko kooperatibako zuzendari nagusiak. «Gizarte justuagoa izan dadin eta aberastasuna banatu dadin aritzen gara, pasioz beti, enplegua sortzeko». Pasio horrek eraman du enpresa 175 urte betetzera, azken 45ak kooperatiba gisa. Etengabe berritzea, eraldatzea dela bidea nabarmendu zuen, eta ospakizun ekitaldian batutako langile bazkideei begira, «berrikuntza edozein langilerengan» dagoela erantsi zuen.
Orbeak produktu gorenak lortu ditu XX. mendeko azken hamarkadatik; orduan egin zuen salto maila profesionalera (kirol probei begira), aurrena Pedro Delgado bandera gisa hartuta; Marino Lejarreta eta beste batzuk ere hor izan ziren, Euskadi Euskaltel eta Samuel Sanchez iritsi arte. Txirrindulari profesional horiek denak, eta beste hainbat, Mallabiko instalazioetan egon ziren Orbea babesten; «lan ona eskertzen», Delgadoren hitzetan.
«Eraldatu ala hil»
Jon Fernandezek esan zuen aurrerantzean ere berritzen jarraitu beharko dutela, eraldatzen, eta elektronikaren eskutik iritsiko dela berrikuntza, bizikleta motordunei erreparatuz. «Goi teknologia tradizionala goi teknologia elektronikoarekin uztartu beharko dugu; hortik dator etorkizuna. Orain gutxi ez genuen imajinatu ere egiten halakorik».
Orbeak «balio historikoekin leial» jarraituko duela azaldu zuen, horrek ahalbidetzen diolako kooperatibari «finantza gaitasun handiagoa» dutenekin lehiatzea. Ez alferrik, Mallabiko bizikletak mundu osoko 55 herrialdetan saltzen dira; urtero 200.000 ale saltzen ditu markak bere adarrei esker, AEBetan, Erresuma Batuan, Alemanian, Australian, Frantzian... Gehienak Bizkaian eginak dira, lantegi nagusiko 180 langile bazkideek diseinatu eta ekoitziak. Portugalen beste planta bat dauka enpresak, 50 langilerekin. Iazko apirilean Txinan zuena itxi zuen, Mallabikoa eta Portugalgoa indartzeko, hain zuzen.
Mondragon taldeko presidente Javier Sotilek gogoratu zuen Orbeak duela 45 urte hartu zuela kooperatiba bihurtzeko erabakia. Hainbeste urtekoak Mondragonen ez direla asko erantsi zuen, eta Orbeak duen «ardura soziala» ere nabarmendu zuen, «pertsonengandik gertu egonez, eta hierarkia oso lauekin enpresaren barruan».
Arizmendiarrieta eta Velosol
Eta ezaugarri horiekin merkatu globaletan lehiatzeko erronka aipatu zuen. «Konpromisoa eta etengabeko eraldaketarako prest egotea» eskatzen du horrek, Sotilen arabera. «Onartu egin behar dugu, eta bete-betean sartu; eraldatu ala hil, ez da besterik geratzen». Tonu arinagoan, irribarreak eragin zituen entzuleengan Jose Mara Arizmendiarrieta Mondragonen sortzailea egunero Orbea Velosol batekin ibiltzen zela kontatu zuenean.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hitza hartu bezain laster esan zuen Orbea bat ez, bi dauzkala, «mendikoa bat eta errepidekoa bestea». Urkulluk esan zuen Orbearen ezaugarriek eraman dutela enpresa dagoen tokira; hain zuzen, berritzeko eta eraldatzeko gaitasunak eta pertsonengandik hurbil egoteko prestasunak. Ekonomia globalaren arriskuak ezkutatu gabe, EAEko lehendakariak azaldu zuen aurreikuspenak onak direla, «%2,7 hazi dela Euskadi», eta horrek enplegua sortuko duela «berriro». Lakua enpresen alboan egongo dela ere gogoratu zuen, «beti bezala», eta atal publikoaren eta atal pribatuaren elkarlana formula egokia dela.
Eraldaketari esker lortu du Orbeak 175 urteko ibilbide luzea egitea
Jaurlaritzaren aitortza jaso du Mallabiko bizikleta egileak, bere burua berrasmatzen jakin duelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu