«Ez da posible harriak jaurtitzea milioi euro asko inbertitzera eta jarduera ekonomiko bat garatzera datorrenaren aurka». Eusko Jaurlaritzako Ekonomiako Garapeneko sailburu Arantxa Tapia ez dago eroso Euskal Herriko ontziolen sektoreak izan duen erreakzio bortitzarekin Belgikako VGPren aurka. Logistika alorreko talde horrek irabazi du Navalen likidazioa, eta epailearen azken oniritziaren zain dago Sestaoko azpiegituren eta lursailen jabe egiteko. Eta Gasteizko gobernuan bada uste bat: ontziolen jarduera berreskuratu nahi dutenek erakundeak erabili nahi dituztela VGP estu har dezaten, behar bezainbeste zoru saldu edo alokatu dezan ontziola historikoan, industria proiektu baten alde. Likidazioan bigarren lekuan geratu den taldeak, hain zuzen ere, bere industria plana ezagutaraziko die aste honetan hala Bizkaiko Aldundiari nola Jaurlaritzari. Logistikarako erabiliko da Naval, bai, baina garbi dago saio sendo bat martxan dagoela ontziolaren jarduera gal ez dadin.
Euskal Herriko Itsas Foroak jakinarazi du erakundeen eta Navalen ontziolekin lotutako industria jarduera abiatu nahi duen taldearen arteko balizko batzar horren berri. Itsas Foroa oso haserre azaldu da VGPk Naval ohia baliatu nahi duelako logistikarekin baizik loturarik ez duen jarduera baterako; Bizkaiko Merkataritza Ganbera ere oso kritiko azaldu da adjudikazio horrekin, baina 36 milioi euroko eskaintza handiena gertatu da, eta Navalek hartzekodun boteretsuak ditu. Ehun milioi eurotik gorako zorra utzi zuen, izan ere, eta 36 milioi euro horiek hartzekodun handienei zorra itzultzeko balioko dute, zati txiki bat besterik ez bada ere.
Navalen likidazioan eskaintza onenetan bigarrena egin duen partzuergoa (30 milioi euro) saiatu da Belgikako taldearekin harremana egiten, jakiteko akordio bat posible ote den, laster bere jabetza izango den zoruaren zati bat alokatu edo sal dezan. Inork ez daki, ordea, VGPk zer asmo duen auzi horri begira. Jakin beharko litzateke, hasteko, Belgikako taldea gauzatzekoa den logistika proiektua bateragarria ote den ontzigintzako proiektu batekin. Elkarren ondoan egin beharko lituzkete jarduera horiek.
Bitartekaritza lanak
Jokaleku horretan, Eusko Jaurlaritzaren parte hartzea nahiko luke Navalentzat industria plan bat duen taldeak. Jardun industrialaren aldagaia oso garrantzitsua da, eta ez bakarrik sor dezakeen lanpostu kopuruarengatik. Orube industrial gisa kalifikatuta dago Navalen lursaila, eta, enkanteko baldintza agiriaren arabera, lurraren erabileraren %51 jardun industrialerako erabili beharra dago. Aldagai horrek presiorako palanka gisa joka dezan nahi du ontzigintzarekin lotutako proiektua agindu duen taldeak. Baina baliteke VGPk beste planen bat izatea beste era batera betetzeko zoruaren %51 industriarako erabili behar dela dioen baldintza hori, eta bere asmoek ez dute zertan loturarik eduki ontziolen jarduerarekin.
Tapia sailburuak dio VGP taldeak «erraztu» egingo duela Navalen eremuan industria proiektuak egitea; hala helarazi ei dio VGPk. Konpainia pribatuen arteko elkarrizketak egon daitezen nahiko luke Tapiak, Gasteizko gobernuak ez baitu sekula ezkutatu industria proiektuak nahiko lituzkeela Sestaoko ontziola ohian. Baina, bien bitartean, «errespetua» eskatu du VGPrentzat, garbi utzita hark egin duela eskaintzarik onena, eta likidazioaren lehen helburua hartzekodunak direla.
Erakundeen laguntza lortzen saiatuko dira Navalen ontzigintza gal ez dadin
Eskaintza onenetan bigarrena egin duen taldeak bere plana ezagutaraziko dio Jaurlaritzari, industria jarduera gal ez dadin Sestaoko ontziolan. VGP logistika talde garailearekin akordio bat behar da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu