Precision Castings Bilbaoko (PCB) langileek ITP Aerori «presio egiteko» eskatu diete erakunde publikoei, haien ustez enpresak egin nahi dituen 136 kaleratzeak eragotzi daitezkeelako. Horretarako, baina, ITP «behartu» egin beharko dute, eta Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Sestao eta Barakaldoko udalek horretarako ahalmena dutela uste dute. Era berean, argi dute partida kalean ere jokatuko dela, eta hainbat mobilizazio deitu dituzte Ezkerraldean hurrengo egunetarako.
«Sestaoko eta Barakaldoko ITP plantak dira egun Ezkerraldeko enpresarik garrantzitsuenak. Ezin dugu onartu eskualdean enplegua suntsitzen jarraitzea, are gutxiago eragotzi daitekeenean». Angel Rodriguez Precision Castings Bilbao langile batzordeko presidenteak (CCOO) hitz horiekin laburbildu zuen langileen jarrera, atzo goizean. ITP Aeroren fundizioa da PCB, eta 136 langileri eragingo dion erregulazio espediente bat du mahai gainean. Hilaren 23ra arte negoziatuko dituzte neurriaren baldintzak langileekin. Egun, 405 langile dira, finkoak denak, eta 45 urteko batez besteko adinarekin. Dena den, urtarrilean 620 langile inguru ziren, eta enpresak ez die kontratua berritu behin-behinekoei.
Langile batzordeak argi du zeintzuk diren negoziazio mahaian jokatu nahi dituen kartak. «Aurreikuspenen arabera, 2022. urterako susperraldi argia espero da hegazkingintzan; beraz, ez dugu ulertzen enpresak egiturazko neurriak hartzea», azaldu zuen Rodriguezek. Aurretik, baina, 2021. urtea dago, eta horri aurre egiteko behin-behineko neurriak proposatu dituzte bileretan. «Urte zaila izango da, eta litekeena da jaitsiera izatea eskaeretan. Baina badaude kaleratzeak eragozteko neurriak: aldi baterako erregulazioak... Hortik jo behar du konponbideak, eta urtebete barru egoera berriz aztertu». Sindikatuen arabera, ITP taldeak 105 milioi euroko irabazi zituen 2019an.
Enpresak negoziazioetan esan duenez, 2021ean ia erdiraino jaitsiko da ekoizpena, baina batzordean uste dute ez dela hainbesterako izango. Gainera, dagoeneko lantaldea murriztua dago behin- behinekoen kaleratzeekin. Mugimenduen atzean, baina, beste aldagai bat dago: Rolls Roycek ITP Aero saldu nahi du; eta erregulazioak asmo horrekin lotura izan dezakeela iritzi diote sindikatuek. Gauzak hala, erakunde publikoen laguntza eskatu dute. «Jarrera argia erakutsi behar dute. Hitzetatik ekintzetara pasatu behar dute eta enpresei presioa egin langileen adosturiko irtenbide bat exijitzeko». Sektorean inbertsio publiko handiak egin direla nabarmendu zuen Rodriguezek, eta hortik irits daiteke presiobidea.
Iragan astean, ELA sindikatuakjakinarazi zuen «luze gabe» lan karga berria espero dutela ITPk Zamudion (Bizkaia) duen plantan. PCBn harentzat egiten dute lan, eta albiste ona dela badakite, baina egun, epe laburrerako neurriak behar dituztela esan zuen Rodriguezek. Horiek lortzeko, bederatzi eguneko grebaldia eta hainbat mobilizazio antolatu dituzte hurrengo bi asteetarako. Nagusiak etziko eta hurrengo larunbateko martxak dira. «Ezkerraldean egin nahi duten harrapaketa eragozteko eskualde osoaren beharra dugu».
«Erakundeek ITP estutu behar dute»
PCBko langileek eragile publikoen inplikazioa eskatu dute 136 kaleratzeak eragozteko. Behin-behineko neurriak aski direla uste dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu