Cristian Lay taldeak Azpeitiko Corrugados berriro martxan jarriko ote duen erantzunik gabeko galdera da oraindik ere, baina enpresak ezagutzen ditu altzairugintzaren jardueran hasteko egin beharko lituzkeen etxeko lanak. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapiak esan zuen, atzo, enpresakingurumen esparruko arazoak gaindi ditzakeela, eta Gasteizko gobernuak zehaztu dizkiola bete behar dituen baldintzak baimena lortzeko. Hirigintzarekin lotutako baimena Azpeitiko Udalaren eskuduntza da.
Tapia bera egon zen Corrugadosen aukerak neurtzen hasteko balio izan zuen bileran, Jaurlaritza ordezkatzen. Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko diputatuak ordezkatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundia; eta Azpeitiko Udala, Nagore Alkorta alkateak. Erakundeotako ordezkariekin elkartu zen Cristian Lay taldeko zuzendari Miguel Angel Leal.
Jaurlaritzako iturriek BERRIAri esan diotenez, hirigintza esparruko oztopoak hor daude oraindik ere, eta udalak ez du argitu enpresak zer egin beharko lukeen Azpeitiko fabrika berriro martxan jartzeko, zortzi urtez itxita egon ondoren. Fabrika hori Azpeitiko erdigunean kokaturik dago, eta beste bat dauka Lasaon, erdigunetik urrunago.
Proposamen zehatz bat
Azpeitiko Udalak, ordea, ohar batean gezurtatu zuen informazio hori; «ingurumen baldintza, hirigintza arau eta legezko guztiak beteko lituzkeen aukera bat» mahairatu duela esan zuen, erantsita CL taldeak, «momentuz», ez duela interesik erakutsi aukera horren inguruan. Beharbada, Lasaoko fabrikarekin lotutako proposamena izan daiteke. Edonola ere, udalak xehetasunak emango ditu gaur. Aurreratu du labeak herrigunean irekitzeko aukera «txosten teknikoen menpe» dagoela, eta «oso konplikatua» izan daitekeela.
CA taldeak iragarri du asteon Azpeitiko fabrika abiarazteko aukera aztertzen ari dela, baina oraindik «hastapeneko fase batean». Tapia sailburuaren arabera, erakundeek «erraztu» egin behar diote bidea, besteak beste, Leal familiak 140 lanposturi buruz hitz egin duelako. Altzairugintzaren jardueran hasteko, CA taldeak bi oztopo nagusi ditu, baimenei dagokienez: lehena, ingurumen esparrukoa, eta bigarrena, hirigintzakoa. Lehen oztopo hori gaindi dezakeela badaki Espainiako taldeak, Tapiaren arabera, Jaurlaritzak «ongi zehaztu» diolako zein diren egin behar dituen lanak. Bigarren oztopoa Azpeitiko Udalaren mahaian dago, hirigintzaren esparrua haren eskuduntza delako.
Erakundeek Corrugados abiarazteko jarritako baldintzak, mahai gainean
AC taldeak badaki zer egin behar duen ingurumen baimena lortzeko. Azpeitiko Udalak esan du «proposamen zehatz bat» egin duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu