Eraikuntza sektoreari «premiazkoa» iruditzen zaio babes ofizialeko etxeentzako lurzoru erreserba murriztea

Ascobi patronalak oraindik ez dauka Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak norabide horretan eginiko proposamenaren berri. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 5.924 etxe eraiki ziren iaz, eta horietatik %31 izan ziren babestuak: «Oso gutxi dira».

Igeltsero batzuk lanean, Bilbon, Garellanoko dorreetan. LUIS TEJIDO / EFE
Igeltsero batzuk lanean, Bilbon, Garellanoko dorreetan. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko martxoaren 27a
13:30
Entzun 00:00:0000:00:00

«Baldintza hauetan eraikitzea ez da errentagarria. Eraikitzea abentura kirol bihurtu da, are gehiago kontuan hartuta orain proiektatzen duzun etxea zortzi urte barru salduko duzula». Kexa Iñaki Urresti Ascobi-Bieba Bizkaiko eraikuntza enpresen elkarteko zuzendari nagusiarena da. Nabarmendu du eraikitzen hastean enpresariak «%7 edo %8» inguruko errentagarritasuna lortu nahi izaten duela, eta orain hori lortzea oso zaila dela, eta etxe babestuetan, «ezinezkoa».

Iaz 5.924 etxe eraiki ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik %31 izan ziren babes ofizialekoak. «Oso gutxi da. Bi etxe mila biztanleko», laburbildu du Urrestik sektorearen iazko balantzearen aurkezpenean —Bizkaiko eta EAEko datuak uztartu ditu—. Eta zein da arazoa? Sektoreak argi du: babes ofizialeko etxeentzat erreserbaturiko lurzoruen batezbestekoa handiegia dela; %75ekoa 5.000 biztanletik gorako udaletan. «Arazo bat dago. Neurri berriak behar dira. Lurzoruaren legea ez da aldatu azken hamazazpi urteetan. Araudi horrekin ez da etxerik eraikitzen, ez librerik, ezta babesturik ere».

«Eraikuntzan sartzea abentura kirol bihurtu da, are gehiago orain egiten duzun proiektua zortzi urte barru salduko duzula kontuan hartuta. Horregatik ari da desagertzen promotore txikiaren figura»

IÑAKI URRESTIAscobi elkarteko zuzendari nagusia

Urrestik azaldu duenez, batezbesteko horrekin, promotoreak oso garesti saldu behar ditu etxe libreak, erosleak ordain dezakeena baino garestiago, eta, hori ikusita, nahiago du ez hasi. «Herriko promotore txikia desagertzen ari da». Halaber, zehaztu du etxe berri gehienak 5.000 biztanletik beherako herrietan eraiki direla, eta horietan araudi malguagoak daudela.

Eta zenbateraino jaitsi beharko litzateke etxe babestuentzat gordetako lurzoruaren batezbestekoa? Ez du zehaztu. «Ezin da kopuru bat zehaztu: herriaren eta obraren araberakoa beharko luke. Ez da gauza bera zulo handia egin behar duzun ala ez. Hori herriz herri ikusi behar da». Iragan astean, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak proposatu zuen batezbestekoa %60ra jaistea, eta sektoreak begi onez ikusten du asmoa, baina xehetasun gehiago behar ditu: «Bat gatoz diagnostikoarekin: arazo bat dago, baina neurriak ez ditugu ezagutzen. Dekretua ez dute gurekin aztertu; ez dakigu zer jartzen duen. Herri batzuetan balio dezake, beste batzuetan ez...».

363.908

Etxe berriak zenbat kostatzen diren Iaz saldu ziren etxe berrien batez besteko prezioa 363.809 eurokoa izan zen. Erabilitako etxeena, aldiz, 280.176 eurokoa. Batez besteko tamainari dagokionez, antzekoak izan ziren: 95 metro koadrokoak berriak, eta 94 metro koadrokoak bigarren eskukoak. 

Sailburuak aurreratu zuen beste asmoetako bat etxeak eraikitzeko tramiteak azkartzea zela, eta hori lortzeko neurriak adostu nahi zituela udalekin. «Hori babesturiko lurzorua murriztea bezain garrantzitsua da, eta eta ziur asko premiazkoagoa», nabarmendu du Urrestik. Izan ere, azaldu duenez, gaur egun, etxe baten proiektua egin eta hura eraiki arte zortzi eta hamar urte artean ere pasatzen dira, eta epe horretan asko alda daitezke kostuak eta baldintzak: «Ez da batere arraroa eraikuntza baimen bat lortzeko epea bi urtez atzeratzea. Guk zorroztasun bera nahi dugu, baina tramitazio arinago batekin».

-%1,4

Langile kopurua zenbat txikitu den Iazko urte amaieran 55.400 langilek ziharduten eraikuntzan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: urte hasieran baino %1,4 gutxiago dira horiek. Bizkaian nabarmenagoa izan zen jaitsiera: -%5. Arrazoi nagusia erretiroa izan zen, eta asko autonomoak ziren, normalean lan txikiak egiten dituztenak. Ascobik ikusi du arazo handia dagoela horrelako premiak asetzeko.

Izan ere, etxe merkatua mugitzen ari da. Ascobiren arabera, iaz hiru lurraldeetan 23.173 etxe saldu ziren, 2023an baino %11,9 gehiago. Horien %80 bigarren eskuko etxeak ziren, eta %20, berriak.

Prezioari dagokionez, etxe berrien metro koadroaren prezioa %2 igo zen —4.003 euro metro koadroko— eta bigarren eskukoarena, %3,85 —2.993 euro metro koadroko—. Etxe berriak 240 egunean saldu ziren batez beste —2023an baino 54 egun gutxiagoan— eta erabiliak, 120 egunean.

«Etxe berri guztiak saldu egiten dira, ez dago stockik. Gauzak hala, erabilitako etxeen bilakaerak markatzen du prezioa», zehaztu du Urrestik. Haren ustez, iazko garestitzea «neurrizkoa» izan zen, eta merkatuaren legearen logikaren barrukoa: «Eskaintza txikia bada eta eskaria badago, prezioek gora egiten dute. Horregatik da beharrezkoa gehiago eraikitzea. Gizarte premia bat da», ondorioztatu du.

herri lan asko lizitatu ezinda

Eraikuntza sektoreak bi ardatz nagusi ditu, etxeak eta obra zibila —herri lanak—. Azken horretan ere errentagarritasun arazo bat dagoela nabarmendu du Urrestik: «Iaz, 93 adjudikazio hutsik gelditu ziren, eta 32 kasutan, onartu zuenak atzera egin zuen. Lizitazio aurrekontuak ez datoz bat obrak egiteak dituen kostuekin». Sektoreko bozeramaileak zehaztu du hutsik gelditu diren lan gehienak udal egitasmoak direla: kiroldegiak, herri bideak... Iaz, Bizkaian, 287 milioi euro lizitatu ziren obra zibileko lanetarako, eta 193,5 milioi adjudikatu: guztiaren %67,3.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.