Pablo Lizarraga. Eragin gazte prekarioen plataformako kidea

«Eragin-ek tresnak ematen dizkie gazteei borroka egiteko»

Gazte prekarioen egoera iraultzeko asmoz sortu zen Eragin plataforma. Orain, sindikatuekin elkarlana abiatuko dute, «haiek iristen ez diren eremuetan» lan baldintzen alde borrokatzeko.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Langile gazteek jasaten dituzten baldintzak salatzeko eta egoera hori iraultzeko sortu zen Eragin gazte prekarioen plataforma, duela hiru urte inguru. Denbora tarte horretan, sindikatuak iristen ez diren sektoreekin lan egin dute: ostalariekin, Deliverooko edo Glovoko banatzaileekin, eta BBK Liveko zerbitzariekin, adibidez. Apustu etxeen aurkako kanpainak ere landu dituzte. Atzo, No es lo que hay izeneko jardunaldia antolatu zuten Bilboko Karmela gune autogestionatuan, eta sindikatuekin batera lan egiteko proiektu berri bat aurkeztu zuten: Piztu Alarma. Eragin-en eredua Bizkaiko beste herrietara hedatzeko asmoa ere jorratu zuten.

Eragin-en antolatzeko modua hedatu nahi duzuela diozue. Zein behar dago horretarako?

Guk gure hirian gazteek pairatzen zituzten gatazkei eta arazoei aurre egiteko bideak garatu ditugu. Sindikatu tradizionalak iristen ez diren eremuetara ailegatzeko eta tresnak emateko sortu zen Eragin plataforma, baina ez bakarrik lan gatazkei lotuta. EAJren eta PSE-EEren hiri eredu neoliberalaren aurkako mugimenduak bultzatu ditugu. Gazteriak lanean eta herritar gisa pairatzen dituzten arazoetan presente egoten saiatu gara. Beste herrietan gai edo arazo partikularrak izango dituzte, eta euren artean ikusiko dute zein dinamika sortu beharko duten. Baina helburu orokorra hori da: gazteria antolatzea, eta langile kontzientzia hori bereganatzea.

Klase kontzientzia ez al dago hain presente sindikatuak iristen ez diren eremuetan?

Ikusten genuen gazte mugimenduan borroka asko sortu zirela, batez ere feminismoaren inguruan. Baina gazteon aktibazioa langileen borroketan murriztuago ikusten genuen, eta hori horrela da prekarizazioaren eraginez, klase kontzientzia hori ahuldu delako. Desideologizazio oso nabarmena egon da azken urteotan. Neoliberalismoaren garaipen ideologikoagatik langile kontzientzia sortzea gero eta zailagoa da, herritarren indibidualismoa handiagoa baita. Eta horrek klase proiektu bat sortzeko aukera ahultzen du. Gaur egungo lanbide berrietan, batez ere autonomo faltsuetan, kontzientzia hori bereganatzea zailtzen dute, eta baita antolatzea ere.

Nola antolatu zarete sektore horietan?

Printzipioz, gaur arte autonomo faltsuko gatazketan eta ostalaritzan sartzen saiatu gara. Oso prekarizatuta daude, eta Eragin-en bidez batzar paraleloak sortu ditugu. Eragin-en sartzen direnek jakin behar dute eurek egin behar dutela euren borroka, eta ez garela sindikatu bat legezko aholkularitza bat emateko. Tresnak ematen dizkiegu borroka hori egiteko.

Kontzientzia eduki behar dute plataformara inguratzen direnek?

Bai, dagoeneko ez da lehen bezala, fabrika batean bizitza osorako lanbidea zeukatela beharginek. Gazteek bere lanarekiko duten ikuspegia aldatu denez, zaila da bere burua arriskatzeko asmoa edukitzea. Euren egoera dagoeneko larria dela ikusten dute, eta zailtasunak dituzte konpromisoei eusteko. Prekarizazioak dakarren antolatzeko zailtasunak eragiten du hori.

Hori da prekarizazioaren bereizgarria: lanbide ez-tradizionaletan antolatzea zailagoa dela.

Bai, eta hori Eusko Jaurlaritzaren datuetan ikusten da, 25 urtetik beherako langileen soldata azken urteetan %21 jaitsi baita, eta soldata handienak %10 igo. Hori ere erakundeen politiken emaitza da, baina baita langileen errealitate aldaketen emaitza ere. Antolatzeko baliabideak eta aukerak larriagoak badira, enpresak dituen etekinak igo egingo dira, eta kaleratzeko erraztasun handiagoa dute. Erakundeen laguntza dute horretarako, eta kontrabotererako aukerak murriztu egiten dira.

Eragin-en funtzioa gazteak ahalduntzea da?

Bai. Hain zuzen, orain aurkeztu dugu Piztu Alarma izeneko tresna berria. Sindikatuekin batera, langileei eta talde gatazkei buruzko erantzuna emateko tresna izango da. Hurrengo hilabeteetan sindikatuekin garatuko dugun proiektua da, ez bakarrik kontzientzia garatzeko, baizik eta emaitzak ekarriko duen erantzuna prestatzeko.

Kontzientziaziotik harago urrats bat gehiago egingo duzue, beraz.

Bai, Eragin asmo horrekin sortu zen: gazte langileek pairatzen dituen baldintza penagarriak suntsitzen hasteko. Kontzientzia, noski, garrantzitsua da, baina ideologikoki ez bagaude indartsu, ezin da erantzunik eman. Gure errealitatea hobetu eta duindu nahi badugu, borroka beste biderik ez dago.

Zein sindikaturekin jarri zarete harremanetan?

Oraingoz sindikatu handienekin: LAB, ELA, CCOO eta Steilas. Saiatu gara guztiekin batu eta gure ideiak aurkezten. Oraingoz, erantzuna oso ona izan da, eta espero dugu hemendik aurrera dauzkagun ideiak errealitatera eramatea. Hain zuzen, Eragin, sindikatuak iristen ez diren esparruetara mugitzen ari da, baina ez sindikatuen alternatiba gisa. Argi daukagu betiko antolakuntza moduak funtsezkoak direla langileen borroka garatzeko, eta guk gure tresnak aurkeztu nahi ditugu halako kooperazioa martxan jartzeko.

Sindikatuek hutsune batzuk dituzte sektore batzuetan. Hutsune hori betetzera doa elkar laguntza hori?

Bai. Gu gazte asanblada bat gara, eta hainbat gauza lortu ditugu urte hauetan guztietan. Baina ikusten dugu errealitatea oso gogorra dela ostalaritzan, edo autonomo faltsuetan. Are gehiago sindikatzeko ezintasunak dituzten esparruetan. Guk gure kapital politikoa eta tresnak dauzkagu. Batzuetan mugatuak, eta, horregatik, ezinbestekoak dira betiko sindikatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.